Udalbiltzak eta EH11Kolorek aniztasunari buruzko ekimena bultzatuko dute, elkarlanean
Gara, , 07-05-2014Udalbiltzak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu du EH11Kolore elkartearekin, eta horren bidez, 8.000 euroko diru laguntza emango dio ‘Euskal Herri anitzarentzat adostasunak’ ekimena garatzeko. Gainera, Udalbiltzako adituen sarean parte hartuko du EH11Kolorek, udal eta udal hautetsien biltzarrari aholku emanez Euskal Herritartasuna lan ildoaren gainean.
Xabier Mendiguren eta Xose Estevez EH11Kolore elkarteko bozeramaleek eta Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak aurkeztu dute hitzarmena, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean egindako agerraldi batean.
Hitzarmena Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren ‘Euskal Herria sendotzen’ programaren barrenean kokatzen da. Programa horren bidez, Udalbitzak akordio estrategikoak sinatzen ditu beste eragile nazional batzuekin. EH11Kolore elkartearekin sinaturiko hitzarmena ‘Euskal Herria sendotzen’ programaren barrenean sinatu den zazpigarrena da.
Horrela, 2014. urtean EH11Kolorek ‘Euskal Herri anitzarentzat adostasunak’ izeneko ekimena jarri du abian, eta Udalbiltzak, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez, 8.000 euroko diru laguntza emango du aurten proiektu hori finantzatzeko.
Halaber, EH 11 Kolorek, bere aldetik, Udalbiltzako adituen sarean parte hartuko du, udal eta udal hautetsien biltzarrari aholku emanez Euskal Herritartasuna lan ildoaren gainean.
Lankidetza hitzarmen hau 2014an garatuko da, eta oinarri batzuk eskainiko ditu kultur aniztasuna Euskal Herrian kudeatzeko moduari buruzko eztabaida bat irekitzeko. Helburua da eztabaida hori kalera eramatea, ikastetxe eta erakundeetara, herri mugimenduetara eta, oro har, Euskal Herriko jendartera, bakoitzaren jatorria zein den kontuan hartu gabe.
Horrez gain, Udalbiltzak Euskal herritartasuna izeneko lan ildoan txertatuko ditu EH11Kolore elkarteak bultzatutako eztabaidaren ondorioz eragile politiko, sindikal eta sozialen artean sortutako adostasunak.
(Puede haber caducado)