MARK LATTINGER. MINORITY RIGHTS GROUPEKO ZUZENDARIA

«Beste estatuen esku hartzea eragotzi ezean, alferrik dira bake misioak»

Berria, , 02-05-2014

S. VELTE

Kongoko Errepublika Demokratikoan dago Nazio Batuen bake misio handiena, baina, hala ere, genozidio arrisku handiena duten herrialdeen artean dago Minority Rights Groupen zerrendan. Afrika erdialdeko kasu esanguratsuenetako bat da: natur baliabide ugari, inguruko —eta urruneko— hainbat gobernuren interesen erdian, eta bertako administrazioa sendotzeko aukerarik ez. Mark Lattinger MRGko zuzendariak ongi ezagutzen du egoera.

Zer hartu behar da kontuan Kongoko gatazka ulertzeko?

Bi faktore erabakigarri daude: alde batetik, inguruko estatuek etengabe babestu eta finantzatu dituztela talde matxinoak, batez ere ekialdean, bertako natur baliabideak eskuratzeko asmoz. Gobernuko instituzioak oso ahulak dira, eta, gainera, aldiro-aldiro talde armatu horietako kideak armadan sartu izan ditu, unean uneko bake akordioen bidez. Ondorioz, giza eskubideen urraketa larriak egozten dizkieten soldaduz beteta daude estatuko Indar Armatuak.

Zein da NBEren bake misioaren funtzioa?

Hasieran misio behatzailea zen nagusiki; gero, giza laguntza koordinatzeaz arduratzen zen. Iaz, lehenengo aldiz, aktiboki aritu zen matxinoen aurka, eta lortu zuen zerbait. Baina ez da nahikoa: ez dauka gaitasunik atzerriko gobernuen esku hartzea eragozteko, eta hori lortzen ez duen bitartean, alferrik da bakea zaintzeko misio bat izendatzea: ez dago zaintzeko bakerik.

Nazioartearen kontzientzia lasai uzteko modu bat izan daiteke bake misio zabal baina ahul bat igortzea?

Nazioarteak sarri kritikatu ditu inguruko estatuak, baina oso motela izan da haiei presio egiterakoan. Iaz apur bat estutu zuen Uganda, M23-koen matxinada geldiarazi zezan, baina ordurako oso berandu zen. Nazioarteko komunitateak serioago hartu behar du inguruko herrialdeen esku hartzearen garrantzia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)