Labanen itsasoan galduta

Eurosur mugen zaintzarako egitasmoa abiarazi dute Europako Batasuneko 18 gobernuk, «migrazio araugabea eragozteko» Melillako hesia mantentzeko asmoa agertu du Espainiak, «aukera hoberik ezean»

Berria, ION ORZAIZ, 03-12-2013

Segurtasun neurri berriak paratu dizkiote Europako kaiola handiari. Hemendik aitzinera, Europako Batasuneko kide gehienek zaintzarako sistema bera erabiliko dute «migrazio araugabeari» aurre egiteko: Eurosur egitasmoa. Atzo jarri zuten martxan, Frontex Atzerriko Mugen Kontrola Kudeatzeko Europako Agentziako hemezortzi herrialdeetan, eta hemendik urtebetera kontinente osora zabalduko dute. Egitasmoaren helburua «ezbeharrak saihestea» eta «migratzaileen bizitzak salbatzea» dela nabarmendu dute EBko arduradunek, baina egiazki, paperik gabekoen ontziak detektatzeko eta bertan doazenak atxilotzeko sistema zaharren eguneratzea da.

Gobernuen arteko «elkarlanean» eta «informazioaren partekatzean» oinarritzen da programa berria: «Horrela, urperatzeko arriskuan dauden ontziak atzematea errazagoa izanen da segurtasun indarrentzat», adierazi zuen atzo Cecilia Malmstroem-ek, EBko Barne Gaietarako komisarioak. Eurosur sistema erabilita, Europako Batasuneko gobernuek Mediterraneoan dauden «legez kanpoko» ontzi guztien informazio zehatza izanen dute une oro, eta baliabide militarrak partekatu ahal izanen dituzte, «azkarrago eta modu eraginkorragoan esku hartu ahal izateko».

Eurosur proiektuaren garapena 2008an hasi zen arren, zaintza sistema «lehenbailehen» abiaraztea iragan den urrian adostu zuten Europako agintariek. Lampedusa uharteko uretan gertatutako hondamendiaren ostean, «elkarlana areagotzeko eta zaintzarako baliabideak ugaritzeko» konpromisoa hartu zuten EBko Atzerri ministroek, «berriz halakorik gerta ez dadin». Hala ere, migrazioaren sorburura eta etorkinen arazoetara jo beharrean, «segurtasuna» izan zen mintzagai bakarrenetako bat bilkura horretan. Ministroentzat, «arazoa» ez zen sorterritik ihes egitera behartutako pertsonena, «immigrazioaren karga sufritzen duten estatuena» baizik.

Izan ere, Dublin II Europan indarrean den araudiak etorkinen erantzule egiten ditu mugan dauden estatuak. Ondorioz, gobernu horiek —Espainia, Italia, Grezia…— mugaldeko kontrolak zorroztu dituzte, eta horrek atea ireki dio hainbat lege arbitrariori.

Espainiako Gobernua, adibidez, hesi labanadunak paratzen hasi zen 1998. urtean, Ceuta eta Melilla hirietako ingurumarietan, Marokotik igarotzen diren migratzaileek muga zeharkatu eta Europara sar ez zitezen. Hasieran hiru metroko hesia zen, eta gaur egun sei metroko altuera eta hamabi kilometroko luzera duen sistema hirukoitz bat da : labanaz sendotutako sei metroko hesi bat, segurtasun kamerak, alarmak eta sentsoreak dituen bigarren bat eta, tartean, hiru metroko zirga bat, altzairuzko kablez egina. Gainditu ezinezko oztopoa eraiki nahi izan zuen Espainiako Gobernuak. Desesperazioak jota, ehunka lagunek zeharkatzen dute urtero.

Giza eskubideen aldeko erakundeek behin baino gehiagotan salatu dute sistema hori, zauri larriak eragin ditzakeelako. 2009an, esate baterako, Sambo Sadiako senegaldarra odolustuta hil zen Ceutako hesian. Labanekiko alanbreak arteria bat ebaki zion. Handik bi urtera, beste pertsona bat gelditu zen harrapatuta hesi berean, alanbretik askatu ezinik. Zauriak zituen gorputz osoan.

PPko Jose Maria Aznarren gobernuak ezarri zuen sistema hori estreinakoz, baina PSOEk indartu egin zuen 2005ean, agintean zela, lau milioi euroko segurtasun plangintza baten barruan. Hesiaren zatirik arriskutsuenak kendu egin zituen gobernu horrek 2007an, eta Mariano Rajoyren exekutiboaren erabakia izan da alanbre labanaduna Melillako ingurumarietan berriz jartzea.

Orain arte, salaketa eta protestei entzungor egin die Espainiako Gobernuak. Labanekiko hesia kentzeko asmorik ez duela esan zuen atzo Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek: «Eragozpenerako neurri bat da. Neurri egokia, gainera, pasiboa delako, eta ez erasokorra». Hesi labanaduna «edonork» eros dezakeela nabarmendu zuen Fernandez Diazek. «Zergatik ez du, bada, gobernu batek erabiliko, bidegabeki sartzen direnak kontrolatzeko? Alternatiba hoberik ezean, hori erabiltzen jarraituko dugu».

Droneak, «oraingoz ez»

Hesia kendu eta, horren ordez, piloturik gabeko hegazkinak erabil ditzala proposatu dio berriki PSOEk Rajoyren gobernuari. Bide hori, alta, Europatik itxi diote. Michele Cercone EBko eledunaren esanetan, Eurosur sistemaren barruan dauden herrialdeek ezin dute dronerik erabili, «debekatuak baitaude Europako aire eremu zibilean». Beraz, «oraingoz», ohiko zaintza eta jazarpen sistemei eutsiko diete Europako gobernuek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)