Prostituzioaren kate luzea

Berria, 02-03-2014

Debekatzearen aldekoak, legeztatzearen aldekoak… Prostitutaren ordez bezeroa zigortzen duten herrialdeak gero eta gehiago dira Europan, eta eztabaidak bere horretan jarraitzen du, amaierarik gabe.

Nola galarazi pertsonen gaineko sexu esplotazioa? Zenbaitek auzi hori zuzenean lotzen dute prostituzioarekin. Beste batzuek diote sexu langileek beren askatasun eta eskubideak dituztela egiten dutena egiteko, eta esplotazioa galarazteko argudioarekin prostitutak kalteberago bihurtu besterik ez dela egiten. Zer egin prostituzioarekin? Auzia puri – purian da Europan, herrialdeetako legediak batera eta bestera jotzen ari diren heinean.


Horrela, ekainean Frantziako Senatuan bozkatuko dute Asanbleak onartua duen neurri bat, bezeroak zigortu eta prostitutak zigorgabetzen dituena, Suedian, Islandian eta Norvegian ezarritako Europa iparraldeko eredua deiturikoari jarraituz. Beste herrialde batzuk ere ari dira eredu horri heldu edo ez eztabaidatzen, hala nola Erresuma Batua eta Irlanda. Eta beste herrialde batzuetan erabat legezkoa da sexu zerbitzuak eman eta erostea; Alemania eta Herbehereak dira horien artean ikur nagusi.


Espainian, oraingoz, alegaltasuna da arau, eta agintariek prostituzioaren ikusgarritasunean kokatzen dute arazoa. Hainbat hiritan, bai kaleko prostituzioaren eskaintza eta bai eskaria zigortzen dituzten ordenantzak daude, baina neurri horiek orokor bihurtuko dira: Herritarren Segurtasunerako Legearen aurreproiektuan jasota dago sexu langileak zein bezeroak isunez zigortzea, prostituzioa eskola eta haurren ohiko guneetatik hurbil egiten denean eta errepideetan arriskua sortzen duenean.


Asteazken honetan bertan, Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, bezeroak zigortzen dituen iparraldeko eredua babestuz. “Emakumeen sexu esplotaziorako trafikoa borrokatu eta berdintasuna sustatzeko bide bat da”, jasotzen zuen testuak. Haren arabera, “zenbait datuk erakusten dute iparraldeko ereduak Suedian ere efektu atzera egilea izan duela emakumeen trafikoan, prostituzioa eta sexu trafikoa ez direla handitu eta biztanleriaren sostengua duela ereduak, batez ere gazteengan; legeak jarrerak aldarazi dituela frogatu da”.


Mary Honeyball europarlamentari laborista britainiarrak aurkeztu zuen Europako Parlamentuaren ebazpen hori, bete beharrekoa ez dena. Testuak aldeko 343 boto jaso zituen; 139 kontra, eta 105 abstentzio. Aurretik, hori bai, Honeyballen proposamenak kritika ugari eragin ditu. Gobernuz kanpoko 560 erakundek — Europakoek eta baita Asiakoek ere— ezezko botoa emateko eskatu zieten europarlamentariei gutun batean. Europako Sexu Langileen Eskubideen Nazioarteko Batzordeak (ICRSE) jarri zuen abian gutunaren egitasmoa.


Bezeroak jomugan, prostituten kalterako?


ICRSEko koordinatzaile Luca Stevensonen arabera, “bezeroak kriminalizatzen dituen Suediako eredua ez da eraginkorra prostituzioa eta trafikoa murrizteko; gainera, arriskutsua ere bada sexu langileentzat. Gure kontrako biolentziaren kausa nagusia, estigma, handitu egiten du”. Bezeroa zigortuz prostituzioa murriztu ordez ezkutarazi soilik egiten dela diote, eta horrek arrisku gehiago dakartzala jada gizartearen parte kalteberenetakoa diren sexu langileentzat. Gehiago baztertuko dituztela diote, osasun, lege eta gizarte laguntzetatik gehiago urrunduz. Eta horrek guztiak ez duela erraztuko sexu esplotazioa jasaten duten emakumeak laguntzea; alderantziz, horretarako aukerak gutxituko dituela.


Europa Ekialde Erdiko eta Asia Erdialdeko Sexu Langileen Eskubideak Sustatzeko Sareko kide Marija Toxevaren aburuz, onartutako ebazpenak “ez ditu kontuan hartzen sexu langileen Europako errealitate desberdinak. Europa ekialdeko emakume guztiak Mendebaldera trafikoaren eskutik iristen diren estereotipoa indartu besterik ez du egiten, haiek biktimatzat joz eta erabakiguneetatik at utziz”.


