Etorkinak artatu ahalko dituzte Nafarroan
Legeari helegitea jarria dio Madrilek, baina gaia aztertu bitartean osasun zerbitzua bermatzeko agindu du auzitegiak
Berria, , 16-04-2014Erredakzioa Iruñea
Paperik gabeko etorkinei zerbitzu eman ahalko diete Nafarroako erietxeetan, Espainiako Gobernuak jarritako mugarik gabe. Osasunerako eskubidea bermatzeko Nafarroako legea aztergai du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina, erabakia hartu arte, eriak artatzen segituko dute.
Espainiako Gobernuak jarria dio helegitea lege horri, uste baitu Espainiako Osasun Ministerioak zehaztutako neurrien kontrakoa dela —ministerioak ohiko osasun zerbitzutik kanpo utzi ditu paperik ez daukaten immigranteak, soilik larrialdietara joateko aukera lagata—. Espainiako Gobernuaren salaketa tramiterako hartu zuenean, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zuen Nafarroako legea, baina alegazioak jarri zizkioten erabaki horri Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak, eta aintzat hartu ditu auzitegiak: sententzia kaleratu arte, etorkin paperik gabekoei ohiko zerbitzua eman ahal izango diete Nafarroan.
Konstituzionala ez da sartu auziaren muinean, baina ohartarazi du osasunerako eskubidea lehenetsi beharra dagoela: «Neurri horiek eragindako pertsonen osasun eskubideak eta gizartea osasun arriskutik saihesteak garrantzi berezia dute konstituzioan; ezin dira urratu aurreztu egin behar dela esanez». Auzitegiaren esanetan, izan ere, Nafarroako legeari jarritako helegitean Espainiako Gobernuak ez du argudio sendorik erabili, ez baitu dirutan zehaztu zenbateko aurrezkia ekarriko lukeen etorkinak osasun zerbitzutik kanpo uzteak. Auzitegiak, hori ikusirik, zalantzan jarri du aurreztea lortuko litzatekeen.
«Balizko aurrezkiaz» mintzatu dira epaileak autoan: «Ez dago aski frogatua etorkin irregularrei doako osasun zerbitzua emateak aurrekontuan kaltegarritzat jotzeko adinako kaltea ekarriko lukeela». Madrilen beste argudio bat da pertsona horiek ez direla geratzen zerbitzurik gabe, larrialdietara jo dezaketela. Auzitegiaren iritzian, ezin dira parean jarri ohiko zerbitzua eta larrialdikoa.
Sendagairik ez
Nafarroako Parlamentuak iazko otsailean onartu zuen osasunerako eskubidea bermatzeko legea, UPNren eta PPren ez beste talde guztien babesarekin. Legearen puntu nagusia da osasunerako eskubidea bermatzen diela Nafarroan bizi diren pertsona guztiei.
Auzitegi Konstituzionalak baimena eman du puntu nagusi horrek indarrean jarrai dezan, baina ez ditu egoera berean utzi legearen artikulu guztiak. Nafarroan bizi diren pertsona guztiek sendagaiak erosteko laguntzak izan behar dituztela adostu zuten legean, eta Konstituzionalak ez du baimendu atal horrek indarrean jarraitzea. Izatez, botikei buruzko laguntzen legea ere helegitea jarrita dago auzitegian, eta bertan behera utzita. Epaia iritsi arte, ez dute laguntzarik izango hortaz. Osasun arreta jasoko dute, ordea.
(Puede haber caducado)