Bizilekuen azpian gurtza zentroak jartzea debekatu du Bilboko Udalak
Hiri Antolamendurako Plan Nagusiko artikulu bat aldatzea onartu du udalbatzak, etxebizitza eraikinen erabilera mugatzeko Neurriak «gutxiengoak baztertzeko» helburua duela salatu du SOS Arrazakeriak
Berria, , 26-09-2013Gurtzarako zentroen hedapena mugatu du Bilboko Udalak. Hiriburuko etxebizitza eraikinetako erabilerei buruz HAPN Hiri Antolamendurako Plan Nagusiak dakarren artikulu bat aldatzea onetsi zuen atzo osoko bilkurak; hala, eraikin horietako beheko solairuetan ezin izango da otoizlekurik jarri. Oposizioko alderdi batzuen eta hainbat gizarte eragileren kritikak eragin ditu neurriak, «baztertzailea» eta «arrazista» delakoan. Auzia auzitara eramatea aztertzen ari dira zenbait kaltetu.
2010etik dator otoizlekuen inguruko eztabaida, baina ez die kultu zentro guztiei berdin eragin, batez ere meskiten inguruan aritu baitira. Urte hartan, gisa horretako bi zentro irekitzeko baimen eskaerak jaso zituen udalak: etxebizitza eraikinetako beheko solairuetan jarri nahi zituzten meskitak. Proiektuek, baina, protestak eragin zituzten bizilagunen artean, zentroak zaratatsuak zirela argudiatuta. Kexa haien harira erabaki du udalak araudia aldatzea, eskakizunak ere gehitzen ari direla azalduta.
Halere, udalak ez du zehaztu zarataren ondorioz zenbat salaketa jaso dituen, ezta zenbat baimen eskaera dauzkan ere. Hori dela eta, HAPN «justifikaziorik gabe» aldatzea egotzi dio Bizkaiko SOS Arrazakeriak: «Zer lotura dago eskaerak gehitzearen eta etxebizitza eraikinetan otoizlekurik ezin jartzearen artean? Zergatik ez da aplikatzen zarataren esparruko ordenantza?». Elkarteak erantsi du udala araua erabiltzen ari dela «gutxiengoak baztertzeko» asmoz. «Legezkotasun itxura eman dio, baina ondorio zehatzak eta baztertzaileak izango ditu. Neurriaren helburua ez da jarduera batzuk arautzea, baizik eta kolektibo batzuei beren eskubideak erabil ditzaten oztopatzea».
Izan ere, ukatuz arautu du udalak. HAPNko 6.3.20 artikuluan, honako erabilera hauek onartu ditu etxebizitza eraikinetako beheko solairuetako lokaletarako: kirolak, irakaskuntza, osasuna, komunitatearen egoitza, asistentzia, ostalaritza, jolasak, aisialdia eta ikuskizunak, soziokultura eta elkartegintza, hiri eta administrazio zerbitzuak, bulegoak, txikizkako merkataritza, saltoki guneak eta etxebizitzarekin uztar daitezkeen industria eta biltegi erabilerak, hau da, eraikinotan ia denetarik egitea baimendu du, gurtzarako zentroak izan ezik.
Eztabaida meskiten inguruan bildu den arren, gurtzarako zentro guztiei eragingo die arau berriak. SOS Arrazakeriak zehaztu du aldaketak kalte berezia egingo diela «elkartegintza, ekintza kulturalak eta jardun erlijiosoa banatu nahi ez dituzten komunitate eta talde txikiei». Praktikan, etxebizitza eraikinetako beheko solairuetako lokaletan jarri izan dituzte otoizlekuak, baina aurrerantzean bestelako erabilera ezarrita duten eraikinetara jo beharko dute. Baldintza berriekin, Bilboko erdigunean ez legoke ia tokirik, merkataritza zentro handietan edo oso alokairu garestia duten eraikinetan kokatu beharko liratekeelako otoizlekuak. Beraz, kultu zentroak «periferiara eta kanpoaldeko industria guneetara» eraman beharko dituztela salatu dute neurriaren aurka daudenek.
Azken hilabeteetan, guztira zazpi elkartek aurkeztu dituzte arau aldaketaren aurkako alegazioak. Orain, HAPN berriaren kontra auzitara jo ala ez aztertzen ari dira hainbat talde.
Soilik EAJren babesa
Iñaki Azkunaren itzulerarekin bat egin zuen atzo HAPNren aldaketak: alkatearen gaixoaldiaren ondorioz, maiatzetik ari zen udala eztabaida atzeratzen, haren botoa behar zuelako neurria onartzeko. Izan ere, EAJren hamabost ordezkariek baino ez dute aldaketa babestu; PPren seiak abstenitu egin dira —gurtzarako zentroak arautzeko berariazko ordenantza bat nahi dutelako—; Bilduren laurek zein PSEren laurek, berriz, aurka bozkatu dute.
Udalak «hirigintza araudiaren aldaketa» soila ikusten duen lekuan, «erlijio askatasunaren urraketa» ikusi dute Bilduk eta PSEk. «Katolikoak ez diren herritarrak ere bilbotarrak dira, eta haien eskubideak zapaltzen ari da udala», esan dute. Ana Etxarte Bilduko zinegotziak gaineratu du «arrazakeria eta tolerantziarik eza sustatzen dutenen jarreren presioa» gailendu dela auzian; era berean, salatu du, ekipamenduen erabilera mota aztertuta, «ia ezinezkoa» izango dela otoizlekurik martxan jartzea.
Alfonso Gil bozeramaile sozialistak, aldiz, kontraesan bat azaleratu du. Atzo onetsitako neurria ez dator bat hiriburuak eman nahi duen irudiarekin, bere hitzetan: «Ateak zabalik dituen hiria da Bilbo: jende asko behar dugu hazteko; soilik lapurrak eta egokitu gabeko gizarte laguntzak kobratzen dituztenak baino ez daude soberan. Udalak berriki Qatarera jo du negozio aukeren bila; zer gertatuko da handik etorritakoek meskita bat jarri nahi badute? Hori da hausnartzeko eskatzen dudan kontraesana».
Ibon Areso alkateordeak erantzun du ez dagoela diskriminaziorik, araua «sinesmen guztiek» bete beharko dutelako. Ildo horretan, Etxartek gogora ekarri du Miribilla auzoan eliza katoliko bat eraikitzeko lursail publiko bat eman zuela udalak, «ikastetxe nahikorik eta osasun zentrorik egon ez arren».
ESANA. SOS ARRAZAKERIA
«Helburua ez da jarduera batzuk arautzea, baizik eta kolektibo batzuen eskubideak oztopatzea»
160.000
Bilboko musulmanak.
160.000 musulman inguru bizi dira Bizkaian, eta gehienak, Bilbon. Islamiarren bost meskita daude: Badr, Al-Forkan, As-Salam, Soublu Salam eta Kontzezio kalean 2012an ireki zutena. Beste baten eskaria bertan behera utzi zuen udalak.
118
Bilboko otoizlekuak.
Udalak iaz egindako azterketaren arabera, 118 otoizleku daude Bilbon. 69 Eliza katolikoarenak dira, eta beste 26 kristau ebanjelikoen zentroak dira. Beste sei erlijiotakoek ere badute egoitza, musulmanak, budistak eta Jehovahren Lekukoak tartean.
(Puede haber caducado)