URRETXU

Aniztasun Mahaiak 'Bizilagunak' ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak

Diario Vasco, F.J.A.G. | URRETXU., 15-11-2013

SOS Arrazakeriak taldeak antolatuta, datorren azaroaren 17an, igandea, Bizilagunak ekimena ospatuko da. Urretxuko Aniztasun Mahaiak, ekimen honekin bat egin, eta urretxuarrak Bizilagunak ekimenean parte har dezaten animatu nahi ditu.

Bizilagunak ekimenaren helburua, kultura ezberdinak elkar ezagutu eta harremanetan ipintzea da, eta horretarako bertako eta atzerritik etorritakoak mahai baten inguruan elkartu nahi dira. Modu honetara, zuzeneko harremanaren bidez, bertakoak nahiz kanpotik etorritakoak, hurbiltzeko urratsa eman nahi da. Esperientzia berriak ikusmira zabaldu eta estereotipoak eta aurreiritziak gainditzeko modurik aproposena direlako.

Jende berria ezagutu eta haiekin egotea, bazkari batean besterik ez bada ere, aukera atsegina eta aberasgarria gerta daiteke. Bertako pertsona askok ez du aukerarik edota ez daki zer egin atzerritik iritsitako pertsonak ezagutzeko, eta alderantziz. Bizilagunak ekimena aukera paregabea da nork bere jakin – mina asetzeko eta bestelako jatorria, kultura, ohiturak edota pentsaerak dituzten pertsonak ezagutu eta ordu batzuk gustura pasatzeko.

Ekimen honetan ‘bizilaguna’ ezagutzeko jakin – mina duen edonork parte har dezake. Parte hartzeko bi modu daude, familia bezala (edozein motatakoa izan daiteke) edo dinamizatzaile bezala.

Parte hartzeko 943 321 811 telefono zenbakira deitu edo info@mugak.org posta elektronikora idatz daiteke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)