16-17 urte inguruko mutilak, bertan jaioak eta familia giroan bizi direnak

Adingabeen justiziaren EAEko azken planaren ondorioak kalean dira: etorkinen kasuak urritu dira; neskenak, asko igo

Berria, Arantxa Iraola, 13-03-2014

Adingabeen justiziarekin lotuta, 2008-2012 planaren ondorioak plazaratu zituen atzo arratsaldean Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Josu Erkorekak. Txostena gizarteko eremu aski garrantzitsu baten berri izateko «talaia» aparta dela onartu zuen sailburuak, baina ezin dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nerabeen soziologiari buruzko ondorio orokorrik atera soilik hori oinarri hartuta. Emandako datuetan agerian geratzen da, hala ere, zein den, zertzelada bizkor batean azalduta, arauak hausten dituzten adingabeen soslaia: 16-17 urte dituzte gehienek, mutilak dira—%80—, bertan sortutakoak —%56,8—, eta jatorrizko sendiarekin bizi dira. Adingabe horien gurasoen erdiek lan egonkorra dute. Ezinegona eragin zuten datuok Borja Semper PPko legebiltzarkidearengan. Datuek hainbat «hiri kondaira» urratzen dituztela adierazi zuen. «Ez dirudi desegituratutako familietatik datozen gazteak direnik. Zeren ondorio da soslai hori?».

Egiatan, eskainitako datuek agerian utzi dute, gizartearen parte diren heinean, aldatzen ari dela legeak urratzen dituzten adingabeen soslaia ere: 2008an, esate baterako, atzerrian sortutakoak ziren nerabeen %40, eta lau urteotan %31,5era jaitsi da ehuneko hori. Generoen banaketan ere, zinez deigarria da aldaketa: 2008an, arauak hausten zituztenen %13,1 ziren neskak, eta 2012ko datuetan, %20,2. Horien artean ere, bertan sortutakoak nagusi: %83, hain zuzen ere.

Lapurretak izaten dira deliturik ohikoenak —indarkeria erabiliz egindakoak zein bestelakoak—, eta eragindako kolpadurak. Gurasoei eragindako tratu txarrak ere erruz ugaritzen ari dira. Erkorekak ez du datu zehatzik plazaratu, baina bai kezka eragiteko moduko erreferentzia bat: lau urteotan bikoiztu egin dira. Neskek eragindako urraketetan, era horretako erasoek batez bestekoa «nabarmen» igotzen dute. 2012. urte bitartekoak dira sailburuak emandako datuak, baina ordutik hona ere, bertan atzemandako hainbat aldaketak bere horretan dirautela ikusi dute.

Gehienek ez dute berriz egiten

Ahal dela, adingabeek egindako urraketak bitartekaritzaren bidez konpontzen dira, epaiketara heldu gabe. Lau urteotan, esaterako, era horretan landutako kasuen%88 ondo joan dira. Onurak argiak direla diote Jaurlaritzan. Era horretan konpontzen diren kasuetan, gazte gehienek ez dute gero gehiago deliturik egiten: soilik, %10ek. Oro har, zigor penalak dauden kasuetan ere, gero berriro delituak egiten dituzten nerabeen kopurua nabarmen ari da behera. Adingabeen justiziaren inguruko hirugarren plana du hau Jaurlaritzak: lehenbiziko planaren ostean, berriro urraketak egiten zituzten gazteak %28 ziren, bigarrenaren amaieran %21, eta orain, %19. Hortik behera egitea arrunt zaila dela pentsatzen du Erkorekak; datuak onak direla dio, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan abian dagoen sistema «sendoaren» ondorio eta emaitza.

Kondena betetzera behartutako adingabeen artean, gehientsuenak —%74,8—ez dituzte erregimen itxian izaten; beste bideren bat hautatzen dute epaileek, zaindutako askatasunarekin edo gizarte hezkuntzarekin lotuta.

DATUA

104. Zentroetan nerabeek zigorrak betetzeko lekuak.
Epaileek hala aginduta, zentro itxietan bete behar izaten dituzte zenbaitetan adingabeek egindako delituengatik ezarritako zigorrak. 2008an era horretako zentroetan 82 toki zeuden prest; gaur egun, 104. Erkorekaren arabera, aski dira: epaileek jartzen dituzten zigorrak betetzeko arazorik ez da, eta leku libreak izaten dira. Zentro ezagunena, segur aski, Ibaiondo da, Zumarragan (Gipuzkoa) 2003. urtean inauguratua, eta erregimen guztiz itxia duen bakarra. 34 leku eskaintzen zituzten lehen, eta, gaur egun, 39. Andollun (Araba) neskentzako bat dago.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)