Paperik gabeei osasun arreta ukatzea salatu du Bruselak

Europako batzorde batek legez kanpotzat jo du gaixoen oinarrizko eskubideak jatorriaren arabera bermatzea

Berria, , 30-01-2014

OIHAN VITORIA
Paperik ez duten etorkinak osasun arretarik gabe uztea «legez kanpokoa» dela ebatzi du eskubide sozialak babesteaz arduratzen den Europako batzordeak. Atzo atera zuen argitara 47 herrialdetan izandako urraketak biltzen dituen txostena. Estatu horien gabeziak azaleratzen ditu. Krisi ekonomikoa da oinarrietako bat. Izan ere, Bruselak ohartarazi du, krisiaren eraginez, herrialde askotan eskubide urraketak ugaritu eta biztanleekiko babes sozialak gutxitu direla. Datuek zerikusi zuzena dute estatu anitzek abiatu dituzten murrizketa politikekin, batzordeak nabarmendu duenez.

Dena den, osasun alorrean jarri du arreta gehien, babes sozialetan kaltetuenetako alderdia baita. Espainia dago zerrenda buruan. Frantzia ere goiko aldean dago. Batzordeak paperik gabekoen eskubideak ez errespetatzea leporatu die. Espainiako Gobernuak 2012an onartu zuen paperik ez duten etorkinei osasun txartela izateko aukera kentzea. Dekretuak adingabeei soilik bermatzen die ohiko osasun zerbitzua. 18 urtetik gorakoak, berriz, arreta eskubidetik kanpo uzten ditu.

«Beharra dutenen eskubidea»

Paperik gabeei osasun etxeetako ateak ixtea «baztertzailea» da, batzordearen arabera. Espainiako araudia Europan zehazturiko eskubideen aurka doala azaldu du: «Beharra duen orok osasun zerbitzurako eskubidea du». Paperik gabeei arreta ukatzea ez dator bat itun sozialeko hamaikagarren eta hamahirugarren artikuluekin. Hain zuzen ere, Espainiak ez du ituna berretsi oraingoz. Horren harira, EAJk esan du itun soziala berresten ez duen bitartean PPren gobernuak giza eskubide urraketen bideari eutsiko diola.

Hori dela eta, osasun arreta mugatzeko dekretuak aldatzea galdegin die Europak Madrili eta Parisi. «Paperik gabeak ezin daitezke baztertu. Estatuek eta autonomia erkidegoek obligazioa dute herritar orori osasun arreta emateko, gaixoaren bizitokia edo jatorria kontuan hartu gabe». Faktore horiek guztiek ez lukete gorabeherarik izan behar, batzordearen iritziz: «Osasuna lehentasunezko beharra da. Gizakien duintasunaren aurretik dago».

Hamazazpitik, sei urraketa

Eskubide sozialen batzordearen txostenak ondorioztatu du ezin izan dela egiaztatu Espainiak zerbitzu sozialak «era aproposean» bermatu dituen 2012az geroztik. Ikertutako hamazazpi artikuluetatik, sei urratu ditu Mariano Rajoy buru duen gobernuak.

Europa kezkatuta agertu da hainbat estatuk egin dituzten gisa bereko atzerapausoez. Espainia eta Frantzia ez dira arazoak dituzten bakarrak. Danimarka, Austria, Finlandia, Txekiar Errepublika, Lituania, Letonia, Mazedonia eta Bulgaria ere ituna urratzen ari direla dio.

Batzordeko presidente Luis Jimenak espero du taxutu duten txostena aintzat hartzea herrialdeek. Erantsi duenez, erantzukizun ekintza bat da, «nazioarteko konpromisoekin bat egitea dakarrena». Espainiako Osasun Ministerioak erantzun du atzerritarrek han dituzten osasun laguntzak Europako «zabalenak» direla.

Osasun alorreko gabeziak ez ezik, adineko pertsonen eskubideei dagozkienak ere jasotzen ditu eskubide sozialen batzordearen txostenak. Bruselak baliabide urriko pertsonekin Espainiak duen jokaera kritikatu du. Hilero jaso beharreko gutxieneko errenta 521 euroan dago. Gaur egun, Hego Euskal Herrian betetzen da soilik. Gainontzeko erkidegoetan, asko jota 400 euroko laguntzak jasotzen dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)