Neonazi patruilak Kieven

Eskuin muturreko taldeek zatituta daukate hirigunea, «atzerritarrei, homosexualei, komunistei eta errusiarrei» bidea ixteko Kieveko kaleetan Eskuin Sektorearen gisako talde paramilitarrek dute benetako agintea

Berria, UNAI ARANZADI KIEV BERRIEMAILE BEREZIA, 28-03-2014

Gauerdia da Kieven, eta Independentzia plazako kantoietako batetik —Euromaidan izenez ezagunagoa egun— agertu da kaputxadunen zutabea. Hirurogehiren bat dira, arropa militarra, balen aurkako txalekoak, altzairuzko barrak, kaskoak eta pistola biltzeko kartutxerak agerian. Hemen hasi ziren, azaroaren 21ean, Ukraina Europako Batasunarekin elkartzeko mobilizazioak. Orduan hasitakoak Viktor Janukovitxen aurkako estatu kolpea izan du gailur. Presidente hautatua zuten herritarrek, baina ustela ere bazen Janukovitx.

«Borrokalari brigadak» deitzen die Oleksandrek armak hartutako gizon talde hauei. Kievekoa da. Dioenez, pareko brigadak gauerdian hasi eta goizeko seietan bukatzen du lana. Eta ez da zutabe bakarra Kieven. Eskuin muturreko talde bakoitzak ditu bereak, eguneko hogeita lau orduetan ikus daitezke inguruotan. «Kieveko gune historikoa zatituta daukate, atzerritarrik, komunistarik, homosexualik eta errusiarrik ez dela agertuko ziurtatzeko», Oleksandren arabera. Bere buruari buruz, hau dio: «Ordena eta ohorea behar dituen Ukraina batu eta diziplinatu baten babesle soila naiz».

Duela hainbat egunetik hona, Interneten ikusgai dira oinezko soilen, kargudun publikoen eta armadako tanke baten aurka egindako «garbiketa operatibo» bortitzen bideoak. Hirigune erdian pasieran ageri dira irudiotako garbitzaileak, Svobodako bandera ikusgai. Alderdi neonazi hori egungo gobernuan dago, lehen ministrorde bat eta hiru ministrorekin. Estatuko fiskal nagusia, bost probintzia gobernadore eta beste hainbat kargudun publiko garrantzitsu alderdi horretako kide dira.

«Horiek ez dira borrokan ari diren bakarrak, ordea. Gu haiek bezain abertzale gara. Gehiago akaso. Svobodako militante asko, hain zuzen ere, gure mugimendura aldatu dira». Mikola ari da hizketan. «Espioi atzerritarren etorrera eragoztea» du lana Independentzia plazan. Arropa militarra du soinean. 9 milimetroko Makarov bat omen dauka ezkutatuta eta irrati transmisore bat paparrera itsatsia. Eskuin Sektorea alderdi berriko kidea da, eta argi utzi du bere helburua: «Gure iraultzarentzako mehatxua izan daitekeen edonorengana hurbiltzen naiz galderak egitera».

Vodka hatsa dario, baina buru-argi ageri da. Orain artean lagungarri izan dituzten aliantzak zerrendatu ditu. «Europako Batasuna aldeko izan dugu, eta ona litzateke aurrerago hor sartzea. Horregatik ipintzen dituzte batzuek izartxoak gure armarri nazionalaren bueltan. Gu hirugarren bidearen aldekoak gara, baina hori bai: NATOren barruan betiere. Amerikarrek lagunduko baligute, Errusiaren aurka ere borrokatuko ginateke».

Svoboda alderdi nazionalsozialista inoizko aparraldirik handienean dago orain, baina 90etatik ari da lanean Alderdi Nazional Sozialaren siglen pean. Beste batzuk, Eskuin Sektorea kasu, joan den azaroko lehendabiziko protesta europazaleen berotan ernatu ziren; alderdi horrek egun bost milatik gora kide entrenatuta eta hornituta dauzkala diote adituek. Svoboda neonaziak, aldiz, urteak daramatza erakundeetan, eta ez da azken matxinadatik sortu.

