Guraso etorkinei laguntzeko akuilu
Seme-alaben heziketan laguntzeko, guraso etorkinei eskolak ematen aritu da Jatorkin elkartea. Hizkuntza eta integrazioari lotutako gaiak landu dituzte. Xedea, berriz, diru laguntzak jasotzea eta eskolekin jarraitzea.
Berria, , 07-01-2014Seme-alabak heztea beti da zaila, baina etorkinen kasuan are gehiago, integrazioari eta hizkuntzari lotutako trabak baitaude. Bide horretan laguntzea izan da gure xedea». Etorkinekin lanean ari den Jatorkin elkarteko psikologo Iara Martinezek hala laburbildu du irailetik egiten aritu diren etorkinentzako guraso eskolen helburua. Amaitu berri dute eskolen lehen aldia, eta lanean ari dira eskola gehiago antolatu ahal izateko. Parte hartzaileak «oso pozik» daude ikasitakoarekin. «Euskara ez dakigunez, emazteak eta biok izan dugun kezka nagusia beti izan da nola lagundu alabari etxeko lanekin. Eskolari esker, asko ikasi dut, ezagutzen ez nituen baliabide eta tresna asko eman dizkidate alabari laguntzeko», azaldu du David Ugowek .
Eskolak ematen irailean hasi baziren ere, Jatorkin bi urtez aritu da egitasmoa gorpuzten eta lantzen: 2011tik, hain zuzen. Martinezek hala azaldu du prozesua. «Hasieran, ikasle etorkinen gurasoak ikastetxeetara gerturatzeko programa moduan jarri genuen martxan. Kasu askotan, harreman gutxi dute, eta, hori dela eta, zaila da ikasle horiek dituzten benetako zailtasunak eta beharrak identifikatzea. Horietako asko etxean dituzte».
Egitasmoaren bidez, esperientziak eta iritziak partekatu zituzten. «Hortik abiatuta, hainbat egitasmo jarri genituen martxan. Eta bitartekaritza zerbitzu bat sortu genuen, familiek edo ikastetxeek izan zitzaketen arazoei edo kezkei heltzeko». Prestakuntza ikastaroak ere antolatu zituzten, adibidez, arabiera ikasteko. «Irakasleen kasuan, uste genuen oso garrantzitsua zela hori, familiekin harremana hobetzeko».
Baina iaz ikusi zuten beste urrats bat egin behar zutela. «Gurasoei ere prestakuntza emateko unea zela iruditu zitzaigun, eta etxean izan ditzaketen arazoei nola heldu irakasteko». Irailetik Ordizian, Donostiako Altza auzoan, Errenterian eta Beasainen (Gipuzkoa) eman dituzte eskolak.
Ikasturte hasieran parte hartzaileen artean zituzten kezka nagusiak partekatu zituzten. Horren arabera landu zuen egitaraua Martinezek. «Nik arazo horiek konpontzeko egokiak izan daitezkeen moduak azaldu dizkiet, edo bestela konponbide horiek topatzeko bideak eman: webguneak, elkarteen izenak…». Behin hori eginda, parte hartzaileei beren ekarpenak eta iritziak emateko modua eman die. «Esperientzia antzekoak bizita, kasu batzuetan nik baino ekarpen hobeak egiten dituzte». Taldeka ez ezik, norbaitek banakako laguntza behar izan badu ere eman diete. «Batzuek ez dituzte beren kezkak partekatu nahi izan, eta hori dela eta banaka hartu ditugu».
Eskolara joandako gurasoen artean bi izan dira kezka eta beldur nagusiak: etxeko lanetan nola lagundu, eta, integrazio arazoak edukiz gero, zer egin. «Hizkuntza muga handia da haientzat. Seme-alabei etxeko lanetan lagundu nahi diete, baina ezin dute. Guk tresnak eman dizkiegu horretan laguntzeko». Seme-alaba nerabeak dituztenen kasuan, integrazioa da kezka nagusia. «Zenbat eta helduagoak izan, gehiago kostatzen zaie sorterria utzi, eta hemengo bizimodura egokitzea. Lagun taldeak, adibidez, osatuak daude eskoletan, eta horietan sartzea ez zaie erraza egiten. Gainera, gehiago sumatzen dute faltan sorterria».
Eskolak astean behin egin dituzte. Taldeak hamabi bat lagunez egon dira osatuta. «Hori zen hasiera batean guk ezarri genuen muga. Baina Beasainen, adibidez, hemezortzira iritsi gara. Gure aurreikuspen guztiak bete dira». Parte hartzaileen jarrera nabarmendu du. «Ikasteko gogo eta jarrera paregabea erakutsi dute guztiek».
Jende berria ezagutzeko modua ere izan dira eskolak etorkinentzat. «Harreman sarea zabaldu ahal izateko aukera eman die, eta antzeko esperientziak eta egoerak partekatzeko». Asko oso egoera zailak bizitzen ari dira. «Zenbait kasutan, eskola hauek terapia bat izan dira parte hartzaileentzat. Ikasteko ez ezik, barrena askatzeko baliatu dituzte».
Material «interesgarria»
David Ugowe da ikasleetako bat. Tolosako taldean hartu du parte. Nigeriakoa da, eta urte batzuk Valentzian (Herrialde Katalanak) igaro ostean, duela bi urte eta erdi iritsi zen Ibarrara (Gipuzkoa. «Iritsi nintzenetik izan dut harremana Jatorkinekin, eta ikastaroari buruzko mezu bat jaso nuen posta elektronikoz. Berehala erabaki nuen izena ematea».
Ugowe ingeniaria da. «Alabari matematiketako buruketak egiten lagundu nahi nion, eta ezin nuen, ez nituelako ulertzen. Ezintasun handia sentitzen nuen horregatik. Orain, aholkatu dizkidaten webgune eta hiztegiekin, ulertzeko gai naiz, eta alabarekin etxeko lanak egiten asko gozatzen dut».
Gainontzean, nabarmendu du alaba «primeran» egokitu dela Ibarrako bizimodura. «Lagun asko egin ditu, eta eskolan ere esan digute primeran moldatu dela. Jaso dituen eskolei esker, gainera, euskaraz idazten eta irakurtzen ikasi du. Aho zabalik utzi gaitu». Dena den, kezka beti hor dute. «Askok esan digute arazoak nerabezaroan etortzen direla. Hori dela eta, prest egon nahi dugu. Integrazio arazoak saihestu, eta alabak jarrera arazorik ez izatea nahi dugu. Horri buruzko oso gomendio eta material interesgarriak eman dizkigute».
Diru laguntzak ziurtatzeko lanean ari da Jatorkin, orain arteko eskolekin jarraitzeko, eta ahal bada beste herri batzuetara zabaltzeko. «Gu oso pozik gaude emaitzekin, baita parte hartzaileak ere. Proiektua berriro aurkeztuko dugu Eusko Jaurlaritzan, Gipuzkoako Foru Aldundian, udaletxeetan, diru laguntzak jaso eta lan horretan jarraitzeko. Nahiz eta egoera ekonomikoa zaila izan, espero dugu baiezko erantzuna jasotzea».
(Puede haber caducado)