Nafarroan osasun arreta unibertsala ez dagoela ziurtatua salatu dute

Espainiako Gobernuak botiken berrordainketa «inposatzea» kritikatu du Nafarroako Osasun Plataformak

Berria, , 29-10-2013

ERREDAKZIOA IRUÑEA

Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak osasun arloan hartutako hainbat neurri salatu zituen Nafarroako Osasun Plataformak atzo, Iruñean. Osasun arreta unibertsala ez dago ziurtatua, plataformaren arabera. «Osasunaren eskubidea oinarrizko eskubidea da gizakiarentzat, eta ez du egon behar egoera ekonomikoak zein pertsonaren egoera administratiboak baldintzatua», esan dute plataformako ordezkariek.

Nafarroako osasun sistema publikoan bi mehatxu agertu direla salatu du plataformak: «Alde batetik, Madrilgo gobernuak berrordainketa berri bat inposatu digu ospitaletako botikekin». Nafarroan 1.400 pertsonari eragin die. Eta modu horretan, urtean 70.000 euro aurreztuko dituztela adierazi dute Nafarroako Gobernuko ordezkariek: 2013ko ospitaleetako botiken fakturaren %0,08. «Hartutako neurri hori oso larria da, etika eta gizatasun gabekoa, gaixotasun oso larriak dituztenei eta ezgaitasunak dituzten gaixoei eragiten baitie». Pertsona horiek ezin direla zigortu ohartarazi dute.

«Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuak osasun arretari kalte egiten dioten zenbait neurri ezarri ditu, hainbat osasun profesional osasun etxez aldatuz», adierazi dute plataformako kideek. «Oinarrizko laguntzak Osasunbidean jasaten duen utzikerian sakontzen du neurri horrek». Plataformak, gai horretan, honako aldarrikapen hau egin du: «Behar adina profesional behar ditugu, ongi prestatuak, gaixo kopuru egokiak dituztenak, oinarrizko laguntzak dituen arlo guztiak ondo betetzeko».

Nafarroako osasun publikoaren sistemak «arazo kronikoak» ditu, Nafarroako Osasun Plataformaren arabera. «Mediterranea de Catering enpresaren bidez pribatizatutako ospitaleetako sukaldeen egoera lotsagarria da». Bestetik, osasun zerbitzuen «pribatizatze mehatxu berriak» nabarmendu dituzte: laborategi batuak, odol bankua, garbiketa zerbitzuak… Itxaron zerrenden gehitzea «etengabea» dela ere salatu du plataformak. «Ehunka nafar kondenatuak daude amaigabeko itxaroaldira». Egoera hobetzeko itxaropenik ez dute antzematen.

Plataformaren arabera, osasun sistema publikoa sendotzeko eta berrindartzeko «borondaterik ezak» sortu ditu bideragarritasun zalantzak. «Horrela, pribatizazioa martxan jartzea saihetsezina dela agertzen saiatu dira, zerbitzuak kanporatuz eta sistema publikoa ahulduz».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)