Zirkulazio libredun Europaren alde igandean kalera irtetera deitu dute
Arrazakeriaren aurkako 17. martxa egingo dute, ohikoa izaten den eran: Trintxerpen abiatu eta Donostiaraino joateko
Berria, , 20-03-2014Aurreko urteetako protesta ildoari lotuta, igande honetan ere arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako martxa bat egingo dute Trintxerpe (Pasaia, Gipuzkoa) eta Donostia artean. 17. aldia du ekitaldiak, eta Zirkulatu: Europaireki baten alde izango du lelo nagusia. SOS Arrazakeriak, Medicus Mundi Gipuzkoak eta Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak egin dute mobilizaziorako deia, eta gizarte erakunde askoren —58 guztira— atxikimendua jaso dute. 11:30ean abiatuko da martxa Trintxerpetik, eta 13:00etarako Donostiara heltzea dute asmoa: Bulebarrera.
Europako Parlamentuko ordezkariak hautatzeko bozak egingo dira maiatzean, eta jazoera horren inguruan harilkatu dute, hein handi batean, aurten aldarrikatu nahi duten mezu nagusia. Horretarako motibo sendoak ikusten dituzte. «Europako Batasuneko gidariek eta hura osatzen duten estatuetakoek bultzaturiko politikek islatu duten jokalekuaren barnean, gero eta nabariagoa eta sakonagoa da eskuin muturreko joera populisten presentzia», adierazi dute. «Milaka eta milaka pertsonak dituzten zailtasun ekonomikoetan oinarrituz, jende langile etorkinen aurka berariazko etsaitasuna aldarrikatzen dute, eta xenofobia eta arrazakeria ereiten dituzte». Horren harira, etorkinak legez «diskriminatzeko» saioak ugaritzen ari direla salatu dute. «Iruzur ikaragarria da hori».
Mobilizazioarekin gogoan izango dituzte Melillara (Espainia) eta Lampedusara (Italia) iristen saiatzen diren etorkinak ere. «Antidemokratikoa da migrazio fluxuen kudeaketa politikarako gerrako ikuspegi militarrak erabiltzea», salatu dute. «Eta heltzen diren etorkinak errudun aitortuak balira bezala tratatzea».
Aulkiak, ikur modura
Atzo egin zuten martxaren aurkezpena, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Prentsaren aurreko agerraldi ezohikoa egin zuten, sinboloetan oinarritua. Hamabi aulki paratu zituzten eraikinaren atarian, eta Europara heltzeko hainbat lagunek dituzten eragozpenak ekarri zituzten gogora. Aurten ere, aurreko urteetako lanerako erari lotuta, Donostiako Usandizaga Bigarren Hezkuntzako Institutuko Publizitate Grafikoko goi mailako zikloko ikasleekin jardun dute martxara deitzeko komunikazio kanpaina lantzen, eta haiexek azaldu nahi izan zuten zein zen aulki horien esanahia. «Europako Batasuneko migrazio politikek, diruaren eta merkantzien zirkulazioa eragozten ez badute ere, trabak jartzen dizkiote pertsonen zirkulazioari. Munduko edozein bazterretan egindako aulkia erosi, eta egun gutxiren buruan izan dezakezu etxean. Aldiz, zenbat kostatuko zaio aulkia egin duen pertsonari Europan sartzea?». Galdera horren inguruan eraiki dute gazteek martxarako deia egiteko kanpaina, Europaren barruko kontraesanak agerian uzteko.
(Puede haber caducado)