Egunsenti Urrekarako hiru diputatu aske utzi ditu epaileak

Yannis Lagos parlamentaria espetxeratu du magistratuak, eta libre utzitakoen aurkako akusazioei ere eutsi egin die Erabakia ezustean hartu dute Grezian, neonazien aurka atzerapauso bat delakoan

Berria, , 03-10-2013

Mikel Rodriguez

Asteburuan atxilotutako Egunsenti Urrekarako sei diputatutatik hiru aske uzteko agindu du epaileak. Lau pasatu ziren atzo epailearen aitzinetik; bat preso sartu zuen, eta bertze hiruren aurka akusazioei bere hartan eutsi arren, preso atxikitzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi du. Erabakia ezustean hartu dute Grezian, alderdi neonaziaren aurka irekitako prozesuan atzerapauso bat izan daitekeelakoan. Haralambos Athanasiu Justizia ministroak gezurtatu egin behar izan du epailearen erabakiaren ondorioz dimisioa emateko asmoa zuenik, eta Yannis Mikhelakis Barne ministroak oroitarazi du hiru diputatu aske uzteak ez duela erran nahi epaileek akusazioak baztertu dituztenik. Egunsenti Urrekarak, ordea, garaipentzat hartu du erabakia. «Justiziak ez du nahi izan atzerritarren basailutzat jokatzen duen gobernu baten agindua bete», adierazi du ohar batean. Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagia bart arratsean eraman zuten epailearen aitzinera.

Greziako hedabideen kontakizunaren arabera, aske utzitako hiru diputatuek jarraitzaileak zain zituzten auzitegi kanpoan, eta kazetariak bultzaka hartu zituzten taxira ailegatu arte. «Ez dugu amore emanen! Soilik balekin gelditu ahal gaituzue. Hilobitik ere zutituko gara. Ongi aditu!», garrasi egin zien Nikos Mikhos diputatuak kamerei. Mikhosi, Ilyas Kasidiarisi eta Ilias Panagotiarosi herrialdetik ateratzeko debekua ezarri die epaileak behin-behineko neurri gisa. Kasidiarisek, gainera, 50.000 euroko bermea ordaindu behar izan du.

Egunsenti Urrekarak parlamentuan duen bozeramailea da Kasidiaris. 33 urte ditu, eta armadako talde berezietan aritutakoa da. Ospetsu egin zen iaz Liana Kanelli diputatu komunista kolpatu zuelako telebistako eztabaida batean. Panagiotarosek, berriz, 40 urte ditu, eta atzerriko hedabideetan maiz agertu izan da, ingelesez dakielako. Mikhosek 44 urte ditu, eta jendaurrean gutxiago agertu ohi da. Epaileak behin-behinean espetxeratu duena Yannis Lagos da, 41 urtekoa. Grezian ez ezik, nazioartean ere ezagun egin da, ekar hartutako bi arrazoirengatik: itxura fisikoarengatik —handia eta gihartsua da, eta bibote luze eta iletsua dauka— eta Mikhaloliakos alderdiko buruaren agerraldietan haren ondoan agertu delako ia beti, bizkartzain baten gisan.

Polizia bat gehiago atxilotuta

Denera, 22 lagun atxilotu ditu Poliziak Egunsenti Urrekararen aurkako sarekadan. 1987tik ezkerreko militanteen eta etorkinen aurkako erasoak egin dituen talde bateko kide izatea leporatzen die guztiei. Lagosek, gainera, estortsio eta proxenetismo karguak ditu. Iragan irailaren 17an alderdiko kide batek Pavlos Fyssas rap abeslaria eta ezkerreko ekintzailea hil ondotik hasi dute agintariek Egunsenti Urrekararen aurkako prozesua, karrikan mobilizazio handia sortu baita. Alderdia legez kanporatzeko eztabaida ireki da Grezian.

Egunsenti Urrekarak lotura du armadarekin eta Poliziarekin. Mikhaloliakos bera militar ohia da, eta estatu kolpea eman zuten militarrekin egon zen espetxean 1970eko hamarkadan. Khristos Pappas alderdiko buruzagiordea, Junta Militarraren aldeko teniente-jeneral baten semea da —Pappas gaur da pasatzekoa epailearen aitzinetik—. Egunsenti Urrekararen aurkako operazioan Poliziako kideak ere atxilotu dituzte. Atzo, Atenasko Ayios Pantelimonas auzoko poliziaburu ohia atxilotu zuten. Akusazioetan ez dute zuzenean alderdi neonaziarekin lotu, baina Greziako hedabideek horren ondorioz dela diote, Egunsenti Urrekarak presentzia handia duelako auzoan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)