Romi Etxea uholdeak izaten diren lekuan egiten ari direla ohartarazi dute

Hernanin Urumearen ertzean eraikitzen ari diren etxearen obrak gelditzeko eskatu du Uraren Euskal Agentziak

Berria, , 13-09-2013

Erredakzioa Donostia

Urumea ibaiaren eskuin ertzean, Hernanin (Gipuzkoa), Romi Etxea proiektuko ikastaroa hasi dute aste honetan, eta bertan bizi diren errumaniarrekin egurrezko etxe bat eraikitzeari ekin diote. URA Uraren Euskal Agentziak, ordea, eraikinaren obrak gelditzeko eskatu du, lekuak «uholdeak izateko arrisku handia» duelako eta «lehentasunezko isurialdea» hartzen duelako.

Urako Ikuskaritza zerbitzuak txosten bat egin du eraikitzen ari diren etxearen inguruan. «Urumearen eskuin alboan ibaitik hogei metro ingurura, eta Oianume errekatik bost metrotara dago eraikina», ohartarazi du agentziak prentsa ohar batean. Eraikina dagoen eremuan hamar urtetik behin uholdeak izaten direla nabarmendu du agentziak, eta bertan ezin dela eraikinik baimendu, 400/2013 dekretuaren bidez onartutako Kantauriar Ekialdeko Eremu Plan Hidrologikoak jasotakoarekin bat. «Ibai eta erreken ertzak antolatzeko lurraldearen arloko planaren arabera, eraikin berriak gutxienez Urumeatrik 50 metrotara egin daitezke, eta Oianume errekatik hamabost metrora».

Hori kontuan izanda, obra geldiarazteko eskatu du agentziak: «Pertsonen segurtasuna ezinbestekoa da». Agentziak adierazi du ezin duela onartu eraikin bat finkatzea uholdeak egon daitezkeen eremu batean. «Uraren politikaren eginkizun garrantzitsuenen artean, pertsonen segurtasuna dago. Hori kontuan hartuta, zehazpen-espedientea jarriko zaio eraikina egiten ari diren lur eremuaren jabeari».

EAJ, Garitanori azalpen eske

Gipuzkoako EAJ «arduratuta» azaldu da, errumaniar komunitatearen egonlekua uholdeak izateko arrisku gunetzat jo duelako Urak. Hori dela eta, EAJk Martin Garitano ahaldun nagusiari azalpenak emateko eskatu dio, «bizilagunen segurtasuna bermatzeko aldundiak hartuko dituen neurriei buruzko azalpenak ema- teko». EAJren ustez, Astigarragako Udalak lekua aztertu gabe eta Uraren gomendioak kontuan hartu gabe egin du proiektua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)