«Hiltzeko beldurrak ikuspegia zabaltzen du»
Herta Muller Nobel saridunak ireki du aurtengo Gutun Zuria jaialdia; mugen inguruan hausnartu du
Berria, , 28-03-2014Mugak. Muga fisikoak, herritarrak banatu eta jendearen joan-etorriak oztopatzen dituztenak. Eta bestelako mugak, hesi eta zaindaririk gabeak baina, askotan, muga fisikoak bezain iragangaitz suertatzen direnak. Mugako kontakizunak da aurtengo Gutun Zuria literatur jaialdiaren goiburu eta gaia, eta mugaldeko idazle bati, Herta Muller (Nitchidorf, Errumania, 1953) Nobel saridunari, egokitu zaio jaialdiari hasiera ematea, Cecilia Dreymuller idazle eta literatur kritikariarekin izandako solasaldi batekin.
Lehenago, hedabideen aurrean agertu zen Muller, Lydia Cacho eta Kirmen Uribek lagunduta, eta Bilboko literatur jaialdiaren antolatzaileekin batera. Ezin bestela izan, eta komunikabideen aurrean egindako agerraldian ere mugak izan zituen hizpide. Kontzeptu horrek Europako mendebaldeko herrialdeetan sortzen duen «lilura» horri kontrakarrean, mugak bestelako konnotazioak ditu Mullerrentzat: «Guretzat, muga heriotzaren zerrenda izan da, hildakoen, tirokatuen eta zakurrek zafratuen oihartzuna dakarrena. Ez du liluragarritik ezer; aitzitik, izugarria da».
Nicolae Ceaucescuren diktaduraren garaian, Errumania eta orduko Jugoslavia banatzen zituen Danubio ibaia trenetik ikusten zuenekoa ekarri zuen akordura: «Ibaiaren bestaldean zeudenak guri begira paratzen ziren. Trenean isiltasun erabatekoa egiten zen, eta pertsona haiek pentsatzen ari zirena ere entzun zitekeen. Guretzat, hori zen muga: jendea hiltzea, egunero entzutea norbait tirokatu zutela muga zeharkatzen saiatzen ari zen bitartean. Hori du sakoneko esangura».
Putinen kontra
Mullerren eleberrietan behin eta berriro agertzen da totalitarismoaren gaia, eta, bereziki, Ceaucescuren menpeko Errumaniako giro eta bizi-baldintzak. Bilbon ere, «diktaduren» kontra mintzatu zen Muller, eta batez ere oso hitz gogorrak izan zituen Errusiako presidente Vladimir Putinentzat: «Azken hamar urtean, Putinek ideologia nazionalista sustatu du Errusian. Putin KGBren semea da, horretan trebatu da, eta ezin du bestela pentsatu. Bere burua diktadore baten moduan goratu du. Hutsala da Putin Stalinekin alderatzea, zorionez haren parera iristen ez delako, baina pertsonalitatearen kultua sustatu du, eta jarraitzen du Gerra Hotzaren eskemen arabera pentsatzen, horren beharrean dagoelako boteretsu sentitu ahal izateko».
Bereziki, Errusiak Ukrainian izandako jarrera «tamalgarria» deitoratu zuen Mullerrek, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten garaian zegoen «beldurra» eta oraingoa alderatu zituen: «Ekialdeko Europako herrialdeetan, beldurrak sobiet usaina zeukan. Gainerako herrialdeetan kopiatzen zuten SESBn gertatzen zena, kontuak eman behar zizkioten Moskuri. SESB erori da, baina garai hartako artxiboak ez dira zabaldu, ez da garai hartaz eztabaida publikorik egin. Sekulako hondamendia da hori».
«Eta orain gobernuak beldur dira», gaineratu zuen Mullerrek. «Espero dezagun Putinen gosea horretan gelditzea eta herrialde gehiago bereganatu nahi ez izatea, mundu guztiak baitaki horren kontra ezin dela beste gerra baten mehatxua erabili».
Beldurraren kontra idatzi
Zenbaiten aburuz, literatura izan daiteke beldurraren kontrako aterpe. Baina horretan ere, eszeptiko agertu zen Muller. Gogoratu zuen diktadura guztietan «sistemaren esanetara makurtzen den idazle multzo bat» dagoela: «Idazleok ez genuke geure burua besteak baino gehiagotzat hartu behar. Ez gara besteak baino hobeak. Diktaduraren aurrean ahotsa altxatzen badugu, gure duintasunagatik egiten dugu, ez dago besterik».
Mullerrek onartu zuen diktaduraren mende bizi izandakoak akuilu izan zituela idazle bilakatzeko prozesuan, eta egoera beste bat izan balitz beharbada ez zatekeela inoiz idaztera deliberatuko. «Hiltzeko beldurrak ikuspegia zabaltzen du», onartu zuen. «Baina nahiago nuke nire bizitzaren egun bakar bat diktaduraren pean pasatu izan ez banu, horrek ez idaztea ekarri izan balu ere. Orain beste lanbide batean arituko nintzateke, baina, nire ustez, lanbide guztiek berdin balio dute».
Miseriatik ihes eginez mugak zeharkatzen dituztenak ere gogora ekarri zituen Mullerrek, eta arrazoi ekonomikoak «politikoak ere» badirela esan zuen, «politika eta ekonomia elkarri lotuta daudelako».
Hala ere, Alemaniako gobernuaren asmoez galdetuta —sei hilabetean lanik topatzen ez duten atzerritarrak kanporatu nahi ditu Alemaniak—, ez zuen epairik eman nahi izan: «Errumaniar askok, Alemanian lanik topatzen ez dutenean, autonomo gisa ematen dute izena. Ulertzen ditut, ez dut hori gaitzesten. Baina lanik gabe dauden alemaniarrek salatu egiten dituzte, eta hori ere logikoa da. Hor gatazka sortzen da. Zer esan dezaket nik? Ez naiz arazo guztien soluzioa daukan politikaria».
GUTUN ZURIAREN EGITARAUA
• Gaur, martxoak 28: 19:30ean, Lydia Cachoren solasaldia, Lucia Martinez Odriozolarekin. 21:00ean, Lydia Cachoren topaketa irakurleekin.
• Bihar, martxoak 29: 18:30ean, Txomin Peillen solasaldia, Arantxa Iturberekin. 20:00ean, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinen solasaldia, Iñaki Mendizabalekin. 21:00ean, Jainko txiki eta jostalari hura emanaldia. 21:30ean, Uribe, Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalen topaketa irakurleekin.
• Etzi, martxoak 30. 19:30ean, Claudio Magrisen solasaldia, Marisa Blancorekin. 21:00ean, Claudio Magrisen topaketa irakurleekin.
• Apirilak 28. 19:00ean, haurrentzako antzerkia. 20:00ean, Gao Xingjanen Le deuil de la beute filmaren proiekzioa.
(Ekitaldi guztiak Bilboko Alondegian izango dira).
(Puede haber caducado)