Agur malkoak euripean

Milaka herritar eta ia ehun estatutako ordezkariak bildu dira Johannesburgon, Nelson Mandelari azken agurra emateko Jendetzak txaloka hartu ditu Obama eta Castro; Zumari, berriz, txistu egin diote

Berria, SAMARA VELTE, 11-12-2013

Johannesburgoko FNB estadioan ozen entzun zitezkeen atzo Nelson Mandelaren hitzak. Hantxe eman zuen espetxetik irten osteko lehen hitzaldietariko bat, 1990eko otsailaren 13 hartan. «Itzul zaitezte zuen eskoletara, lantegietara, meatzeetara eta auzoetara», eskatu zien han bildutako 100.000 jarraitzaileei: «Aurrera goaz. Askatasunerako eta justiziarako bidea atzeraezina da. Askatasunari buruz hitz egin izan dut bizitzan. Zuen borrokak, zuen konpromisoak eta zuen diziplinak askatu naute, gaur hemen zuen aurrean egon nadin». Handik hogei urtera, Hegoafrikako lehen presidente beltzak azken agerraldi publikoa egin zuen estadio horretan bertan: futboleko munduko koparen finaleko partidan agertu zen azkenengoz jendaurrera, irribarrez baina biriketako gaitzak nabarmen ahulduta. Joan den astean hil zen Madiba; atzo, estadioak azken agurra eman zion.

Herritarrak eta munduko ia ehun gobernutako ordezkariak goizetik hurbildu ziren beltzen ghetto izandako Soweto auzora. Johannesburgon gogotik ari zuen euria, eta horrek aski atzeratu zuen Mandelaren omenezko ospakizun ofiziala. Euritan, arropa koloretsuak soinean eta dantzan, Apartheid-aren aurkako ereserkiak eta Hegoafrikako meatzarien aldeko leloak abestu zituzten harmailetan pilatutako jarraitzaileek. «Nelson Mandela, akekho ofana nawe [ez dago zu bezalakorik]» abestuz eman zizkioten eskerrak erregimen arrazista eraitsi zuen sinboloari. «Harengatik izan ez balitz, ez nuke izango gaur egun daukadan bizitza», azaldu zien Matlhogonolo Mothoagae ikasle beltzak estadioko sarreran zeuden kazetariei: «Preso egon zen, gu aske izan gintezen».

Hegoafrikarentzako ondarea

Ospakizunen erdian, hunkituta ageri ziren Mandela ezagutu zutenak: jendetzaren artean, goibel, urte luzez lagun izandako Desmond Tutu apezpikua. Hainbat erlijiotako zeremonia eskaini zioten hilberriari: hark eskatu bezala, erritu juduak, hinduak, musulmanak eta kristauak egin zituzten. Gero, Mandelaren gertukoek hartu zuten hitza: senideek lehenbizi, eta bidelagunek ondoren. «Zuhaitz erraldoia erori da, baina milaka hosto distiratsu zabaldu ditu», esan zuen haren biloba batek. Lionel Davis Robben irlako preso politiko ohiak, berriz, Mandelaren espetxealdia ekarri zuen gogora: «Robbenen, lehenengo aldiz, denok elkarrekin bizi ginen. Hegoafrika osotik gentozen, hainbat sineskera politiko eta erlijiosotatik». Handik egin zuen lan 46.664 presoak arrazagatiko segregazioa amaitzeko: «Adiskidetzearen ideia ez zen egia bihurtuko Mandelak hura bultzatu izan ez balu».

Hegoafrikako Gobernuak, berriz, presidente ohiak ANC Afrikako Kongresu Nazionalean betetako funtzioa nabarmendu zuen. «Mandelari begiratzen diodanean, Walter Sisulu eta Oliver Tambo ere ikusten ditut», azaldu zuen Jeff Radebe Justizia ministroak: «Hiru gizon horiek dira demokrazia berri hau eraiki zutenak. Haiei esker, eskaera formalak egiten zituen erakunde bat izateari utzi zion ANCk, eta tinko heldu zion Apartheid sistemaren aurkako borrokari».

