Ana Urrutiaren 'Implicada' saioa estreinatuko dute gaur ETB2n, 22:15ean
Ijitoen komunitate batean sartuko da Urrutia, haien errealitatea barrutik ezagutarazteko
Berria, , 30-10-2013Erredakzioa
Implicada saioa estreinatuko dute gaur iluntzean ETB2n. Docureality horren bitartez, gizarteko hainbat lanbide, komunitate eta negozioen berri emango dute. Ana Urrutia arituko da aurkezle lanetan. Haren eginkizuna komunitate horien barruan murgildu, eta lehen pertsonan horien berri ematea izango da. Gaurko lehen saioan, ijitoen komunitate batean sartuko da. Eliza ebanjeliko bat bisitatuko du, kalez kale saltzaile gisa ibiliko da, eta emaztegai bati ezkontzarako soinekoa erosten lagunduko dio.
Asteazkenero emango dute saioa. SortuMedia ekoizpen etxeak ekoitzi du, eta Maria Lopez da saioaren zuzendaria. Hurrengo saioetan erotismoaren mundura eta alor horretan lan egiten duten enpresetara hurbilduko da aurkezlea.
EITBtik azaldu dutenez, saioa erreportaje eta elkarrizketez harago doa. «Saio bizia da, eta azal eta hezurrezko jendea izango du protagonista», adierazi dute prentsa ohar baten bidez. Urrutiaren eginkizuna mundu horietan murgiltzea izango da, kide bat gehiago izango balitz bezala. Urrutiak saioa aurkeztu ez ezik, bere bizipenen berri emango du blog batean.
(Puede haber caducado)