Ultrak zain daude Kieven
Ukrainako Gobernuari aurre egiteko «armak prest» dituela esan du Eskuin Sektorea taldeko buru Dmitro Jaroxek
Berria, , 06-02-2014Entrenamendu militarra dute. Soldadu edo mertzenario ohiak dira asko. Bateak, molotov koktelak, labanak eta bestelako armak daramatzate, eta horiek erabiltzeko prest daude. Talde neonaziek gero eta indar handiagoa dute Ukrainako mendebaldean, eta zeregin garrantzitsua dute Kieveko protestetan. Bi hilabetez, gobernuaren kontrako manifestazioen barruan ultraeskuinak duen pisua gutxietsi nahi izan dute Europak eta AEBek, baina egoerak gainezka egin die. Politikaren lehen lerrora jauzi egiteko prest dira muturreko talde xenofoboak, eta Mendebaldeak babesten dituen hautagai moderatuek ere ezin dituzte kontrolatu.
Azken egunetan, EB Europako Batasunak eta Etxe Zuriak deia egin diote UDAR alderdiko buru Vitali Klitxko boxeolari ohiari, eskuin muturreko taldeengandik aldendu dadin. Izan ere, Bruselak eta Washingtonek Klitxko jotzen dute Ukrainako hurrengo hauteskundeak irabazteko faboritotzat —azken inkesten arabera, Viktor Janukovitx presidentearekin berdinduta—, eta ez dute haren izena indarkeria auzitan zipriztinduta ikusi nahi.
Legebiltzarreko oposizioak, ordea, ez du muturreko ekintzaileak mendean hartzeko gaitasunik, eta hori argi gelditu zen duela hiru aste, Klitxkok berak manifestari batzuen eta Poliziaren arteko borrokak eten nahi izan zituenean. Ekintzaile ultraeskuindarren txistu eta oihu artean alde egin behar izan zuen, burumakur.
Izan ere, Eskuin Sektorea eta antzeko muturreko talde paramilitarrak ezinbestekoak izan dira Kieveko manifestazioen arrakasta bermatzeko. Istiluak hasi zirenetik, boluntario lanetan ibili dira ekintzaile horiek barrikadak eraikitzen, okupatutako eraikinen segurtasuna bermatzen eta Poliziaren istiluen kontrako unitate bereziak urrun mantentzen. Orain, Janukovitx presidentearen eta oposizioko alderdien arteko elkarrizketek fruiturik eman ez dutela iritzita, protesten gerizpean hazitako talde horiek ez dute amore emateko asmorik. Aitzitik, «gerrarako» prestatzen hasiak dira.
Hala, Eskuin Sektoreko buruzagi Dmitri Jaroxek onartu du armategi handia dutela gordeta, «Ukraina barne erasotzaileengandik babesteko». Time aldizkariak argitaratutako elkarrizketa batean, Jaroxek azpimarratu du «su arma asko» dituztela, «negoziazioek porrot egiten badute, iraultzarekin aurrera egiteko».
Horrez gainera, parte hartze soiletik harago, protesten mugimendu osoa «gidatzeko» asmoa agertu du Eskuin Sektorea taldeko buruak: «Askatasun idealekiko leialtasuna frogatu dugu dagoeneko. Orain, gure mugimendua lidergo iturri izan daitekeela erakutsi behar diogu gizarteari».
Eskuin Sektorea 2013ko azken hilabeteetan sortu zen, eta aurretik babes eskasa zuten talde neonaziak biltzen ditu; besteak beste, Kieveko Dinamo futbol taldeko zaleen talde ultrak, Trizub (hiruhortz) elkartea, Ukrainako Abertzaleak, Mailu Zuria eta UNA-UNSO Batzorde Sozial Nazionalista.
Orain arte, eskuin muturreko alderdiek zailtasun handiak zituzten Rada Gorenean —parlamentuan— diputatuak lortzeko, ez baitzuten botoen %5eko maila gainditzen. Oposizioak ezarri nahi duen erreforma konstituzionalak, alta, muga hori malgutu nahi du, eta neonaziek aukera zabalagoak izanen dituzte koalizio-bloke handiak osatu eta ordezkariak lortzeko.
(Puede haber caducado)