Osasun arretaren auzian aurkeztuko da UPNren gobernua
Berria, , 09-01-2014Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion paperik gabeko etorkinak Nafarroako osasun sistema publikoan artatzeko foru legeari. Nafarroako Gobernuak atzo erabaki zuen aurkeztu egingo dela helegite horren aurka, iruditzen baitzaio «eskumen propioa» duela Espainiako osasun sistematik baztertuak gelditzen direnen arreta arautzeko. Eskumen hori 1991. urtetik duela adierazi du UPNren gobernuak. Ekinbideak gatazka sortu zuen Nafarroaren eta Espainiako Gobernuaren artean, eta Madrilgo gobernuak arauari helegitea jarri zion Auzitegi Konstituzionalean, bertan behera utz zezan. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen Nafarroako lege hori.
Auzian aurkezteak lotura du Nafarroako eskumena defendatu nahiarekin, Nafarroako Gobernuaren arabera, «eta ez legea bera defendatzearekin». UPNren gobernuaren ustez, arauaren helburua da doako osasun sistema publikoan baliabide ekonomikorik ez duten eta paperik gabe dauden pertsonak sartzea. «Baina diru sarrera handiak dituzten etorkinak sartu ahal izatea ekarri du, arreta eska baitzezaketen Nafarroan egun bakar bat daramatenek».
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak, halaber, esan du bere gobernuak «beti» defendatuko dituela foru erkidegoaren eskumenak. «Gobernuarentzat, gakoa Nafarroako eskumenak defendatzea da, alor guztietako eskumenak. Eskumena jokoan dagoen guztietan erabaki izan dugu aurkeztea, eta auzi horretan hala gertatu da». Bestalde, aholkularitza juridikoari jarraituz, Nafarroako Parlamentuak onartzen dituen lege batzuk Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direnean Nafarroako Gobernua ez dela aurkezten esan du Barcinak.
Nafarroako Parlamentuak herenegun bat egin zuen Nafarroako Gobernuarekin, eta harekin batera aurkeztuko du helegitea etorkinak Osasunbidean artatzeko legea bertan behera uzteko erabakiaren aurka.
Geroa Bai koalizioak ontzat jo du Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren erabakia. «Beharrezkoa da Espainiako Gobernuaren helegitearen aurka dauzkagun tresna guztiak erabiltzea, Nafarroako eskumenak defendatzeko», adierazi du Geroa Baik. «Estatuaren helegitea autogobernuaren aurkako eraso bat da».
Nafarroako Gobernuak osasun arreta eskaintzen jarraituko du herritar guztiei, paperik gabeko etorkinei barne. Alde horretatik, Geroa Baik osasun arreta unibertsala eskatu du: «Osasun arreta unibertsala oinarrizko osagaia da ongizatearen gizartean, eta babestu egin behar da, are gehiago gaur egungo krisialdi ekonomikoarekin».
(Puede haber caducado)