Egunsenti Urrekarak ez du diru publikorik jasoko datorren urtetik aurrera
Greziako Parlamentuak urrian onartu zuen ekintza kriminalengatik akusatutako alderdiei finantzaketa etetea
Berria, , 19-12-2013ERREDAKZIOA
Greziako Parlamentuak alde handiarekin onartu du Egunsenti Urrekara alderdi neonaziari finantzaketa publikoa etetea. 272 diputatuetatik 241ek bozkatu zuten atzo legebiltzarreko Etika Batzordearen proposamenaren alde, eta, beraz, eskuin muturreko alderdiak ez du diru publikorik jasoko urtarrilaren 1etik aurrera.
Legebiltzarrak urrian onartu zuen jarduera kriminaletan nahastutako alderdien finantzaketa eteteko legea; haren arabera, alderdi batek ez du gehiago diru publikorik jasoko diputatuen edo zuzendaritzaren bosten bat formalki akusatu edo atxilotu egin badute. Ez da beharrezkoa behin betiko epairik egotea. Espresuki Egunsenti Urrekararentzat prestatutako araua da: Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagia eta beste bi diputatu behin-behinean preso daude, Pavlos Fyssas ezkerreko rap kantariaren hilketa dela eta. Alderdiko beste hiru diputaturi ere egozten diete afera hartan erantzukizuna izatea; baldintzapean aske daude, tartean Ilias Kasidiaris talde parlamentarioko burua. Dozenaka jarraitzaile ere auzipetuta daude.
Egunsenti Urrekarak hemezortzi ordezkari ditu 300 diputatuko legebiltzarrean, eta, beraz, talde parlamentarioaren ia heren bat dago formalki auzian nahastuta. Greziako hedabideen arabera, taldeak iaz 870.000 euro inguru jaso zituen estatuko funtsetatik, eta gutxienez beste bi milioi inbertsio pribatuetatik.
Beste hilketa bat ikertzen
Alderdi neonaziaren aurkako auzia daramaten epaileek beste gorabehera bat ere sartu dute ikerketan: urtarrilean hil zuten 27 urteko pakistandarra. Hilketa harengatik, epailearen aurrean dira egunotan bi gizonezko. Atzo hasi zen epaiketa, baina eten egin behar izan zuten biktimaren gurasoak ezin izan zirelako garaiz iritsi Atenasera. Akusatuek ukatu egin dute Egunsenti Urrekarako kide direla, baina haien etxeak miatzerakoan topatu dituzten zenbait elementuk pentsarazi diete epaileei alderdiko jarraitzaile izan daitezkeela; eskuorriek eta armek, besteak beste.
(Puede haber caducado)