Antzeko zerbait azaldu du Sonia Vegak, Gipuzkoan prostituzioan aritzen direnen laguntzan eta aholkularitzan aritzen den Aukera programako kideak. «Aurreiritzi asko daude, eta pentsatzen dugu guztiak engainatuak datozela». Adibidez, Aukerak iaz 1.100 emakume baino gehiagori eman zien laguntza eta aholkularitza Gipuzkoan, eta gehien – gehienak, denak ez esatearren, berek hala erabakita ari ziren lanean prostituzioan.


“Gure egunerokoan, sexu esplotazioa ez dago batere presente. Ni egona naiz Katalunian, eta hango errealitatea bestelakoa da, baina hemen emakumeak independenteak dira. Norbaitentzat lan egiten dutela? Bada, agian atzerrian dituzten seme – alabentzat. Eta diodanak ez du esan nahi ez dagoenik sexu esplotaziorik, ez dagoenik biktimarik; baina guztiei biktima etiketa jarrita, zer lortzen duzu? Pentsatzea gajo batzuk direla emakume horiek, 2 urte izango balituzte bezala, eta ez: pertsona helduak dira”.


Vegaren arabera, prostituzioa zigortzeak ez du inoiz ezer konpondu. “Sexu eskaria badago; zigortuta ere, emakumeek horretan lanean segituko dute, baina eskubideak urratuago dituztela”. Hain zuzen, sexu langileen eskubideen aldekoa dela dio. “Berdintasuna, emakumeen kontrako indarkeria borrokatzea, diskurtso teoriko gisa oso polita da, baina errealitate gordina ez doa hortik. Horregatik, eskubideen aldekoa naiz: eskubidea, osasun txartela izateko; eskubidea, herritartasuna izateko; eskubidea, nahi izanez gero kotizatzeko…”. Izan ere, prostituzioa erabat legeztatzeari ere abantaila gutxi ikusten dizkio: “Oso konplexua da erregularizazioaren kontua: zer egin behar duzu, kontratu bat hitzartu eta zortzi orduz sexu zerbitzuak eskaini 600 euroren truke? Ez nuke nahi horrelako erregularizaziorik”.


Ildo horretan, maiz salatu izan da interes handiak dituzten klub handien jabeak daudela jazartzeko jarreraren aurka jarduera erabat legezko bihurtzearen aldeko daudenen artean, eta ez sexu langileak. Eta ez dira interes makalak, gainera. Azken urteetan, bilakaera izugarria izan du negozio horrek, eta, klub handien etorrerarekin, prostituzioa merkataritzatik industria globalera pasatu da, estatistiketan ere kontuan hartzeraino. Espainian, esaterako, urri honetatik aurrera estatistika ekonomikoetan aintzat hartuko da legez kanpoko ekonomia, eta hor sartuko da prostituzioko dirua, drogenarekin eta kontrabandoarenarekin batera. Lehen kalkuluen arabera, herrialdearen BPG ofizialari 10.000 milioi euro gehituko dizkio neurri horrek.


Sexu langileek kooperatiba bat osatzea izan al daiteke modu bat prostituzioa legezko eta, aldi berean, bidezko egiteko? Orain gutxi, Eivissan sexu langileen talde batek kooperatiba bat osatu du xede horrekin; Euskal Herrian ez da halakorik, baina, Aukerakoek azaldu dutenez, egin izan da saioren bat ildo horretan. “Emakumeren batek agertu zuen interesa, baina, oraingoz, halakorik ez da aurrera atera”. Ziurrenez, sexu langileen mugikortasun handia ez da lagungarri horrelako zerbait lortzeko.


Europako Parlamentuan onartutako ebazpenak ere aitortzen du badagoela desberdintasunik “behartutako” eta “boluntarioki egindako” prostituzioen artean. Baina “prostituzioa legezko lan gisa ikustea, sexu industria deskriminalizatuz eta legezko bihurtu nahian, ez da emakumeak esplotaziotik salbu gordetzeko konponbidea; alderantzizko eragina du: haiek indarkeria handiagoen arriskuan jartzen ditu, eta, aldi berean, prostituzio merkatuak handitzea bultzatu”.


Honeyballek berak asteazkenean azaldu zuen prostituzioa erabat legeztatzea hondamendia izan dela Herbehereetan eta Alemanian. “Prostituziorako hurbilketa zehatzago bat behar dugu, eta emakumearen gorputza merkantzia gisa tratatzen duten gizonezkoak zigortu, sexu lanera bultzatuak direnak kriminalizatu gabe”.


