Afrika Erdian musulmanen aurkako «garbiketa etnikoa» salatu du NBEk

Samba-Panza presidenteak erran du kristauen milizien aurka «gerrara joateko» prest dagoela

Berria, MIKEL RODRIGUEZ, 13-02-2014

«Garbiketa etnikoa» eta «genozidioa». Bertze behin esapide horiek agertu dira gatazka batean. Afrika Erdiko Errepublikan izan da oraingoan. «Garbiketa etniko-erlijioso bat dago, eta geldiarazi egin behar da», adierazi du Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Goi Mandatariak Bangi hiriburuan. AI Amnesty Internationalek ere salatu du musulmanen aurkako «garbiketa etnikoa» eta nazioarteari esku hartzeko eskatu dio. Catherine Samba-Panza behin-behineko presidenteak erran du kristauen milizien aurka «gerrara joateko» prest dagoela. «Emakumea naizelako uste dute ahula naizela. Baina orain, jendea hil nahi duten anti-balakak [aihotzen aurkakoak sango hizkuntzan, milizia kristauen izena] ehizatuko ditugu».

Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroaren aitzinean egin ditu adierazpen horiek Samba-Panzak, Mbaki hirian. Pentsatzekoa da, beraz, Frantziaren babesa edo gutxienez bedeinkapena izanen duela erasoaldi bat hasteko. Le Drianek berak erran du anti-balakak direla orain «mehatxu nagusia». NBEren onespenarekin, Frantziak joan den abenduan esku hartu zuen Afrika Erdiko Errepublikan, eta gaur egun 1.600 soldadu dauzka han. Afrikako Batasunaren misioak bertze 6.000 dauzka.

Nazioarteko indarrek esku hartu zutenetik, ordea, egoerak okerrera egin du. Donatella Rovera AIko kidearen iritziz, «kasu batzuetan nazioarteko tropek erraztu egin dute musulmanen aurkako indarkeria, Seleka taldeak alde egin ondoren gelditutako hutsunea anti-balakek bete dezaten utzi dutelako». AIk ehun herritar baino gehiagoren lekukotzak bildu ditu txosten batean, eta hortik atera ditu ondorioak. Iparraldeko bortz hiritan «eskala handiko erasoak» gertatu direla dio gobernuz kanpoko erakundeak. Horietako larriena Bossemptelen bildu du, iragan urtarrilaren 18an gertatua. Kristauen miliziek gutxienez ehun herritar musulman hil zituztela dio, «emakumeak eta zaharrak nagusiki». Hiri horietan ez dago atzerriko soldadurik. Desplazamenduak, berriz, «proportzio historikotakoak» direla dio AIk. Afrika Erdiko Errepublikan %50 inguru dira kristauak, eta %15 inguru musulmanak. Gaston Makouzemba ministroak adierazi du «genozidio arriskua» dagoela, baina Samba-Panzak terminologia hori saihestu du, eta erran du anti-balaken erasoak «segurtasun arazo bat» direla.

Esku hartzeko presioa

Nazioarteko esku hartzea areagotzeko presioak, ordea, gero eta gehiago dira, eta ez AI eta gisako gobernuz kanpoko erakundeena bakarrik. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Afrika Erdiko Errepublikara soldadu gehiago bidaltzea nahi du, eta EB Europako Batasunak misio militar bat sortzeko lege oinarria onartu du, Frantziak presio egin ondoren. Parisek bakarrik hasi zuen abentura militarra, François Hollande presidentearen arabera, Bangi hiriburua kontrolatzeko, «herritarrak izutzen ari diren miliziei eta talde guztiei armak kentzeko» eta hauteskunde «libre eta demokratikoak» antolatzeko. Bi hilabete igarota, hiriburua ere ez du kontrolpean hartu. Michel Djotodia Seleka talde islamistako buruak urtarrilean utzi zuen herrialdeko presidentetza, trantsiziorako gobernu baten mesedetan.

DATUA. 80

• Bangira bidalitako arroz tonak. Elikagaien Munduko Programak bidalitako lehen laguntza ailegatu da hiriburura. Bozeramaile batek adierazi du 1.800 tona bidaltzekotan direla baina horrek ez duela krisia bukatuko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)