Lampedusako immigranteei emaniko tratua ikertzen ari da fiskaltza Italian
Europako Batzordeak zigor mehatxua egin dio Italiari, hazteria desinfektatzeko modua argitara atera ondoren
El Mundo, , 19-12-2013ERREDAKZIOA
Immigranteak estalperik gabeko eremu batean, biluzik eta errenkadan jarriak, hazteria desinfektatzeko zain. Lampedusa berriro polemika iturri izan da, immigrante siriar batek sakelako telefono batekin grabatutako irudiak Rai2 Italiako telebista publikoak zabaldu ondotik. Agrigentoko Fiskaltzak (Sizilia) ikerketa hasi du jada, Migrantearen Nazioarteko Egunean hain justu, arta eta zaintzapean diren pertsonen kontrako tratu txar deliturik izan ote den. Eta Europako Batzordeak Italiari eskatu dio behar bezala ikertzeko Lampedusako atxikitze zentroko migranteak zer baldintzatan dauzkaten.
Irudiak «izugarriak» eta «onartu ezinekoak» dira, Europako Batzordeko Barne komisario Cecilia Malstroemen ustez. Lampedusako immigranteen atxikitze zentroan «Europako estandarrak eta obligazioak erabat betetzen direla bermatzeko», zigor prozedura bat abiatzeko aukeraz ere ohartarazi dio Malstroemek Italiako Gobernuari.
Enrico Letta lehen ministroari «larriak» iruditu zaizkio irudiak, eta ikerketa bat agindu du.
«Kontzentrazio esparru bat»
Atxikitze zentroko irudien gogortasunak «kontzentrazio esparru bat» ekarri diola gogora adierazi du Lampedusako alkate Giusi Nicolinik, eta tamalgarritzat jo du halakorik gertatzea 366 migranteren heriotza eragin zuen hondamenditik bi hilabetera. Lampedusa guztien ahotan izan baitzen urri hasieran, Afrikatik ehunka migrante zeramatzan ontzi bat ondoratzean. Itsasoan galdu ez eta Mediterraneoko uharte txikira iristea lortzen dutenek ere atxikitze zentroan jasaten duten tratuak hautsak harrotu ditu berriz.
Lampedusa, harrera kooperatibak kudeatzen du 250 lagunentzat tokia duen zentroa —500 daude gaur egun—, eta Italiako Gobernuak hiru milioi euro eman zizkion iaz. Eguneko, migrante bakoitzagatik 30 eta 50 euro artean jasotzen ditu. Baina gehienak aterperik gabe lurrean diraute. Eta hazteriaren kontrako tratamentuaren gisakoak ohikoak direla diote hango bezeroek.
(Puede haber caducado)