Hendaian gora doa atxikitako etorkinen kopurua

Lapurdiko Cimadek dio aurten 300 inguru izango direla; hainbat talde batu dira etorkinen kanporatzeak salatzeko

Berria, Urtzi Urkizu, 05-12-2013

Frantzian eta Ipar Euskal Herrian paperik gabeko etorkinen atxikitze administratiboa «modu masiboan» erabiltzen ari direla salatu dute gobernuz kanpoko bost erakundek: Cimade, ASSFAM, FTA, Cosi Errefuxiatu Foroa eta Maltako Ordena erakundeek agerraldiak egin zituzten atzo hainbat hiritan. Urteko hirugarren txostena aurkeztu zuten, eta nabarmendu zuten iaz paperik gabeko etorkinen kanporatzeak %12 igo zirela aurreko urteko datuekin alderatuta. Kanporatzeen %60 epailearen parte hartzearen epea bete aurretik egin zituzten. Euskal Herrian badira etorkinekiko jarrera hori erakusten duten datuak. Lapurdiko Cimaderen arabera, Hendaiako atxikitze zentroan ugaritu egin dira aurten atxikitako etorkinak; 300 ingurura iritsiko dira. Atxikitzea «salbuespen» behar lukeela esan du taldeak.

Gobernuz kanpoko erakundeek gogorarazi dute Frantziako Gobernua iaz hiru aldiz salatu zuela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, «etorkinen tratuan ez zuelako legea bete». Paperik gabe dauden hainbat familiari «askatasuna mugatzen zaie» herritik irteteko agindua tramitatzen den bitartean. Gobernuz kanpoko bost erakunde horien arabera, 2011ko ekainean onartu zen immigrazio legeak «eragin kaltegarria» izan du etorkinentzat. Lege horrek zaildu egiten die kanporatze agindua jasotzen duten etorkinei epailearen aurrean helegitea jartzea. «Gitzalpetze eta kanporatze behartuen politika» bertan behera uzteko eskatu diote gobernuari. Erabaki bizkorrak hartzeko exijitu dute, «atxikitako pertsonen eskubideak eta askatasunak bermatzeko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)