«Hemen gaude Madibari esateko bere bide luzea amaitu dela, eta behingoz deskantsua har dezakeela, gure herrialde ederrari begiratuz», esan zuen Cyril Ramaphosa ANCko presidenteordeak: «Gure bidea hasi besterik ez da egin».

Obamari txalo, Zumari ulu

Kantuak oihu eta txistu bihurtu ziren, ordea, Jacob Zuma gobernuburua agertu zenean. Hegoafrikako egungo presidentearen irudia aski hondatu dute ustelkeria auzi batek —zabalik da haren aurkako ikerketa bat— eta meatzarien grebaren ondorioz sortutako istiluek. «Diziplina» eskatu behar izan zion publikoari hizketan hasi aurretik. «Askatasunaren aldeko borrokalaria zen Mandela», nabarmendu zuen azkenean, eta gogora ekarri zuen MK Umkhonto we Sizwe (Nazioaren Lantza) ANCren adar armatuaren sortzaileetako bat izan zela: «Borroka bere bizitza bihurtu zuen, eta guretzat inspirazio iturria zen espetxe barrutik». Atzo hogei urte bete ziren Mandelari Bakearen Nobel saria eman ziotela Hegoafrikako adiskidetze prozesuan egindako lanagatik: «Kontu handiz, zapaltzaileen eta zapalduen sumina eta frustrazioa kudeatzen asmatu zuen, eta guztiok partekatzen genuen gizatasuna gogorarazi zigun».

Nazioarteko hainbat goi kargudun ere bertan ziren: Mandelarekin iraganean harremana izandakoak, eta egungo ordezkari politikoak. Ellen Johnson Sirleaf eta Robert Mugabe, Liberiako eta Zimbabweko presidenteak, arrosa hori batekin eta betaurreko ilunekin agertu ziren jendaurrera; publikoak txaloka hartu zituen.

Latinoamerikako hainbat estatuburuk eredutzat jo zuten Mandela, eta Hegoafrikako arrazakeriaren aurkako borrokak Atlantikoaren bestaldeko iraultzekin izandako lotura ekarri zuten gogora. Raul Castro Kubako presidenteak, esaterako, Mandelaren eta Fidel Castroren arteko «laguntasun kutuna» nabarmendu zuen. «Borroka iraultzailearen sinbolo gorena» izan zen Mandela, Castroren hitzetan: «Berari esker gainditu zuen Hegoafrikak esklabotza eta arrazagatiko bereizketa. Kubak ere badu odol afrikarra, hark ere esklabotzaren aurka eta askatasunaren alde borroka egin zuelako».

Historikoki adiskide izan ez zirenek ere goraipatu zuten Hegoafrikako gerrillari ohiaren figura. AEBetako azken hamarkadetako hainbat presidente elkarren ondoan agertu ziren palkoan: Jimmy Carter, Bill Clinton, George W. Bush eta Barack Obama. Azken horrek hitz handiak erabili zituen Mandela deskribatzeko. Abraham Lincoln AEBetako presidente izandakoarekin eta Martin Luther Kingekin alderatu zuen, bereizkeriaren aurka egindako lanarengatik: «XX. mendeko azken askatzailea izan zen. Erakutsi zigun ezer ez dela ezinezkoa, egiten den arte».

«Hain zuzen ere, inperfekzioa onar zezakeelako maite genuen hainbeste: umore onez beteta egon zitekeelako, baita gaiztakeriaz ere, zeramatzan burdin astunak gorabehera». AEBetako lehen presidente beltza izanik, Obamak bere egin zituen Mandelaren hitzak, hark MK-ko buruzagitzaren aurkako epaiketan emandako hitzaldi sonatutik hartuta. Ez zuen borroka armaturik aipatu: aitzitik, Mandelaren «errebeldia harroaz» eta «justiziaren zentzu burugogorraz» mintzatu zen. «Madibak borrokarako grina kanalizatu zuen, plataformatan eta ekintzarako estrategietan antolatuz, gizon eta emakumeak euren duintasunaren alde altxatu zitezen». Ekitaldia hasi aurretik, elkar agurtu zuten Castrok eta Obamak. Keinuak oihartzun zabala eragin zuen berehala nazioarteko hedabideetan: Kubako eta AEBetako ordezkari gorenek ez diote sekula elkarri eskua eman.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)