Epaileak espetxera bidali ditu Egunsenti Urrekarako buruzagiak

Alderdiko lau kide, gutxienez, Pavlos Fyssas rap kantariaren hilketan nahastuta daudela dio epaileak

Berria, , 04-10-2013

Erredakzioa

Greziako epaile batek espetxera bidali ditu behin-behinean Egunsenti Urrekara alderdi neonaziko lau kide, Pavlos Fyssas rap kantari antifaxistaren hilketan eragin zuzena izan zutelakoan. Herenegun hartu zien deklarazioa Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagiari —atzo goizaldera arte iraun zuen—, Yannis Lagos diputatuari eta Yorgos Patelis udal mailako agintariari, eta espetxealdi prebentiboa ezarri zien atzo. Ordu gutxira, gauza bera egin zuen Khristos Pappas diputatuarekin.

Mikhaloliakos eta Lagos Atenas inguruko segurtasun handiko presondegi batera eraman dituzte. Lehenari erakunde kriminal bateko buruzagi izatea leporatzen diote: fiskalaren arabera, fuehrer estatusa zeukan Egunsenti Urrekararen barruan —Adolf Hitlerrek Alemaniako alderdi nazionalsozialistan zeukan berbera—, eta haren aginduak «eztabaidaezinak» ziren. Patelis, berriz, Grezia erdialdeko espetxe batera eraman dute, Fyssasen hilketagatik zigortutako Yorgos Rupakias dagoen leku berera. Kolaborazioa egozten dioten polizia bat ere espetxeratu dute.

Alderdiak «bidegabetzat» jo du epailearen erabakia. «Boteregune atzerritarren aginduei» men egitea leporatu dio Greziako Justiziari.

Ezkerretik, kezka

Alderdi neonaziaren hedapenagatik larrituta agertu da ezkerreko Syriza alderdia. Alexis Tsipras buruzagia Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenterekin bildu zen atzo, eta azken egunotako gertakarien inguruko kezka agertu zuten, bereziki «Egunsenti Urrekararen biktimengatik eta mehatxupean dauzkatenengatik». Krisi ekonomikoak prozesu hori erraztu duela argudiatu zuen Tsiprasek: «Greziako herritarrek azken urteotan jasan behar izan dituzten aurrezte politika neoliberalek ekarri dute neonaziak hedatzea». Schulzek Bigarren Mundu Gerrako triskantza ekarri zuen gogora: «Naziek nazi izaten jarraitzen dute, eta halako jendearentzat ez dago lekurik gizarte demokratikoan».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)