Europar bai, baina ez gehiegi
Europa ekialdeko herritarrei zirkulaziorako mugak arindu izanak eztabaida sortu du EBko kontserbadoreen artean
Berria, , 16-01-2014SAMARA VELTE
Bruselan zeresan handia ematen ari da Europako Batasuneko etorkinei dagozkien eskubideen auzia. Urte hasierara arte, hainbat estatuk baldintza bereziak ipintzen zizkieten lan bila joandako Bulgariako eta Errumaniako herritarrei, legez Europako Batasuneko kide diren arren. Urtarrilaren 1ean, neurriok bertan behera utzi eta lan merkatua haiengana ere zabaldu behar izan zuten zortzi herrialdek —tartean, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Austriak—, Europako Batasunak aginduta.
Zalaparta Alemanian eta, batez ere, Erresuma Batuan sortu da. Bietan, alderdi eskuindarrek «babes neurriak» eskatu dituzte Europa ekialdeko herritarren immigrazioa mugatzeko. Erresuma Batuko alderdi kontserbadoreko ehun kargudun inguruk eskaera egin diote David Cameron lehen ministroari, EBren legeei betoa ipintzeko eskumena eman diezaion parlamentuari, Erresuma Batuak «bere mugen gaineko kontrola berreskuratzeko». Cameronek erantzun zien Europako Batasunak ez duela funtzionatzen herrialde bakoitzak Bruselaren aginduak bete edo ez erabaki badezake. Hala ere, EBko beste herrialdeetatik lan bila joandakoei baldintzak gogortzeko asmotan dabil Londres: astelehenean bertan adierazi zuen «etorkin gehiegi» daudela Erresuma Batuan. Theresa May Barne ministroaren esanetan, zirkulazio askea bermatzen duten legeak «gehiegikeriaz» erabiltzen dituzte immigranteek: mendebaldera erakartzen dituena «laguntza sozialen eskuragarritasuna» da, haren ustez. Financial Times kazetak atzo argitaratu zuenez, Londresko gobernuak hilaren hasierarako plazaratu behar zuen immigrazioari buruzko txosten bat, baina behin-behinean artxibatu du, etorkinei baldintza gehiago ipintzeko argudioak falta zitzaizkiolako. Europako Parlamenturako bozak igaro arte itxarongo du.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen hitzetan, «erretorika populista» dira kontserbadoreen argudioak. Zirkulazio askea Europako herritarren «oinarri ukaezina» dela defendatu zuen atzo, Europako Parlamentuak gaiari buruz antolatutako eztabaidan: «Ez da posible Europako Batasunean lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea». Laszlo Andor EBko Enplegu eta Gizarte Gaietarako komisarioak jakinarazi duenez, Erresuma Batura joan diren errumaniarren eta bulgariarren proportzioak ez du gora egin urte hasieraz geroztik.
Gelditzeko baldintzak
EBko gizarte zerbitzu gehienak estatuari egiten zaion ekarpenaren araberakoak dira: lanik gabe, nekez jasotzen da ezer administraziotik. Gainera, estatu bakoitzak bere baliabideak ditu atzerritarrak kanporatzeko, ekarpenik egin gabe gizarte sistemarentzako «karga» bihurtzen direla susmatuz gero. Erresuma Batuak, esaterako, sei hilabetez bermatzen die oinarrizko diru laguntza lan bila dabiltzan etorkinei; tarte horretan ez badute ezer topatu, alde egin behar dute. Bitartean, doan jaso dezakete osasun zerbitzua. Seme-alaba bakoitzeko laguntzak ere lehen egunetik jasotzen dituzte, baita haiek atzerrian bizi badira ere —neurri hori aldatu nahi du Cameronek—. Frantziak epe berbera eskaintzen du lana topatzeko, baina bitartean diru laguntzarik eman gabe; eta Herbehereetan, hirugarren hilabetean dago lana topatzeko muga. Alemanian, berriz, etorkin langabeek eskubidea dute haurren zaintzarako laguntzak eta osasun zerbitzua jasotzeko, baita kasu jakin batzuetan langabezia sari minimo bat ere. Kanporatzea ez da beti gauzatzen, baina mehatxuak eragiten du: Andorren arabera, etorkinak «ekonomikoki aktiboagoak» dira, eta proportzioan, laguntza gutxiago eskatzen dituzte.
(Puede haber caducado)