IMMIGRAZIOA. ERREFUXIATUEN EGOERA

Sorterrian bizi ezinik

Hondurasko transexualen hilketetatik ihes egin du Alexandra Liconak; Ahmadiyakoek Pakistanen jasaten duten bazterketatik, Xahbaz Gondalek. Madrilgo gobernuaren babesa lortu duten apurrenetakoak dira.

Berria, MAITE ASENSIO LOZANO BILBO, 07-01-2014

Hamalau baino ez direla diote datu ofizialek, 33ra igo dute zifra beste iturri batzuek, baina Alexandra Liconak uste du ehundik gora izan daitezkeela Hondurasko 2009ko estatu kolpeaz geroztik bortxaz hildako transexualak. «Taldean 200 ginen, eta 40 baino ez gara geratzen, Espainian, AEBetan, Brasilen edo Costa Rican errefuxiatuta, eta oraindik han dauden apurrak alde egin nahian dabiltza, ezin direlako Hondurasen bizi». 33 urte ditu, eta ia bi dira Madrilera heldu zela, asiloa eskatzera. Espainiako Gobernuaren baiezkoa jasotzen duten errefuxiatuen %6 horretan, bat da haren kasua.

Babes gutxi ematen die Espainiak jazarpen politiko, sozial edo erlijiosotik ihesi iristen direnei; hala salatu du azken urteetan CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak. Bitxiak dira datuak, Europako beste herrialdeekin alderatuta: asilo eskaera gutxiago jasotzen du —Alemaniak 40.000 urtean, Espainiak ia 2.600—, hegoaldeko muga nagusietako bat bada ere. Eskaera gehienak, gainera, atzera botatzen ditu. Funtsean, jazarpena egiaztatzeko frogak galdegiten dizkiete iheslariei; praktikan, froga horiek gorputzean iltzatuta eramatea da ziurtagiririk onena.

Liconak orbainak ditu buruan, eskuetan, bizkarrean, eta bi bala hanketan, bahituta egondako 30 egunetan jasan zituen torturen oroigarri. «Asiloa hartuta gaudenak mutilatuta gaude: barrutik ez gara lehengo berak. Markatu egin gintuzten, eta hala geratu gara». Muhammad Xahbaz Gondal ere tiroz zauritu zuten Pakistango Punjab hirian, etxe ondoan: eskuin hankan %38ko elbarritasuna du, belauneko lotailua zeharkatu zion bala batek mugikortasuna kendu baitzion. 33 urte ditu; egun Bilbon bizi da, baina duela hiru urte heldu zen Espainiako hegoaldera: «Eguraldi epela nahi nuen; hankarako hobea da».

Ahmadiya mugimendu erlijiosoko kide gisara jasan du jazarpena Gondalek. Pakistango Parlamentuak sekta kristautzat du haren komunitate erlijiosoa, nahiz eta bertako kideek musulmantzat duten beren burua. Legez ezarrita dago haien aurkako bazterketa: pasaporteetan eman behar dute beren erlijioaren berri, baina Ahmadiyakoek ez daukate inguruko herrialde arabiarretara joateko eskubiderik. «Ezin gara Pakistanen bizi, baina ezin gara handik atera. Musulmana nintzela ere ezin nuen esan, sei urteko kartzela zigorra jaso nezakeelako».

Sendiaren lurrek ematen zutenetik bizi ziren Gondal, gurasoak, emaztea eta alabak. Han sortu zen gatazka: Ahmadiyakoek lursailak jabetzan edukitzeko eskubiderik ez zutela argudiatuta, lapurretara sartzen zitzaizkien talibanak, eta tiroka erasotzen zieten; defendatzea zail zuten Gondalek eta ingurukoek, armak erosteko eskubiderik ere ez zeukatelako. «Ia hil ninduten; beraz, nik neuk ez nuen beldurrik sentitzen. Ez nuen handik joan nahi, baina alabengan pentsatuta hartu nuen erabakia». Haurrak ikastetxe publikoetan eskolatzeko eskubiderik ere ez baitzuen.

