Pereiraren hilotza aberriratzeko laguntza ekonomikoa eskatu dute

Emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi dute hainbat hiri eta herritan, mugimendu feministak deituta

Berria, MAITE ASENSIO LOZANO, 20-03-2014

Laguntza ekonomikoa eskatu dute Andina Pereira de Britoren senide eta gertukoek. Astelehenean Mungian (Bizkaia) ustez bikotekide ohiak hildako 35 urteko emakumearen gorpua jaioterrira eraman nahi dute, Brasilera. 10 urteko alaba eta 14 urteko semea ere hara bidali nahi dituzte, egunotan Euskal Herrira heltzekoa den osaba batekin batera. Baina, horretarako, 35.000 erreal behar dituzte, hau da, ia 11.000 euro. Diru kopuru hori biltzeko kanpaina abiatu du familiak.

Biktimaren neba Fabio Britok onartu du Redençao herrian «pixkanaka» ari direla mobilizatzen. «Ez da ziurra kontsuletxeak lagunduko gaituenik, eta segurtasuna behar dugu. Ahalik eta azkarrena ekarri nahi dugu, eta gure ondoan lurperatu», adierazi die berri agentziei.

Espainiako Gobernuak, baina, laguntzeko asmoa agertu du. Ignacio Erize Bizkaiko ordezkaria Tomas Gonzalez kontsularekin bildu zen atzo; aurrez ezarria zuten batzarra, baina Pereiraren «hilketa tragikoak» erabat baldintzatu zuen bileraren edukia. Kontsulari «erabateko kolaborazioa» eskaini zion Erizek, adingabeen dokumentazioarekin lotutako izapideak azkartze aldera, batik bat.

Gaitzespen mobilizazioak

Genero indarkeriaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako lehen emakumea da Andina Pereirade Brito. Hiru urte zeramatzan Mungian bizitzen, eta bere etxean aurkitu zuen hilotz senide batek, itota, astelehenean. Ertzaintzak egun hartan bertan atxilotu zuen haren bikotekide ohia, Zamudioko 35 urteko gizonezko bat, hilketaren egilea zelakoan, eta epaileak espetxeratzea ebatzi zuen asteartean. Genero indarkeriagatik lau aldiz inputatuta zegoen gizona, aurreko bikotekide bati eraso egin ziolakoan.

Pereiraren hilketa irmo gaitzetsi dute erakundeek, eta arbuio horri batu zaizkio herritarrak. Herenegun elkarretaratze jendetsua egin zuten ehunka lagunek Mungiako plazan, eta hura amaitutakoan manifestazioan abiatu zen herrian bizi den Brasilgo komunitatea. Atzo, berriz, gaitzespen elkarretaratzeak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baita hainbat herritan ere, Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak deituta. Indarkeria sexistari aurre egin lelopean, mugimendu feministak gogora ekarri zuen andreen eta gizonen arteko desberdintasunen ondorioa dela bortizkeria hori.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)