Europako Parlamentuak onartutako ebazpenaren lehen puntuak, dena den, argi uzten du abiapuntua: “Prostituzioa, behartutako prostituzioa eta sexu esplotaziorako trafikoa genero auziak dira; giza duintasuna urratzen dute, eta giza eskubideen oinarrien kontrakoak dira, baita genero berdintasunaren kontrakoak ere”. Beatriz Gimeno pentsalari feministarentzat, hain zuzen, iparraldeko ereduaren baliagarritasuna horretan datza: “mezu sozialean”.


“Prostituzioa, harreman horiek, ez dira legitimoak, ez direlako berdintasunezkoak. Estatuek eduki behar dute zeregin hori: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea. Eta harreman horiek kalte egiten diote berdintasunari”, dio Gimenok.


Berdintasuna


Gimenok uste du iparraldeko ereduari egozten zaionak duela funts handiena prostituzioa zigortzearen aldekoei egiten zaizkien kritiken artean; hau da, jazarpenarekin, prostituzioa ezkutatu eta sexu langileak arriskuan gelditzen direla. «Baina badago argudio etiko bat horren gainetik: zer esan nahi duen prostituzioak, zein harreman mota bultzatzen dituen, zein motatako sexualitatea, zein motatako emakumeak eta gizonak».


Gimenoren arabera, egongo dira berek hala nahita askatasunez sexu langile izatea erabakitzen duten emakumeak, dela pobreziatik ateratzeko edo bestela ere nahi dutelako. «Baina horrek ez du legitimo bihurtzen prostituzioa». Azkenean, horrek guztiak gizartearentzat, guztiontzat dituen ondorioak dira arazoa. Horrekin batera, haren ustez, prostituzioa eta sexu esplotazioa bereiziezinak dira. “Gutxi batzuek beren erabakiz prostituitzeak ez digu ahantzarazi behar zenbat emakume bihurtzen dituzten merkantzia”.


Bezeroek izan behar dute helburu, feminista horren ustez. “Ezin daiteke gizonezkorik egon berdin – berdin zaiona bere sexu bikotearen baldintzak, nahia, plazera… Horrelako gizonak egotea ona da gizartearentzat? Bidezko gizarte bat eraikitzeko, horrelako gizonak nahi ditugu? Emakume horien nondik norakoei buruz galdetzeari utzi behar diogu, eta gizonezko horiei buruz galdetzen hasi behar dugu”.


“Horrek ez du esan nahi ez zaidanik inporta prostituzioan aritzen diren emakumeak nola gelditzen diren; inporta zait”, dio Gimenok. Horregatik, iparraldeko ereduari alde onak ikusten dizkion arren, prostituzioa alegaltasunean uztearen alde agertu da Gimeno. Eta, bitartean, hezkuntza kanpainak egin behar dira prostituzioaren kontra, “baina bereziki bezeroak ikusgai bihurtuz eta neurri batean estigmatizatuz. Bezeroak ezin daitezke jendaurrean harro agertu egiten dutenaz, garai batean eraso egileek genero indarkeriarekin egiten zuten moduan”.


Polarizazioa


Dena den, Gimenok berak aitortu du gaur egun feminismoan prostituzioari buruzko iritzi gehienak polarizatuta daudela eta beharrezkoa dela horiek gaindituko dituen ikuspegi global bat. Bizkaiko Askabidekoek ere polarizazio hori aipatu dute. Elkarteak ez dauka iritzi finkorik horren inguruan: “Azken finean, bezeroen kontra jotzea eredu abolizionistaren aldaera bat baino ez da, eta abolizionismoaren eta arautzearen arteko eztabaida horretan, beti egin zaigu oso zail elkarte moduan iritzi bakar bat sustatzea. Jarrera batek zein besteak baditu atzean arrazoiak eta argudioak, eta zilegi dira biak ala biak. Baina abolizionisten artean oso jarrera desberdinak daude, eta prostituzioa arautzea defendatzen dutenen artean ere desberdintasun handiak topa daitezke, ez baita gauza bera elkarte batzuek proposatzen duten arautzea edo kluben jabeek nahiko luketena”.


Edonola ere, gauza bat argi dute Askabidekoek: legearen aldetik hartu beharreko edozein neurri prostituzioan aritzen diren emakumeen iritzia kontuan hartuta egin behar da, “haiek dakitelako hobekien zer nahi duten”.


Asteazkenean Europako Parlamentuak onartutako ebazpenak hainbat puntu ditu, aipatutakoez gain. Puntu horietako batean, esaterako, Batasuneko herrialdeei iradokitzen die 21 urte azpiko emakumeen sexu zerbitzua erosteak, zigorgarri soilik ez, delitu ere izan beharko lukeela. Bestalde, ohartarazi du egunkari eta hedabideetan sexu zerbitzuen publizitatea ematea sexu esplotazioa eta prostituzioa bultzatzeko modu bat izan daitekeela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)