Eskuin muturra lotu ezinik
Legez kanpoko taldeak desarmatzeko agindua eman du Kievek, eskuin muturreko ekintzaile batek hiru lagun zauritu ostean Eskuin Sektoreak uko egin dio armak uzteari, «egoera aldatzen ez den bitartean»
Berria, , 02-04-2014Bidelagun izandakoak zama bihurtu zaizkio Ukrainako behin-behineko gobernuari. Viktor Janukovitx lehen ministro ohiaren kontrako protestetan besoz beso ibili ziren arren, gaur egun gobernuan dauden alderdien eta eskuin muturreko taldeen arteko harremanak gaiztotu egin dira pixkanaka-pixkanaka. Atzo, «legez kanpoko talde armatu guztiak desarmatzeko agindua» eman zien Ukrainako Rada Gorenak —Parlamentuak— Barne Ministerioari eta herrialdeko segurtasun indarrei.
«Ukrainako indar armatuetako kideek, Guardia Nazionalak eta SBU estatuko segurtasun zerbitzuak soilik erabil ditzakete armak. Erakunde horietako kideak izan ez eta armak daramatzaten pertsonak saboteatzaileak dira, eta Ukrainaren kalterako ari dira lanean», esan zuen Oleksandr Turtxinov jarduneko presidenteak atzo, Radaren goizeko lan saioaren ostean. 445 diputatuetatik 256k eman zuten proposamenaren aldeko botoa.
Izan ere, Kievek agertu nahi duen irudi europazale eta demokratikoa lohitzen duen orban itsusia da talde neonaziekiko harremana; batez ere, maiatzaren 25ean egitekoak diren hauteskundeen bezperetan. Ukraina Mendebaldera hurbildu nahi duten atzerriko potentziek ere argi ikusten dute hori: iragan den astelehenean, oharra argitaratu zuten Alemaniako, Frantziako nahiz Poloniako Atzerri ministroek, eta eskuin muturrarekiko loturak eteteko deia egin zioten gobernuari. «Ukraina premiatu nahi dugu beharrezko urratsak egin ditzan desarmatze prozesua bizkortzeko, indarraren erabileraren monopolioa Estatuaren eskuetara itzularazteko eta bere burua muturreko taldeetatik urruntzeko», dio agiriak. Esan eta egin. Oharra argitaratu zenetik ordu gutxira onartu zuen Rada Gorenak talde armatuen kontrako legea.
«Frontean» jarraituko dute
Kieveko talde neonazien artean, Eskuin Sektorea da kide gehien duena, eta baita armak uzteko oztopo gehien jarri duena ere. Ukrainako Parlamentuak atzo onartutako ebazpenak atea zabaltzen dio alderdi ultraeskuindarra legez kanpo uzteko aukerari, «desarmatzeko aginduari uko egiten badio». Eskuin Sektoreko buruzagiek, alta, ez dute men egiteko inolako asmorik, eta «frontean»jarraituko dutela erantzun diote gobernuari. «Gerra Ukrainatik aldentzen ez den bitartean, Eskuin Sektorea fronteko lubakietan izanen da, estatua defendatzen. Eta gure etsaietako askok badakite hori», adierazi zuen Ihor Mazurrek, alderdiak Kieven duen buruzagiak, 112 Ukraine telebista katean.
Mazurrek gaineratu zuenez, Eskuin Sektoreak erabiltzen dituen arma gehienak «pertsonalak» dira, eta, beraz, ez dute horiek itzultzeko beharrik: «[Gobernuko] inork ez digu armarik eman; beraz, ez diezagutela esan gurea dena itzuli behar dugula. Eskuetan ditugun arma gehienak erregistraturik daude, eta gainontzekoak lagunek utzitakoak dira. Ehiztariak diren lagun asko ditugu, eta, logikoa denez, su armak dituzte. Dagoeneko, itzuli dizkiegu. Inork ez ditu horiek erabili jendea zauritzeko edo hiltzeko. Geure burua defendatzeko bakarrik erabili ditugu».
Izan ere, eztabaida piztu da Ukrainan, baimenik gabeko fusilen eta pistolen inguruan. Ukrainako Barne ministro Arsen Avakoven esanetan, 3.000 su arma baino gehiago daude gaur egun Ukrainan, «zirkulazioan eta inongo kontrolik gabe». Ministroak atzo azaldu zuenez, segurtasun indarrek hainbat operazio egin dituzte egunotan armak konfiskatzeko, eta horietan, baimenik gabeko 8.000 arma atzematea lortu dute, baina asko gelditzen dira oraindik talde armatuen eskuetan. «Ukrainako egoera egonkortu nahi badugu, ezinbestekoa izanen da ekintzaileen borondatezko desarmatzea», gaineratu zuen ministroak.
Ultrak, Kievetik kanporatuak
Askoren irudiko, egoerak gainezka egin dio Ukrainako Gobernuari, orain arte zailtasun handiak izan baititu Maidan plazako protesten arrimura hazitako talde neonaziak kontrolatzeko. Azken asteetan, asko izan dira Eskuin Sektoreko ekintzaileek piztutako istiluak. Herenegun gertatu zen azkena: ultraeskuindar batek tiro egin zuen Kieveko hirigunean, eta hiru pertsona zauritu zituen.
Poliziaren arabera, Khrextxatik kalean piztu ziren istiluak, Eskuin Sektoreko eta Maidan plazako autodefentsa taldeetako ekintzaileen arteko borrokaldiaren ondorioz. Gatazkaren erdian, Eskuin Sektoreko kide bat tiroka hasi zen, haren alderdikide zenbaitek arma kentzea lortu zuten arte. Kieveko administrazioko buruzagiorde Bogdan Dubas izan zen zaurituetako bat; beste biak, autodefentsa unitateetako ekintzaileak.
Tiratzailea Dnipro hotelera eraman zuten berehala —hori izan baita Eskuin Sektorearen egoitza nagusia azken asteetan— baina ezin izan zuten gertakaria isilpean gorde, Poliziari hots egin baitzioten auzoko bizilagunek. Ordu gutxiren buruan, segurtasun indarrek inguraturik zuten hotela. Tratu bat egin zuten ultraeskuindarrekin: tiratzailea entregatzearen eta armak uztearen truke, Kievetik «segurtasun osoz» alde egiteko aukera eman zieten poliziek.
Ukrainako hedabideen arabera, autobus batean alde egin zuten Eskuin Sektoreko kideek. Kievetik kanpora eraman zituzten, alderdiaren beste egoitza batera. Bien bitartean, Khrextxatik kaleko tiroketaren ustezko egilea atxilotu zuten poliziek, eta miaketa egin zuten Dnipro hotelean. Fusilak, pistolak eta etxean egindako lehergailu bat aurkitu zituzten han.
(Puede haber caducado)