Joan den urte bukaeratik, ordea, bai batzuk bai besteak azaltzen zaila den neurrian artikulatu, finantzatu eta hedatu dira. Ukrainako zerbitzu sekretuen buru ohi Oleksandr Jakimenkoren arabera, dibisa asko banatu dituzte zenbait enbaxadaren bitartez, «diru-emaile atzerritarren ekarpenei esker. Poloniaren eta AEBen enbaxadetara egin zituzten bisitetan ikusi ahal izan zen hori. Maidan inguruan dolarrak nola aldatu ziren ikustea ere adierazgarria da».

Balen aurkako milaka txaleko, 1.200 dolarretan bakoitza; irrati ekipoak komunikatzeko; «brigada» guztiei jaten emateko guneak; Euromaidanean erabili zituzten errifle teleskopikoak… Diru asko behar da guztiak ordaintzeko, gehiegi bazterretik eta langabeziatik sortutako taldeentzat.

«Sofia abertzalea» deitzen diote jateko gune horietako batean kafea, zopa eta ogitartekoak eskaintzen dituen emakumeari. Kantinotan neonazi milaka batzuk elikatzen dituzte egunero eta orduro. Bertan zerbitzatzekoa nondik datorren galdetuta, labur erantzun du Sofiak: «Jende askok maite gaitu, hemen zein kanpoan».

Euromaidaneko plazan kaki koloreko kanpadenda zerrendak, paramilitarren guneak berotzeko galdara ibiltariak, etxeak adina garai diren barrikadak, hogeita lau orduz janaria prestatzeko suak eta zelatari gazte zein helduz beteriko eraikin okupatuak tartekatzen dira. Kasko militarrak, buru estalkiak eta besaburuetatik zintzilikatutako errosarioak gurutzatzen dira nonahi.

Orain artean administrazio publikoaren eraikina izan deneko atean, Eskuin Sektoreko gizonak hordituta daude dagoeneko, eta sarrera babesten duten lur zakuen gainean utziak dituzte beren makilak eta ezkutuak. Aztoratuta daude, eta «iraultza» deitzen dutenaren bertsio propioa emateko prest. AEBekin eta Alemaniarekin egindako aliantzei eustearen aldekoak dira ia denak. Iraganean bezala, egun ere lotura zuzena dute herrialdeotako alderdi ultrekin. Batzuek, hala ere, nahiago dituzte nazioarteko akordio ez hain estuak, eta «Europako nazioen elkartasuna» dute hizpide. Suediako Nordisk Ungdom, Alemaniako NPD eta Hungariako Jobbik moduko talde neonaziekin estutzen hasi diren harremanak dituzte buruan. Kiev eskuin muturreko erakundeen Meka berria bihurtu da, izan ere.

Metro batzuk aurrerago, plazarako sarrera bat kontrolatzen duen kontrolgune paramilitarra gaindituta, Vasilek «Ukrainako iraultzaren oroigarriak» salgai ditu. Svobodaren ikurrak, Ukrainako eta Europako Batasuneko banderak eta Eskuin Sektoreko pinak tartean. Ikur ultranazionalistok —neofaxista hitza ez esateagatik eufemismo hori erabili ohi da— erosten dituztenak, baina, ez dira mundu osotik etorritako kaskamotzak edo bertako uniformedunak, baizik eta umeak dituzten familiak, probintzietako bisitariak eta Eskuin Sektorearekin eta Svobodarekin bat ez datozela dioten gazteak. «Ez nator bat haiekin, baina abertzaleak dira, eta neurri batean ulertzen ditugu», esan du Nataliak. Arte Ederretako ikaslea eta «Europako Batasunaren balioen» aldeko sutsua da.

