Eta tiro
Berria, , 12-02-2014Idurre Eskisabel
Bide militarraren zilegitasun eta komenientziari buruzko eztabaidak bahituta eduki ditu urteetan euskal herritar huts izan nahi dugunon arteko beste debateak. Orain, berriz, alde bateko indarkeria desagertu den honetan —geuk eragiten genuena, nolabait—, perretxikoak balira bezala ernatu dira, batik bat, txio eta blogekin eraikitako plaza berrietan. Zer da herria, zer jendartea, nola uztartu biak, zer da euskal, zer da euskaldun, zer euskal herritar, zer da demokrazia, beharrezkoa al da estatua, nola eskuratu independentzia, nola kudeatu lurraldetasuna, nor da menperatzaileak, nor menperatua… Eztabaida interesgarriak ez ezik, aukera are eta interesgarriagoak zabaltzen dituztenak, urdaileraino sartuta daukagun joera banderizo autosuntsitzaileak zapuztuko ez balitu.
Eta eztabaida horien artean migratzaileei buruzkoak hartu du gaina azken egunetan, eta frogatu digu auzo estatu menperatzaileei egozten genizkien jarrera xenofobo beldurgarriak gure artean ere badirela. Alegia, uste genuenaz bestera ez garela gainerakoak baino hobeak. Gehiago oraindik, euskara eta euskalduntasuna babesteko aitzakian Stop Immigrazioa webgunea eratu dutenen proposamenak nagusitzera Ertzaintza paratuko dugu mugazain, Guardia Zibila Ceutan bezala, Aturri edo Ebro zeharkatu nahi duten desjabetuak tirokatzen.
(Puede haber caducado)