BI AHOTSETARA
Lehendakari beltza
Berria, , 27-03-2014Joan den ostegunean, arrazakeriaren aurkako egunaren bezperan, Urretxuko aniztasunerako eta bizikidetzarako mahaiak pintxopoteo berezi bat antolatu zuen, taberna bakoitzean herrialde ezberdin bateko mokaduak eskainiz. Festari musika kolore pittin bat gehitzeko asmoz, taberna horietako batean disko jartzaile moduan aritu nintzen mundu osoko doinuak zabalduz. Horien artean eta ia beti egiten dudan moduan, Fela Kutiren estasizko abesti luze horietako bat sartu nuen. Eta noski, beti bezain indartsu, dantzagarri eta kitzikagarria suertatu zen.
Sagrario Luna kazetariak 1989an Fela ezagutu eta elkarrizketatzeko aukera eta ohorea izan zuen. Nigeriar mitoak utzi zion arrastoa horren sakona izan zen, une hartantxe biografia bat idaztea erabaki zuen. 25 urtean aritu da aste honetan bertan plazaratu duten Fela Kuti. Espiritu Indómito-ren 600 orrialdetarako informazioa arakatzen eta Felaren obra erraldoiaren begirunez eta maitasun osoz betetzen.
1997an hil zenetik, Sagrario, neu eta beste milaka zalerengan sorrarazten duen mirespena handitu baino ez dela egin esango nuke. «Musika etorkizunaz kargatutako arma da». Denbora aurrera joan ahala biziago eta egiazkoago iruditzen zaizkit haren hitz hauek. Musikari trebe bezain oparoa, afro-beat estiloaren sortzailea, politikari zorrotza eta kolonialismoren aurkako borrokalari sutsua, hizlari boteretsua, karismaz beteriko liderra… Black President-aren irudia amaiezina da, atzo, gaur eta beti.
Fela-ren diskoetan formaren eta edukiaren arteko lotura perfektua ematen da. Afrikar duintasunaren aldeko mezuaren ondoan, Afrikak bere barnetik mundu osoari ematen dion musika harro, boteretsu eta zirraragarria baitago. Oso artista gutxitan eman izan da hori historian zehar. Baina Felaren kasuan, gainera, gaur egun inoiz baino indartsuago dela eta hazten jarraitzeko gaitasun handiagoa duela uste dut. Fela eta oro har Afrikaren garaia iristear dago oraindik…
(Puede haber caducado)