Bidaia luzea

15.000 euroren truke, mafia taliban baten bidez atera zen Pakistandik 2011ko urtarrilean: Karatxitik Dohara (Qatar), handik Milanera (Italia), eta ondoren Madrilera. Kordobako Pedro Abad herrira joan zen gero, han baitago haren erlijioko meskita. «Han bazuten nire arazoen berri, eta asiloa nola eskatu azaldu zidaten». Kordobako polizia etxean eskakizuna egitean, ohikoa denez, bere historia kontatzea galdegin zioten, baita kontakizun hori egiaztatzeko frogak aurkeztea ere: zauri fisikoei buruzko osasun azterketa, Ahmadiyak Pakistanen duen legezko egoerari buruzko dokumentazioa…

Alexandra Liconak, berriz, Madrilgo Barajas aireportuan eskatu zuen asiloa, 2012ko otsailean, 32 urte bete baino egun batzuk lehenago. 20 urterekin bihurtu zen transexual, eta eraldaketa fisikoa gauzatzean hasi ziren haren arazoak: «Etxetik bota ninduten, eta lanetik kaleratu, ez zutelako transexualik onartzen». Amaren laguntzaz ile apaindegi bat jarri zuen, eta 27 urterekin hasi zen LGTB mugimenduan parte hartzen, Arcoiris elkartean. Bazterketa 2009ko udan bihurtu zen jazarpen, Hondurasko presidente Manuel Zalayaren aurkako estatu kolpearen ondoren: «Transexual batzuk desagertu ziren; AEBetara joanak zirela esaten zen. Baina egun batean lagun batek deitu ninduen, jakinarazteko kide bat hilik agertu zela». Transexual gehiago agertu ziren, kolpatuta, bortxatuta, sastakatuta, bizirik erreta edo tirokatuta.

Liconaren txanda ere iritsi zen. Hasieran mehatxuak jaso zituen, gero autoz harrapatu zuten: «Zauri arinak baino ez zizkidaten egin, eta ez nuen pentsatu nahita izan zenik; baina deitu egin zidaten: ‘Gustatu al zaizu egin dizuguna? Hasiera baino ez da izan’. Lorik ere ezin nuen egin». Azkenean bahitu egin zuten, hilabetez: «Egunero jotzen ninduten. Ez nuen aurpegia sentitzen, ezta gorputza ere; handituta nuen dena. Batzuetan bainatu egiten ninduten, eta, ondoren, bortxatu. Hiltzeko eskatzen nien, eta erantzuten zidaten zatitan moztuko nindutela. Egiaz, euren asmoa ni hiltzea zen, aurpegira begiratzen nituelako: han zegoenetako bat nirekin eskolan ibilita zegoen; polizia da, horregatik dakit poliziek hiltzen zituztela transexualak».

Etsita, lo sakonak hartu zuen egun batean, eta bahitzaileek hilda zegoela pentsatu zuten: zaku batean sartu, eta amildegi batean behera jaurti zuten, baita bi tiro jo ere. Bizirik iraun zuen, eta laguntza eskatu ahal izan zuen. Ospitalera joateko beldur, lagun baten etxean sendatu zituen zauriak. «Amak gomendatu zidan Espainiara joateko. Hura ez zen bizimodua: ezin nuen ia lorik egin, bizitzak ez zuen zentzurik…».

Biltzar baterako gonbidapenarekin heldu zen Barajasera, baina poliziek ez zioten sartzen utzi: «Barre egin zidaten, maritxua nintzela eta prostituitzera nentorrela esanez. Kanporatze agindua sinarazi zidaten». Hurrengo eguneko hegaldiaren zain zegoela, CEAReko abokatu batekin egin zuen topo, eta hark jakinarazi zion asiloa eska zezakeela. «Eta jazarpenaren frogak neuzkan».

Gondalek, berriz, senideak ekartzerakoan ezagutu zituen administrazioarekiko arazoak. Asiloak emandako babesa familiara zabaltzeko aukera dute errefuxiatuek, baina Gondali gehiegi luzatu zitzaizkion izapideak: urte eta erdi behar izan zituen emaztea eta 8, 6 eta 3 urteko alabak ekartzeko, burokrazia arazoen ondorioz. «Nire alaben aita al nintzen ere zalantzan jarri zuen azkenerako Espainiaren enbaxadak».

