Lampedusan ehundik gora etorkin ito dira, eta beste 200 desagertuta daude

Eritrea eta Somaliako 500 bat etorkin zeramatzan ontzi batek su hartu du, eta irauli egin da Italiako uretan

Berria, , 04-10-2013

Xabin Makazaga

«Itsasoa gorpuz beteta dago. Bizirik irten direnak non sartu ez dakigu, eta hilak ere ez». Lampedusako alkate Giusy Nicoliniren hitzek argiki azaltzen dute atzo Italiako uretan gertatutako tragediaren neurria. Ehun eta hogeita hamar etorkin baino gehiago hil ziren itota, eta beste 200 inguru itsasoan galduta daude.

Eritrea eta Somaliako 500 immigrante inguru zeramatzan itsasontzi batek, Libiatik Italiara, eta su hartu zuen Lampedusatik gertu. Kostazainek ikus zitzaten piztu zuten sua, antza, lurrera iritsi ezinik zeudelako; baina ontziak su hartu zuen, jendea uretara salto egiten hasi zen, eta ontzia irauli egin zen, immigranteek beraiek kontatu dutenez.

Siziliatik 200 kilometro hegoaldera, Afrikako kostaldetik 110 kilometro pasera dago Lampedusa. Hiruzpalau eguneko itsasaldian iristeko moduan, paperik eta itxaropenik gabeko immigranteen ametsa amesgaizto bihurtu ohi da askotan. «Izugarria da. Etengabe ari dira iristen hilotzez betetako ontziak», esan zuen atzo Lampedusako alkateak. Urte eta erdi eskas darama karguan, eta otsailean Europako Batasunera gutun bat ere helarazi zuen, Nire uharteko hilerriak zenbaterainoko handia izan behar du? goiburuarekin. Atzo ere Europaren utzikeria salatu zuen: «Ezin dute [etorkinek] baldintza hauetan etortzen jarraitu. Horrela bada, hobe litzateke haien bila joango bagina».

Ontzian zeuden 500 immigranteetatik 150 inguru onik erreskatatu dituzte, batzuek hipotermia zantzuak izan arren. Lurrera iritsita, baina, Eritrea eta Somaliako etorkinak non sartu ere ez daukatela adierazi dute 6.500 biztanle dituen uharteko agintariek.

Lampedusako harrera zentroan 1.350 etorkin ari dira artatzen, nahiz eta 700 lagunentzako tokia izan. Eta uharteko hilerri bakarrean hamarka dira izenik gabeko hilobiak, Siziliako kanalean itotako etorkinenak.

Europako Batzordetik «larritasuna» agertu du Cecilia Malmstroem Barne komisarioak, eta «giza trafikatzaileen aurkako borroka» indartzera deitu du. Atzo, hain zuzen, onik atera zen bidaiarietako bat, ustezko trafikatzailea, atxilotu zuten Lampedusan.

Fortress Europe fundazioaren azken txostenak dio 1990etik 8.000 immigrante hil direla Siziliako kanalean, horietatik 2.770 Libiako gatazka piztu zenean, 2011n.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)