Grezian Egunsenti Urrekarari diru iturria ixtea itundu du parlamentuak
Delituetan nahastuta dauden alderdiei diru publikoa ukatzearen alde egin dute alderdi gehienek
Berria, , 23-10-2013ION ORZAIZ
Egunsenti Urrekara alderdi neonaziak hemendik aurrera zailtasunak izan ditzake finantzatzeko. Izan ere, Greziako Parlamentuan atzo ziren bozkatzekoak «jarduera kriminaletan» nahastuta dauden alderdi politikoen finantzaketa publikoa eteteko legea, eta azken egunetan alderdi gehienek babesa adierazi diote arauari.
Greziako Gobernuak hitzarmena lortu zuen Siriza ezkerreko alderdiarekin legea babesteko, hasiera batean ezadostasunak azaleratu baziren ere. Izan ere, oposizioko ezkerreko alderdiek ez zuten testuan terrorista hitza agertzerik nahi, horrek dituen konnotazioengatik —ekintzaile ezkertiarrak definitzeko erabili izan baita behin baino gehiagotan—. Azkenean, ordea, Sirizak atzera egin zuen eta legeari baiezkoa emanen ziola iragarri zuen iragan astean. KKE alderdi komunistak, berriz, abstentziora jotzeko asmoa agertu du, Greziar Independenteak alderdiak bezala. Egunsenti Urrekara izan da orain arte neurriaren kontra azaldu den bakarra, eta «konstituzioaren kontra doalako» helegitea aurkeztuko duela iragarri du.
Arau berriaren arabera, alderdi bateko diputatuen edo organo nagusiko kideen %20 «jarduera kriminal edo terroristengatik» atxilotu edo auzipetu badituzte, finantzaketa publikoa eteteko aukera izanen du Greziako Gobernuak. Egunsenti Urrekararen neurrira egina dago arau berria. Aurten, 873.115 euro jaso ditu alderdi horrek diru publikoetatik; eta beste bi milioi euro, berriz, iturri pribatuetatik.
(Puede haber caducado)