Neonazien finantzaketa publikoa bukatzeko bidea ireki du Greziak
Ezusterik gabe, parlamentuak onartu du delituetan nahastuta dauden alderdien diru iturriak arautzeko legea
Berria, , 24-10-2013ERREDAKZIOA
Espero bezala, Greziako Parlamentuak atzo goizaldean eman zion oniritzia alderdien finantzaketa publikoa arautzeko legeari. Horren arabera, gutxienez alderdi bateko diputatuen edo zuzendaritzako kideen bosten batek«ekintza kriminalekin edo terroristekin» zerikusia duelakoan akusazio formalak jaso baditu, alderdi horri estatuaren finantzaketa kenduko zaio. Lege horrek alderdi jakin bat du helburu: Egunsenti Urrekara neonazia. Baina legean ez da espresuki aipatzen, eta hori izan da arrazoietako bat kontsentsu osoa ez lortzeko.
Arrazoi horregatik eman dute abstentzioa KKE Greziako Alderdi Komunistako hamabi diputatuek. Beldur dira alderdi neonazia espresuki ez aipatzeagatik legea aurrerantzean «herri mugimenduaren» aurka ere erabiliko ote den. Greziar Independenteak eskuineko alderdiak ere abstentzioa eman du. Soilik akusazio formala egin beharrean, finantzaketa eteteko zigorra ezarrita edukitzea nahi zuen baldintzatzat. Egunsenti Urrekarako diputatuek, berriz, aretoa utzi dute bozketa egin aurretik.
300 diputatutatik 269k parte hartu dute bozketan. 235 agertu dira alde, eta 34k abstentzioa eman dute. Antonis Samaras lehen ministroa, eskuineko ND Demokrazia Berria alderdikoa, ez da saiora agertu.
(Puede haber caducado)