bithi diop beasainen bizi den senegaldarra

"Guk espezia asko erabiltzeko ohitura dugunez, Euskal Herriko janaria zozoa iruditzen zait"

Bithi Diop senegaldarra Beasainera etorri zen duela zazpi urte. Senarrak CAF enpresan lan egiten du eta bera seme-alaben heziketaz arduratzen da. Haurrei euren ikasketetan lagundu ahal izateko, euskara ikastea erabaki zuen eta bi urtetan sekulako maila lortu du

Diario de noticias de Gipuzkoa, asier zaldua, 28-12-2013

beasain. Aurkeztu zure burua, mesedez.

Senegalgo hiriburukoa naiz, Dakarkoa. 31 urte ditut. Ekonomia ikasketak egin nituen eta ondoren konpainia frantses batean lana aurkitu nuen. Marketin arloan lan egin nuen, hona etorri nintzen arte.

Noiz eta nolatan etorri zinen Euskal Herrira?

Nire senarrak hemen lan egiten du. Oporretan Senegalera itzuli zen batean ezagutu genuen elkar. Ezkondu ondoren, hona etorri nin – tzen bizitzera.

Ez al zenuen zalantzarik izan?

Beldur pixka bat ematen zidan. Izan ere, Senegalen telebista frantsesa ikusten dugu eta Euskal Herriak ez zuen oso ospe ona. Ama urduri jarri zen Euskal Herrira etorri behar nintzela esan nionean. Topikoek kalte handia egiten dute.

Dakarreko bizimodua eta Beasaingoa elkarren oso ezberdinak al dira?

Bai. Dakar oso hiri handia da, oso kosmopolita. Beasain lasaiagoa da eta lasaitasun hori asko baloratzen dut. Beasainen, une oro, oso seguru eta oso lasai sentitu naiz. Etxean bezala.

Zuen seme – alabak hemen jaio al ziren?

Bai. Haurdun etorri nintzen. Semeak 7 urte ditu eta alabak 5. Murumendi ikastetxean ikasten dute.

Etxetik kanpo lan egiten al duzu?

Beste asko bezala, lan bila nabil. Jendaurrean lan egitea gustatutako litzaidake. Jendearekin egotea asko gustatzen zait.

Zuek bizimodu erosoa duzue, baina Euskal Herrian bizi diren senegaldar askoren egoera gogorra da.

Hala da. Prestakuntzarik gabe etortzen direnentzat oso zaila da lan duin bat aurkitzea. Hori dela eta, gehienak kale saltzaileak dira.

Ba al duzue harremana eurekin?

Bai, noski. Musulmanak gara eta gure ospakizunetan etxera gonbidatzen ditugu bazkaltzera. Nire senarra anaia nagusia modukoa da eurentzat. Oriamendi kaleko meskitatik irten ondoren, askotan etor – tzen dira gure etxera.

Aholkurik ematen al diezue?

Laguntza eskaintzen diegu. Askotan norbaitekin hitz egiteko beharra izaten dute eta gure etxean familia giroa eskaintzen diegu.

Beasainen ondo hartu al zaituztete?

Bai, hasieratik. Beti oso ondo integratuta sentitu naiz. Berehala beasaindarra sentiarazi ninduten.

Ez al duzu uste senegaldarrak beste herrialde batzuetakoak baino hobeto ikusiak zaudetela?

Izaera kontua dela uste dut. Senegaldarrok oso irekiak gara. Pertsonari ematen diogu garrantzia, erlijioaren eta gainontzeko guztiaren gainetik. Beste herrialde batzuetakoak, beharbada, itxiagoak dira.

Irribarretsuak zarete.

Jende baikorra gara. Aurrera egiteko ez dago irribarre bat baino arma hoberik.

Zer egiten duzue denbora librean? Hemengo ohiturak gustuko al dituzue?

Bai. Azkenean, etorkina tokian tokiko ohituretara moldatzen da. Kafetxo bat hartzera, erosketak egitera, parkera… irteten gara.

Zer da Euskal Herritik gehien gustatu zaizuna?

Ez dakit zer den gehien gustatzen zaidana, baina bai gutxien gusta – tzen zaidana: eguraldia! Dagoeneko zazpi urte daramatzat hemen, baina oraindik ez naiz ho – tzera eta eurira ohitu. Elurra hemen ezagutu nuen. Seme – alabei asko gustatzen zaie elurretan ibiltzea.

Euskaldunen ohituraren batek seko txunditu al zaitu?

Kalean ibiltzeko ohiturak. Han dena etxean egiten dugu. Etxeetan elkartzen gara lagunekin. Hemen dena kalean egiten duzue, nahiz eta hotza egin. Harrigarria da, horren eguraldi txarra eduki eta beti kalean ibiltzea…

Hemengo janaria behintzat gustatuko zaizu…

Zozoa iruditzen zait! Izan ere, guk espeziak erabiltzeko ohitura dugu.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?

Etorri nintzenean ez nekien gazteleraz hitz egiten. Telebistaren lagun – tzarekin ikasi nuen. Ondoren, senarrak euskaltegira joatea aholkatu zidan. Ez nuen nahi, baina duela bi urte udal euskaltegira joatea erabaki nuen, haurrei eskolako lanekin lagundu ahal izateko. Desafio bat izan da. Izan ere, batzuek zaila dela esan zidaten. Gogo kontua da. Ikasturte honetan EGA lortzen saiatu behar naiz. Bestalde, goierritarren euskara asko gustatzen zait. Xarma handia du. Eurek bezala hitz egitea gustatuko litzaidake. Egunen batean lortuko dut.

Ez duzu meritu makala!

Ez da horrenbesterako! Umeekin asko ikasten dut: semearen etxeko lanekin, telebistarekin… ETB3n Doraemon eta Hirukiak ikusten ditugu batez ere, ETB1en Airean, Goierri Telebista ere askotan ikusten dut…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)