KRITIKA. ZINEMA
Esklabo izateari utzi gabe
'12 years a Slave'
Berria, , 26-12-2013Zuzendaria: Steve McQueen. Aktoreak: Chiwetel Ejiofor, Michael Fassbender. Herrialdea: AEB. Iraupena: 134 minutu.
Norberaren historiari epikotasunez begiratzea, ikusten nahi izaten ez den horri ihes egiteko moduetako bat izan ohi da. Gai jakin batzuekin AEBetako zinemagintzak asko daki horretaz, eta haren menpeko kultur kolonietako biztanleok gogo onez hartu izan ohi ditugu zinema komertzialak zabaldu ohi duen bertsio ofiziala. Bestelako bertsiorik egoten ahal dela aintzat hartu gabe sikiera.
Nazioaren jaiotzaren inguruko filmografia estandarra uste horren gainean eraiki du Hollywoodek, bestelako ikuspuntu eta ahotsei tarterik utzi gabe. Kasurik onenean, lantzean behin bestelakorik esan nahi zuenik matxinoen etiketapean utzi izan dute pasatzen. Betiere tolerantziaren izenean.
Herriaren eraikuntza hori nolakoa izan zen jaiotzeko, ezin gara Hollywoodek baimendu eta sustatu dituen filmekin fio; bestela, arriskua dugu uste izateko The Birth of a Nation (D. W. Griffith, 1915), Gone With the Wind (Victor Fleming, 1939), edo Amistad (Steven Spielberg, 1997) filmek kontatu zizkiguten bezalakoak izan zirela gauzak. Historia jakiteko telesailetara jo behar dugu -—Deadwood da AEBen sorreraren ikasgai bikaina— edota literaturara, Howard Zinnen A People’s History of the United States, esate baterako.
Jatorrizko biztanleen suntsiketarekin batera, esklabotza da zinema komertzialak bere modura egokitu nahi izan duen gai lazgarriena. Oraingoan ere, Britainia Handitik etorri den zuzendariak heldu behar izan dio gaiari kemen apur batez. Ausarta izanagatik ere, Steve McQueenen ikuspuntua ez da guztiz apurtzailea; bai, ordea, orain arte eman denarekin alderatuta, zertxobait zintzoago eta argigarriagoa.
12 Years a Slave anbiguotasun moral eta etikoan mugitzen den filma da, jokamolde hori hartzen baitute pertsonaia gehienek. Kartel zatarrak argi uzten duen moduan, bizirik irautearen aldeko lasterketa da; zeregin horretan, esklaboek berehala ikasi zuten ez zutela sartu behar haienak ez ziren aferetan. Begi aurrean kide bat urka batetik zintzilik ikusten bazuten, ez ikusiarena bakarrik egin ahal zuten.
Sekuentzia lazgarriak izanda ere, anbiguotasun horretan ere mugituko da film osoa. Orain arte kontatu ez den zerbait izan nahi, era berean komertziala eta ulergarria/ulerkorra izateari utzi gabe. Kate hori pisuegia suertatuko da, eta, azkenean, 12 Years a Slave genero eta egiteko modu beraren esklabo bihurtuko da.
(Puede haber caducado)