Legez kanpoko migrazioaren aurkako neurriei eutsiko diete EBk eta Afrikak

Mediterraneotik heltzen direnak giza trafikoaren biktimatzat jo dituzte; horren aurka egitea adostu dute

Berria, SAMARA VELTE, 04-04-2014

Espero moduan amaitu da Europako Batasunaren eta Afrikaren arteko laugarren goi bilera: alde guztiek sinatutako hiru urterako konpromiso idatzi batekin. Legez kontrako immigrazioaren aurkako neurriak hartzea hitzeman diote elkarri Europako gobernuetako ordezkariek eta Afrikako estatu nagusietakoek; hori guztia, «interes komuna» eta «migranteen bizitzaren babesa» argudiotzat hartuta.

Afrikatik legez kanpoko bideetatik heltzen saiatzen diren pertsonak giza trafikoaren biktimatzat jo dituzte Bruselan bildutako gobernuburuek. Datozen hiru urtetarako lan ildoetan, arreta berezia emango diote gai horri, «esklabotza modernoa» dela iritzita. «Migratzaileen oinarrizko eskubideekiko errespetua dago gure elkarlanaren oinarrian, haien egoera edozein izanik ere», dio goi bileraren amaieran sinatu duten komunikatuak.

Hala ere, ez dute ezkutatu nolako etorkinak nahiago dituzten Europan. Haiek «berrikuntzarako eta garapenerako subjektu» izan daitezen, legezko bideetatik migratzeko aukerak eskaini behar zaizkiela dio agiriak; horretarako, Afrikako unibertsitateetako ikasleentzako mugikortasun programak hedatzea adostu dute bi aldeek. «Europara datozen gazteek ez dute itzuli nahi; beste batzuk hil egiten dira hona ailegatu nahian», esan du Clarice Dlamini Zuma Afrikako Batasuneko batzordeko presidenteak: «Gazte horietan inbertitzen badugu, ez dira Lampedusatik helduko; aireportuetatik sartuko dira, eta ongi etorriak izango dira».

Prebentziorako neurriak

Hilabete honetan bozkatuko du Europako Parlamentuak Frontex mugen zaintzarako misioa zabaltzeko zuzentaraua. Migratzaileak itsasoan gelditu, kontrolatu eta beste herrialde batera eramateko baimena ematen die legeak. Orain arte, halako kasuak arruntak ziren, baina batez ere etorkinak hartzen zituzten hegoaldeko kostako estatuetako segurtasun indarrek egiten zituzten: Espainiakoek, Italiakoek eta Greziakoek, besteak beste. Orain, EBren mugako zaindariek ere izango dute horretarako eskumena.

Gaia gainetik baino ez dute aipatu Bruselako goi bileran. Legez kanpoko immigrazioari «aurre hartzeko», mugak indartzeaz mintzo da komunikatua, baina baita iheslarien babeserako neurriak hartzeaz ere. «Arriskurik gabeko igarotze estatu» deitzen dietenetan dago gakoa: haietara bakarrik eraman ditzake Frontexek itsasoan topatutako paperik gabekoak, euren herrialdeetara itzuli ezin dutenean. Bruselak Afrika iparraldeko herrialdeen gain utzi nahi du errefuxiatuentzako babes sistema eraikitzeko ardura; horregatik, bi kontinenteen arteko elkarlanaren ardatzetako bat izango dira Tunisia eta Libiaren gisako herrialdeekiko harreman diplomatikoak.

Bruselarena da hitza

Bi egunetan ebatzi dituzte hiru urterako politikak; oro har, eztabaida handirik gabe. Afrika eta Europa batzen dituzten «erronka komunez» mintzatu direla azaldu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak; besteak beste, langabeziaz, osasunaz, klima aldaketaz eta energia segurtasunaz. Batzordeak 800 milioi euroko garapenerako laguntza emango dio datozen bi urteotan Afrikari: «Inoiz baino beharrezkoagoak gatzaizkio elkarri». Baina Afrikako lerroak Bruselaren kartaboiarekin marrazten dira oraindik. ActionAid gobernuz kanpoko erakundeak «merkataritzako eta garapenerako politiken hipokrisia» alde batera uzteko eskatu dio EBri: «Afrikan jarduten duten enpresa multinazionalei zergak beste herrialdeetan ordaintzen uzten diete, eta diru sarrera horiek galarazten dizkiote Afrikari».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)