«Emakume ijitoa komunitatearen bilakaeran lidergoa ari da hartzen»

Emakume ijitoen elkarteko kide da Jelen Amador, eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du berdintasuna lortzeko bidean.

Berria, ARAITZ MUGURUZA, 12-12-2013

Zuzenbidean matrikulatzeko helburuz atera zen etxetik 18 urte zituela, baina izena eman gabe atzera etxera itzuli zen Jelen Amador (Bartzelona, 1990). Eskolak arratsaldean jarri zizkioten, aitarekin gurtzera joaten zen garaian —artzain ebanjelikoa du aita—. Hala eta guztiz ere, matrikulatzeko esan zioten etxean, eta halaxe egin zuen. «Gurasoei zor diet, nolabait, unibertsitatera sartu izana, haiek animatu ninduten urratsa egitera». Lizentziatu zen, eta orain, doktoretza egiten hasiberri da. Drom Kotar Mestipen emakume ijitoen elkarteko kide da, eta haren izenean eman zuen hitzaldia atzo, Ijitoen Kultura eta Historiaren inguruko jardunaldietan, Donostiako Koldo Mitxelenan.

Unibertsitatera heldu diren ijitoak ez dira asko azaleratzen. Nolako lorpena izan da?

Gu erakusten ari gara ijito herritarrek egin ditzaketela goi mailako ikasketak, baita lanpostu on bat aurkitu ere. Erakutsi nahi diegu estereotipoek esaten dituzten helburuak baino haragokoak lor ditzakegula.

Helburu horiek lortzeko, ordea, erreferenteak beharrezko dira. Uste duzu horiek falta direla?

Badaude goi mailako ikasketak dauzkaten emakume ijitoak; gertatzen dena da ez direla gehiegi azaleratzen. Horregatik eramaten ditugu antolatzen ditugun ekintzetara. Haien berri zein informazioa emanez, ikasketekin jarraitzera edo ikasketei berriro heltzera animatzen ditugu.

Hezkuntza sistemak laguntzen die ijitoei ikasketekin jarraitzera?

Hamaika arrazoigatik ez dute ijitoek ikasketetan aurrera egiten, baina, izatez, hezkuntza sistemak badu joera horretan zeresanik. Ikasgeletan motibazio falta handia izaten da; sarri, baloratu gabe sentitzen dira ijitoak, azken batean, ikasgeletan gure kultura ikusezina baita. Horrek eskola urrutiko zerbait bezala sentiaraztera eramaten ditu, eta bilakatu ijitoen komunitateak inoiz lortuko ez lukeen zerbaitean.

Ehuneko txiki bat baino ez da iristen unibertsitatera. Zehatza da kopuru hori?

Ezin esan daiteke kopuru zehatza denik, oso zaila baita ijito bat identifikatzea. Guztiek ez dute aitortzen ijitoen komunitateko partaide direnik. Gainera, datu horretan ez da generoen arteko bereizketarik egiten, beraz, ez dakigu emakumezkoen zifra zenbatekoa den. Hala ere, nik ontzat jotzen dut, aurreko urteekin alderatuta goranzko joera hartu baitu.

Apurka bada ere, aldaketetan murgilduta dagoen komunitatea da. Zein zeregin izan dute emakumeek?

Bilakaera honetako lidergoa hartzen ari dira emakumeak, eta hori indartzeko ari gara lanean elkartean. Ahotsa eman nahi diogu emakume ijitoari, eta kultur transmisioko subjektu bilakatu. Emakume ijitoa aktibo bihurtu nahi dugu.

Parte hartzeari esker bilakatuko da subjektu?

Bileretan, topaketetan eta elkarteetan parte hartzera bultzatzen ditugu. Izan daitezela komunitatean hezkuntza sustatuko dutenak, hori izango baita berdintasuna lortzeko bidea, baita seme-alabei etorkizun hobe bat emateko bidea ere, bai komunitate barrura begira, bai komunitatetik kanpora begiratuta.

Hirukoitza da emakume ijitoek jasaten duten bazterkeria. Arraza, sexua eta ikasketen falta dela eta, lanpostu duin bat eskuratzeko zailtasunak izaten dituzte. Nola eragiten dizue bizitzan?

Ikasketek zuzenean eragiten dute gure bizitzan, lanpostu duin bat lortzeko bide baitira, eta, bide batez, baita bizi-kalitatea hobetzeko ere. Datuek diote emakume ijito baten bizi-itxaropena laburragoa dela. Horregatik hobetu behar dugu.

Ijitoena da gizartean okerren ikusita dagoen komunitateetako bat. Gizarte osoak duen erantzukizuna ahaztu gabe, egoera hori amaitzeko prestakuntza akademikoak izango du bere tokia, ezta?

Elkarbizitzak eramango du ijitoak gizartean ongi ikustera. Gizarte esparru desberdinetan ijitoen presentzia handia bada, errazago desagertuko da haiekiko mespretxua. Eta, noski, ikasketa bidez iritsiko gara gizartean gure tokia egitera.

Zure ikasketak ere emakume ijitoetan espezializatu dira.

Zehazki, Pentekostalismo ebanjelikoak emakume ijitoei nola eragiten dien aztertuko dut nire doktoretza tesian. Beharrezkoa ikusten dut erlijioa aztertzea, garrantzi handia baitu guregan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)