Aniztasunari buruz eztabaidan
Europako 40 kazetari inguruk hedabideetan aniztasuna nola bultza daitekeen eztabaidatzen ari dira Donostian, Mediane jardunaldien harira. Bihar arte iraungo du Europako Kontseilua giza eskubideen aldeko erakundeak antolatutako jardunak.
Berria, , 13-09-2013Zuria, gizona, eta klase ertain-altukoa. Horra Europako hedabideetako albiste gehientsuenetako pertsonaien profila. Emakumeek eta gutxiengoek aukera gutxiago dute hedabideetan aditu, behatzaile edo herritar soil gisa euren iritzia plazaratzeko. Europako Kontseilua giza eskubideen aldeko erakundeak urteak daramatza hedabideetan aniztasuna sustatzeko jarduerak antolatzen. Azkena Donostian antolatu du; Europatik etorritako 40 bat profesionalek komunikabideetan aniztasuna nola jorratu eztabaidatzen ari dira egunotan Aieteko jauregian.
Mediane Europako hedabideak aniztasunaren inklusioari begira jardunaldiek helburu horixe dute: gutxiengoen, eta gutxiengoak ez izanik ere baztertuta daudenei —emakumeak, kasurako— hedabideetarako presentzia eta adierazpenerako sarbidea bermatzea. Larunbata bitartean, kazetariek euren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte.
Reynald Blion topaketen antolatzaileak argi eta garbi utzi nahi izan du, hasieratik, Europako Kontseiluak ez duela zer ikusirik Europako Batasunarekin: «Erakunde independentea da. Giza eskubideak, demokrazia eta estatu zuzenbidea sustatzea da kontseiluaren helburua».
Hedabideen industriako aktore guztiekin harremanetan jarri dira, aniztasuna sustatzeko bideak zabaltze aldera. Demokraziaren osasunarentzako ezinbestekotzat jo du Blionek hedabideen edukiek, era global batean, aniztasuna bermatzea. «Horrela, mundu guztiak prozesu demokratikoan eta eztabaida publikoan parte har dezake».
Aniztasuna, era globalean
Erresuma Batuan beste herrialdeetan baino lehenago hasi dira aniztasuna eta integrazioa bultzatzeko politikak sustatzen. «Zoritxarrez, ahaleginak egin diren arren, gauzak ez dira sobera aldatu». Blionek argi du zertan egin izan den hutsa. «Gutxiengoek, hedabideetan azaltzen direnean, rol jakin batzuk bakarrik betetzen dituzte». Belgikan eta Frantzian eginiko ikerketa jarri du adibidetzat. «Ahalmen urriko pertsonak agertzen diren gutxietan, soilik elbarritasunari buruz hitz egiten dute. Ez duzue sekula ikusiko, edo oso gutxitan, elbarri bat beste gai bati buruz iritzia ematen».
Hedabideek, oro har, aurrerapausoak eman dituzte aniztasunaren alorrean. Halere, Blion ez dago ados askok hartutako bidearekin. «Gai jakin bat izango balitz bezala hartzen dute. Gutxiengo baten egoerari buruz hitz egiten dute, tarte jakin batean». Baztertuak direnak azaleratzen dituzten aldetik, ona dela deritzo, baina ez nahikoa. «Gutxiengoak toki jakin batean egoten dira, eta ez dute parte hartzen eztabaida demokratikoaren osotasunean». Beste urrats bat gehiago eman beharko litzatekeela dio. «Politikan, ekonomian eta beste gaietan garatu behar da aniztasuna».
Jardunaldien funtsa parte hartzaileek egindako tailerrak dira, han partekatzen baitituzte haien gaiari buruzko esperientziak eta ikuspuntuak. Diane Kemp Mediane topaketetako aholkulari eta Birmingham City Universityko irakaslea aritu da moderatzaile lanetan. Haren ustetan, aniztasunak honako hau esan nahi du: «Gutxiengo talde batek gutxiengoen aferei buruz hitz egiten ez dutenean betetzen da, haien bizitzaz hitz egiten ari direnean».
Nelson Bovak ez du uste aniztasuna beti era globalean jorra daitekeela. Rai Italiako telebista publikoan lan egiten du, eta haren gutxiengoei buruzko saioa kentzea erabaki zuten, aniztasuna osoki lantzeko. «Hitsegite bat izan zen kentzea. Ia ezinezkoa da aniztasuna oso-osorik barneratzea».
Jardunaldi parte-hartzaileak
Oana Cristina Errumaniako TVR telebista publikoko kazetaria, berriz, haren hedabideko jokamoldeari buruz mintzatu da. «Albiste txarrak direnean, normalean aniztasunari buruzkoak dira, gutxiengo bati buruzkoak».
Francesco Conte Frontiere News hedabideko kazetariak uste du aniztasun gaiek ez dutela interesik pizten. «Dena bihurtzen da politikoki zuzena, dena dira albiste onak, eta jendeari ez zaizkio interesatzen». Albiste txarrek bai, ordea, jendearen arreta bereganatzen dute. Protagonistaren jatorria benetan adierazgarria denean soilik apatu behar delakoan dago Conte. «Behin ijito bati egin nion elkarrizketa, eta behin eta berriz hitzemanarazi zidan irudi horiek ez genituela erabiliko ijitoei buruzko beste albisteetan, ongi baitzekien delinkuentziari lotuta egongo zirela».
Marina Lalovic immigrazioa eta kultur aniztasuna lantzen ditu Babel TVn. «Askotan geure buruari galdetzen diogu ea ondo egiten ari garen». Luzera begira, beldur dira haien gisako komunikabideak ez ote diren «hedabide ghettoak» sortzen ari.
(Puede haber caducado)