Analisia
Andina Pereiraren kemenaz
Berria, , 20-03-2014Gizon batek andre bat hiltzen duen aldiro joera berdinak agertzen dira hedabideetan: ustezko erasotzailearen jokabidea justifikatzen da («ez zuen banaketa gainditu»), eta biktimarena kriminalizatzen («ez zuen salaketarik jarri»). Andina Pereirade Britok ez zituen bikotekide ohiaren tratu txarrak salatu. «Beldur» zela edo horretarako «ausardiarik» ez zuela izan argudiatu dute askok, eta, bide batez, andreari egotzi diote hilketaren arduraren parte bat. Aldiz, inor gutxi jarri da Pereiraren azalean, inor gutxik aztertu baitu haren erabakia: emakume kementsua izan zen, tratu txarrak ematen zizkion bikotekidearengandik banatzeko adorea izan zuelako.
Mugimendu feministan parte hartzen duten jurista zenbait hasiak dira auzitan jartzen salaketaren inguruan urteetan igorritako mezuak. Irudi lezake tratu txarrak jasaten dituzten andreek derrigor jarri behar dutela salaketa, bortizkeria egoera horretatik atera nahi badute —eta biktimentzako laguntzak jaso nahi badituzte—. Ordea, praktikak azaleratu du emakumeentzat prozesu judiziala luzea eta mingarria dela; batzuetan haien borondatearen aurka garatzen dela; salatzearen truke hitzematen den laguntza eta babesa, sarri, ez dela heltzen, edo ez dituela andreen arazoak konpontzen; eta emakume batzuk arriskuan jar ditzakeela, auzia judizializatzeak erasotzailearen haserrea areagotu dezakeelako. Hartara, juristek ondorioztatu dute kasu bakoitzaren arabera baloratu beharko litzatekeela salaketa jartzearen eta prozedura judiziala abiaraztearen egokitasuna.
Ildo horretan, argigarria da Bea Ilardia abokatuak BERRIAn azaldutakoa: «Gehienetan, tratu txarrak amaitu egiten dira emakumeek harremana mozten dutenean, salaketa aurkeztu ala ez. Baina emazte ohiari eraso nahi dion gizonak egin egingo du, ez baitago hori saihesteko neurririk, salaketa edo aldentze neurriak izan ala ez». Zigor zuzenbideak genero indarkeriaren aurka jarduteko mugak edukitzeak fokua aldatzea eragin behar luke: gizonek andreen gaineko nagusitasuna barneratzea dakarren sistema auzitan jartzera.
(Puede haber caducado)