Saltokiotan gehien saltzen den gauzetako bat: Stepan Banderaren irudia. Egun Ukrainako Gobernuan dauden askoren ustez, heroi nazionala da Ukrainako Armada Matxinoaren sortzailea. Talde armatu horrek aleman naziekin kolaboratu zuen II. Mundu Gerran poloniarren, komunisten eta, batez ere, juduen aurkako sarraskietan.

Juduena da, hain zuzen ere, Ukrainako Gobernu berriaren menpeko gutxiengoetako bat. Oleksandr Muzitxko Eskuin Sektoreko buruzagi zenak —asteon hil dute, tiroz; argitzeko dago nork— Kalaxnikov fusila eskuan juduen aurkako hitzaldi su-piztailea eman ostean, Dmitri Jaroxekin bildu zen Israelgo enbaxadore Reuven Din El. Eskuin Sektoreko buruzagi ezagunenetako bat da Jarox, eta bileraz geroztik judu komunitatea eta eskuin muturrekoak bakean daude.

Juduen Berri Agentziak argitaratu duenez, berriz, Israelgo armadako hainbat kide Svobodakoen aginduetara aritu ziren Euromaidaneko borroketan. Ukrainar jatorriko israeldarrez osatutako Kasko Urdinak ezizeneko unitate bat ere aipatu du Israelgo Haaretz egunkariak. Bertan jaso dutenez, Kasko Urdinen buruzagiak ez du argitu nahi izan Kieven gobernu sionistaren kontratista gisa edo boluntario gisa aritu ote den. «Ez naiz Svobodakoa, haren aginduetara aritu banaiz ere. Anaien parekoak dira niretzat, eta ez da ahaztu behar protestetan judu asko zegoela». Jerusalem Post egunkari kontserbadorearen arabera, berriz, nazioarteko erakundeetako judu gazteek laguntza logistikoa eskaini dute; «baita barrikadetan ere».

Jarox eta Israelgo enbaxadorea Kieven bildu eta gutxira, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Barack Obama AEBetako presidentearekin elkartu zen Etxe Zurian. Litekeena da Kieveko bileraren helburu bakarra ez izatea juduen aurkako erasoak saihestea. Eskuin Sektoreko buruzagi garrantzitsu bat izateaz gain, Jarox bera Ukrainako Segurtasun idazkariordea ere bada egun, eta kargu hori interesgarria da oso AEBentzat eta Europa mendebaldearentzat, nazioarteko mugimenduak kontuan hartuta.

Goizeko ordu txikiak dira jada. Euromaidanetik hainbat etxe sailetara, Hitlerren Waffen-SS haiek gogoan egindako pintaketak urriagoak dira. Kale ilun batzuk «unitate abertzale txikiek» kontrolatzen dituzte. Lauzpabost gizon hordik osatuta dago bat. Gaur Bodan gaztea dago buruzagi: «Batzuetan sesioan aritzen gara haiekin, baina polizia ia denak dira gure fio. Gu gauden lekuan ez da lapurretarik, ez krimenik. Gu gauden lekuan ordena eta benetako legearekiko begirunea daude». Benetako legea zer ote den galdetuta, Bodanen erantzuna: «Gu gara legea. Estatuko Fiskaltza daukagu Svobodarekin, Nazio Segurtasuna Eskuineko Sektorearekin eta Defentsa Ministerioa Svobodako Ihor Teniukhekin. Besterik nahi al duzu?». Paramilitar taldetxoa aurrera doa, zereginak asmatzeko bidean.

Inguruotan ez da poliziarik ageri. Patruila auto huts bat besterik ez. Aurreko agintarien aurkako iraultza plaza honetatik zilegitu zuen nazioarteko prentsaren hamarrenik ere ez da ikusten. Faxismoa pasieran dabil Kieveko kaleetan, indargabetuko duen poliziarik eta salatuko duen prentsarik gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)