Paperik gabeen osasun arreta, «eraginkorra»

Darponek ontzat jo du ematen den arreta, baina agiririk gabeei osasun txartela emateari uko egin dio

Berria, , 04-02-2014

ERREDAKZIOA GASTEIZ
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera irregularrean bizi diren etorkin atzerritarrei osasun arreta ematen zaiela jakinarazi du Jon Darponek, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Darponek nabarmendu du EAEn osasuna «giza eskubide» bat dela eta, horrenbestez, eskubide hori ez dagoela lotuta gaixorik daudenen Gizarte Segurantzako kotizazioarekin. Ordea, baldintzak betetzen ez dutenei osasun txartela emateari uko egin dio.

Blanca Roncal PSE-EEko legebiltzarkideak egoera irregularrean dauden etorkin atzerritarren osasun arretari buruz galdetu dio sailburuari, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Hain zuzen ere, 2013ko abenduan legez besteko proposamen bat onartu zen non Jaurlaritzari eskatzen zitzaion osasun txartela emateko egoera irregularrean zeuden pertsonei.

Darponek azaldu du gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren pertsona guztiek lehen arreta eta ospitaleko arreta jaso dezaketela. Horren haritik, gaineratu du ez dagoela neurri gehiago hartzeko beharrik. Hau da, ez dietela osasun txartela eskainiko egoera irregularrean daudenei. Gaur egun osasun arreta «eraginkorra» dela zehaztu du, eta gaineratu 2013ko uztailean onartutako araudiarekin nahikoa dela. Hala, urte bateko errolda egiaztatu ezin duten pertsonek lehen arretako medikura joateko aukera dutela azaldu du Darponek.

Egoera irregularrean dauden pertsonei osasun txartela emateari dagokionez Nafarroako kasua oroitarazi die legebiltzarkideei. Nafarroako Parlamentuak osasun txartela ez zuten pertsonei arreta jasotzeko agiri bat eskaini ziela azaldu du. Dena den, gaineratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez zuela neurri hori egokitzat jo eta atzera bota zuela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)