Egunsenti Urrekarako diputatu neonaziak hasi dira deklaratzen

Hiruk ukatu egin dute alderdiko kide izatea; bihar buruzagiak hasiko dira epailearen aurrean agertzen

Berria, , 02-10-2013

Erredakzioa

Atzo hasi ziren epailearen aurrean deklaratzen Egunsenti Urrekara Greziako alderdi neonaziaren aurkako sarekadan atxilotutako kideak. Goizean hiruk hitz egin zuten, eta ukatu egin zuten alderdiko kide izatea. Arratsaldean, berriz, lau diputatu igaro ziren epailearen aurretik, tartean Yannis Lagos parlamentaria eta Ilyas Kasidiaris bozeramailea. Denera, 22 pertsona atxilotu dituzte alderdiaren aurkako sarekadan. 1987tik ezkerreko militanteen eta etorkinen aurkako erasoak egin dituen talde bateko kide izatea leporatzen diete guztiei; Lagosek, gainera, estortsio eta proxenetismo karguak ditu. Datozen egunotan jarraituko du epaiketak: bihar Nikos Mikhaloliakos alderdiko buruzagiak deklaratuko du, eta etzi Khristos Pappasek, haren ordezkoak.

Auzipetutako diputatu baten abokatua, bestalde, Demokrazia Berria alderditik kanporatu dute; hain zuzen ere, bezero neonazia defendatzeagatik. Andonis Samaras lehen ministroaren alderdia da Demokrazia Berria: Pavlos Sarakis abokatuaren jokabidea «etikoa» ez dela iritzita kanporatu dutela jakinarazi dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)