Falangeko ordezkari baten salaketagatik, epaitegira

Jose Ignacio Irusta ultraeskuindar ezagunak mehatxuak egotzi dizkio frankismoaren aurkako elkarte bateko kide bati

Berria, OIHAN VITORIA, 12-11-2013

Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kide Eduardo Gonzalezek epailearen aurrean deklaratu zuen atzo, Falange y Tradicion eskuin muturreko taldeko ordezkari ospetsu Jose Ignacio Irustak jarritako salaketaren karietara.

Joan den ekainaren 15ean frankismoaren krimenak zigorrik gabe ez uzteko eskatu zuten milaka lagunek Bilboko kaleetan eginiko manifestazio batean. Hain justu, mobilizazio horretako parte hartzaileengandik mehatxuak pairatu zituelakoan, elkarretaratzearen bultzatzailea salatu zuen Irustak. Deklaraziora, ordea, ez zen haren ordezkaririk azaldu.

Plataformak bestelako ikuspuntua du, eta Irustaren testigantzak gezurtatu ditu, Gonzalezek epailearen aurrean berretsi zuen bezala: «Moyua plazatik martxa abiatu eta gutxira, Irustak hiru aldiz zeharkatu zuen manifestazio burua, eta keinu zirikatzaileak egin zizkigun». Horren ondotik, tentsio uneak areagotu zirela nabarmendu du Gonzalezek, antolatzaileek Falangeko kidea ezagutu eta aurre egin baitzioten. «Harengana gerturatu eta jarrera hori bertan behera uzteko galdegin genion. Alde egin zuen».

Jose Ignacio Irustak aurrekari ugari ditu istiluak eragiteagatik. Hala, egoera okerrera joan ez zedin, Ertzaintza gertaeraren tokira bertaratu zen, eta identifikatu egin zuten. Irustak, baina, ez zuen alboratu bere jarrera, eta, gerora ere, «probokatzen» segitu zuen, Gonzalezen arabera. «Kale Nagusiko banku batetik desafioz begiratu zigun». Hori dela eta, Irustaren akusazioa «kontraesanez» betea dagoela eta errealitatearekin bat ez datorrela uste du Gonzalezek. Gertaerak «asmatzea» leporatu dio: «Inork ez zion erasorik egin. Boikot egitea zen haren helburu bakarra».

Irustaren abokatuak helegitea aurkezteko aukera badu ere, hamar egun edo astebeteren bueltan epaileak kasua artxibatzea espero du Gonzalezek. Dena dela, Irustak jokaera berberarekin jarraitzeak kezkatzen diola aitortu du. Plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko epaitegiaren atarian, eta, Gonzalezi elkartasuna adierazteaz gain, frankismoaren jarduera kriminal oro zigortzea exijitu zuten: «Horrelako erasoen aurrean inpunitateak ez du lekurik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)