Kultura anitz du hodeiak

'Hodei baten bidaia' aniztasunaren inguruko disko-liburua BERRIArekin eskuratzeko aukera izango da bihar. Jatorri desberdinetako 50 lagun inguruk parte hartu dute.

Berria, ARAITZ MUGURUZA, 14-03-2014

Kultur aniztasunak badu hodei baten antza. Zenbat eta gehiago ezagutu jatorri eta kulturak, hura ere handiagotu egiten da. Aniztasuna aberastasun ere badela erakusteko, Hodei baten bidaia liburua argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bihar, BERRIArekin batera eskuratu ahal izango da. Nora liburuko protagonistaren herrian, benetan dute hodeia, eta, hura elikatu nahian, mundua zeharkatzeari ekin dio. Bidean ezagutzen duen jendearen ohitura eta kulturek elikatuko dute hodeia.

Noraren bidaia Eider Zenarrutzabeitiak eta Aitor Gorostizak idatzi dute. Testuak, gainera, Endika Lahaineren haikuak eta Aritz Garciaren marrazkiak ditu ondoan. Istorioa, hala ere, ez dago paperera mugatuta; musikak ere badu garrantzia: bederatzi abestiz osatutako disko bat dauka Hodei baten bidaiak. Horiek osatzen eta abesten, 50 lagunetik gora aritu dira. Jatorriak bezainbeste kultura daudenez, abestien artean ere desberdintasun handiak daude. Kolaboratzaileen artean, Esne Beltza taldeko Xabier Solano eta Zigor DZ, Gozategiko Asier Gozategi, Oskorriko Natxo de Felipe eta Sirokako Maria Rivero aritu dira, besteak beste.

Gipuzkoako Foru Migrazio eta Aniztasun Sailak egin du disko-liburua. «Euskal Herria herri askotarikoa da; hainbat kultura, hizkuntza eta identitatetako jendea bizi da; beraz, aniztasunaren kultura berri bat sortu behar dugu, elkarren aitortzan eta errespetuan oinarritua, herri honetako pertsona guztiak biltzen dituena», azaldu du Marcos Nanclaresek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak. Iazko abenduan kaleratu zuten, baina, jaso zuen harrera onagatik, gehiago zabaltzen ari dira.

Laino baten moduan, Hodei baten bidaia liburua ere bilakaera izaten ari da. Euskarri fisikotik ahozkora igaro du Pello Añorga ipuin kontalariak, eta handik abiatutako kontakizunak egingo ditu Gipuzkoako ikastetxeetan.

NOLA ESKURATU

• Bihar, kioskoan. BERRIA erostearekin batera eta bost euro ordainduta eskuratu ahal izango da disko-liburua.

• BERRIAlagunek, etxean. Aurrez egin dezakete eskaera, (0034) 943-30 43 45 telefonora deituta, edo Internetez, http://www.berria.info/kioskoa atariko Promozioak atalean eskaera eginda, martxoaren 20a baino lehen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)