Dieudonne umoristaren ikuskizuna debekatu dute azken momentuan

Atzo goizean prefetaren debekua bertan behera utzia zuen Naonedeko Auzitegiak; arrazista izatea leporatu diote

Berria, , 10-01-2014

IKER TUBIA
Debekua, baimena, debekua. Atzokoa erotzeko moduko eguna izan zen Naoneden (Nantes, Bretainia). Dieudonne M’Bala umoristak Le Mur ikuskizuna estreinatzekoa zuen Zenit antzokian, baina azkeneko momentuan Frantziako Estatu Kontseiluak —instantzia administratibo nagusiak— debekatu egin zuen, ordena publikoa arriskuan jar zezakeelako. Azken egunetan Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren jopuntuan izan da Dieudonne, bere ikuskizunak arrazistak eta antisemitak direla leporatu baitio.

Afera korapilatsua izan da. Lehenik eta behin, Vallsek zirkular bat bidali zien prefetei, umoristak 22 hiritan egitekoa zuen bira oztopa zezaten. Hala, Loire-Atlantique departamenduko prefetak, besteak beste, atzoko ikuskizuna debekatu zuen. Aitzitik, atzo goizean Administrazio Auzitegiak baimendu egin zuen Le Mur. Vallsek helegitea jarri zuen, eta Estatu Kontseiluak presazko prozeduraz aztertu zuen gaia. Ikuskizuna hasteko bi ordu ere falta ez zirela debekatu zuen.

«Errepublikak irabazi du», esan zuen Barne ministroak erabakiaren berri izan zuenean, eta besterekiko gorrotoa, arrazakeria, antisemitismoa eta negazionismoa ez dituztela onartuko gaineratu. Dieudonneren abokatuak, berriz, «onartezina» zela zioen, umoristaren defentsak ez zuelako Parisera joateko denborarik izan.

Ikusmin handia

Vallsen zirkularrak errezeloa sortu zuen Giza Eskubideen Aldeko Ligan eta ezkerreko alderdi batzuetan, oinarrizko askatasunen aurkako neurria zela iritzita. Dirudienez, ikusleak aldendu ez baizik eta kontrako efektua izan zuen neurriak: sarreren%90 salduak zituen 6.300 eserleku dituen areto horrek. Sartzear zirenak asaldaturik zeuden, eta oihuak egin zituzten Vallsen dimisioa eskatuz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)