Prozesuan zehar beldurra sentitu zuela aitortu du: «Talibanak hiru aldiz sartu ziren nire emaztearen etxean, lapurtzera eta mehatxatzera, eta haietako batean alaba txikiena eskuan erre zuten». Azkenik, irailean hartu zuen besoetan 3 urteko alaba, lehen aldiz; orain ondo dagoela gaineratu du irribarrez: «Oso argal etorri zen, eta pixka bat gizendu da».

Zailtasunak ez dira desagertu

Baina, errefuxiatu izaera aitortuta daukaten arren, Gondalen eta Liconaren arazoak ez dira amaitu. Bilbora heldu ostean, pakistandarrak urtebete egin zuen aldundiaren etxe batean, baina, laguntzak amaituta, oso baliabide gutxirekin bizi da. Egun, langabezian dago, eta azken enplegua CEARen bertan izan zuen, garbitzaile, astean hamar orduz. Lan txikiak dira, baina oso eskertuta dago: «Orain ondo bizi naiz. Pixkanaka ari gara aurrera egiten».

Gazi-gozoago mintzo da Licona: «Bizitza pixka bat erosoagoa dut, lasaia. Ez naute hainbeste jazartzen, baina ezin dut esan zoriontsua naizenik». Langabezian dago, eta aurreztutakoa amaitzen ari zaio. Kezkaz eta etsipenez dio Madrilen ez diotela inon lanik ematen: «Eta ez dut diru laguntzarik. Lantxoak egiten ateratzen dut diru pixka bat, baina ez dakit zer egingo dudan dirurik gabe geratzean».

5

Babesa eskatzeko kausak.
1951ko Genevako Hitzarmenaren bidez hartu zuten estatuek asiloa emateko konpromisoa. Bost arrazoirengatik eman daiteke babes hori: arrazagatik, erlijioagatik, talde sozial jakin bateko kide izateagatik, iritzi politikoagatik eta naziotasunagatik.

500

Ebazpenaren zain diren sahararrak.
Hego Euskal Herrian 500 aberrigabezia eskari baino gehiago daude ebazpen zain —naziotasunik ez dutenek eskatzen dute babes hori—; sahararrak dira gehienak. Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio CEARek prozedurok azkartzeko.

Zein prozesu egin behar da asiloa eskatzean?
Bi fase nagusi daude. Lehenengoan, asilo eskaera tramiterako onartu ala ez ebatzi behar dute, hilabete inguruko epean; behin-behineko baiezkoa jasotzen dutenei txartel gorri bat ematen diete dokumentu gisa, estatuaren barruan mugi daitezen —aukera hori mugatzen ari zaie Espainiako Gobernua egun Ceuta eta Melillara heltzen direnei—. Bigarrenean, babesa eman ala ez erabakitzen dute, frogen arabera. Berez, ebazpena sei hilabete inguruan heldu beharko litzateke, baina CEARek salatu du gatazka egoeran dauden herrialdeetatik iritsitakoei epea luzatzen ari zaizkiela, «herrialdeko egoera baretu arte, eta, hala, eskaerak atzera botatzeko arrazoi bat eduki arte».

10

CEARek Bilbon dituen tokiak.
Hamar lagunentzako tokia du CEARek Bilbon, etxebizitzetan. Errefuxiatu estatutua lortu dutenei harrera egiten diete bertan, nahiz eta asiloa ukatu zaienentzat ere bi etxe dituen. Lehen harreraz, ordea, Gurutze Gorria arduratu ohi da.

Siriako errefuxiatuei sarbidea ukatzen ari zaie Espainia
Siriako gatazkatik ihesi doazenak babestu ordez, Espainiako Gobernua sarbidea ukatzen ari zaiela salatu du CEARek. Patricia Barcenak azaldu du igarotze bisa eskatzen ari zaiela siriarrei; baimen horrek helmuga ez den herrialde batetik igarotzeko balio du, baina askotan errefuxiatuek igarotze bisa baliatzen dute, aireportuan asiloa eskatzeko. «Arazoa da errefuxiatu batek ezin duela halako bisa bat lortu: herrialde batetik ihes egin behar duen pertsona batek ezin du bide ofizialetik jo, eta enbaxadan bisa bat eskatu, agian enbaxadarik ez delako geratuko, baina segur aski ez diotelako alde egiten utziko. Horregatik erabiltzen dituzte mafiak herrialdeetatik ateratzeko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)