Paperik gabeen osasun arretari helegitea jarri dio Estatuaren abokatuak
Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion Eusko Jaurlaritzari, eta udan paperik gabekoak artatzeko agindua argitaratu zen Berrordainketari aurre egiteko, laguntzetan 18 milioi euro erabiliko ditu Jaurlaritzak
Berria, , 29-10-2013Espainiako Estatuaren abokatuak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzari, paperik gabeko etorkinei osasun arreta bermatzeko dekretuaren aurka. Espainiako Gobernuak onartutako 16/2012 legeak osasun txartela izateko eskubidea ukatzen die paperik ez duten etorkinei, iazko irailetik. Jaurlaritzak, ordea, lege horren aurka jo zuen. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion abenduan, eta uztailaren 22an agindua argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. Espainiako agindua indarrean jarri aurretik, osasun txartela zuten pertsonei txartela mantenduko ziela iragarri zuen Jaurlaritzak. Eskaera berrientzat, ordea, urtebete erroldatuta egoteko baldintza jarri zuen Jaurlaritzak, baita diru sarrerak bermatzeko errenta baino sarrera txikiagoak izatea ere.
Baldintza horiek betetzen ez dituztenak Osakidetzan artatzen dituzte, larrialdietan. Baita osasun publikoari eragiten dioten kasuetan ere. Haurdun dauden etorkinei eta 18 urtetik beherakoei ez dizkiete jartzen aipatutako baldintzak.
SOS Arrazakeria eta Munduko Medikuak erakundeek azkeneko hilabeteetan gaitzetsi dute nahitaezkoa izatea gutxienez urtebetez erroldatuta egotea.
Jaurlaritzaren dekretuaren aginduaren inguruan eztabaidatu zuten atzo Eusko Legebiltzarreko osasun batzordean. EH Bilduk, PSE-EEk eta UPDk doako osasun arreta eskatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren pertsona guztientzako, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin diote erroldaren baldintza kentzeko. EH Bilduko legebiltzarkide Eva Blancok kritikatu du baldintzak gogortzea, eta gogorarazi du atzerritar askok zailtasunak dituztela etxebizitza bat lortu eta erroldatu ahal izateko.
Iñigo Lamarca arartekoak ere Eusko Jaurlaritzari eskatu die paperik gabe dauden etorkin guztiak artatzeko, baita urte bat erroldatuta ez daudenak ere.
Eskaera horren harira, Iñaki Berraondo Osasun Segurtatze eta Kontratazio zuzendariak adierazi du Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzaren arau berria onartu zuela, gutxienez urtebetez erroldatuta egoteko betebeharra jasotzen zuen artikuluari dagokionez. «Eusko Jaurlaritza Auzitegi Konstituzionalaren autoan oinarritzen da, praktika posibilista bat garatzeko, legea betez eta kaltetuei osasun arreta eskainiz», esan du Berraondok. «Aginduarekin, arautzen ari gara paperik gabe dauden pertsona gehienen osasun arreta». Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara duela urte bat baino lehenago iritsi direnak dekretutik kanpo gelditzen direla onartu du. 700 pertsona inguru daude egoera horretan.
Laguntzen dekretua, laster
Bestalde, berrordainketa konpentsatzeko laguntza ekonomikoak arautuko ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak. Herritarrek Zuzenean arreta zerbitzuaren bidez eskatu ahalko dituzte laguntzak, Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioetan oinarrituta. Diru saila hemezortzi milioi eurokoa izango da, eta handi daiteke. Laguntzak dirua amaitu arte soilik ematea zen Jaurlaritzaren lehen asmoa, baina orain, eskari guztiei aurre egingo dietela iragarri du.
Eusko Jaurlaritzako osasun batzordean, Jon Darpon Osasun sailburuak agerraldia egin zuen atzo, PSEk eta UPDk eskatuta, berrordainketak eragindako taldeei emango dizkieten laguntzen inguruan aritzeko. Sailburuak adierazi zuen laguntzak «funtsezkoak» direla behar handienak dituzten pertsonen arreta bermatzeko, eta arlo horretan gizarte aldeak saihesteko. «Gaixotasun eta behar egoera objektiboan dauden zenbait herritar talderen tratamenduak bermatzeko beharrezkoak dira laguntzak, herritar horiek ezingo baitituzte sendagaiak beste modu batera ordaindu».
«Zuzentasun printzipioari eustea» da Jaurlaritzaren helburua. Adineko pertsonak, baliabiderik ez duten langabeak eta gizarte bazterketa arriskuan daudenak lagundu behar dira, Darponen ustez. Dekretu berriaren arabera, laguntzak jaso ahalko dituzte Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa daudenek eta urtean 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituztenek, langabezian daudenek eta langabezia saririk jasotzen ez dituztenek, baita osasun sisteman asegurudunak izan ez arren osasun sariak emateko araubidean sartu eta baliabiderik ez dituztenek ere. Prozedura errazten saiatuko da Jaurlaritza.
(Puede haber caducado)