Nafarroako etorkinei osasun arreta kentzeko, helegitea jartzeko prest dago Madril

Espainiaz besteko immigranteak 2011n baino %5 gutxiago dira, haietako gehienek lortu dutelako herritartasuna

Berria, Erredakzioa Iruñea, 13-09-2013

Etorkinei osasun arreta bermatzeko Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiei helegitea jarriko die Espainiako Gobernuak, Auzitegi Konstituzionalean. Izan ere, bi aldeek osatu zuten batzordeak ez du akordiorik lortu. Marta Vera Nafarroako Osasun kontseilariak eman zuen, atzo, bitariko batzorde horren bileren berri. Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen Verak, PSNk eskatuta, bilera horien berri emateko. Akordiorik ez dutela lortu, eta Madrilgo gobernua helegitea jartzeko prest dagoela azaldu zuen.

Espainiako Gobernuak iaz eman zuen paperik gabe dauden etorkinei osasun txartelak kentzeko agindua, eta beharrean zirenei kobratzekoa. Nafarroako Gobernuak erabaki zuen etorkin horiei arreta ematen jarraitzea. Zerbitzua kobratu arren, gero diru laguntza sistema baten bidez atzera itzultzeko modua prestatu zuen Iruñeko gobernuak.

PPren gobernuak helegitea jar ziezaiokeelakoan, bitariko batzorde bat osatzea erabaki zuen, baina batzorde horretan ez dute inolako akordiorik itxi. Eskumen horiek bereak direla uste dute bi aldeek. Hortaz, Madrilek, seguru asko, Konstituzionalean helegitea jarriko duela onartu zuen Verak atzo.

4.000 etorkin gutxiago

Nafarroako Gobernuak berak jakinarazi zuen, atzo baita ere, etorkinen kopurua urritzen ari dela herrialdean. Urte honen hasieran 67.714 atzerritar zituen zenbatuta administrazio publikoak —kopuru horretan ez dituzte aintzat hartzen Espainiatik iritsitako herritarrak—. Duela bi urte, berriz, 71.600 ziren (4.000 gehiago). %5 jaitsi da, hortaz, etorkinen kopurua. Baina ez atzerrira itzultzen ari direlako, baizik eta haietako askok Espainiako herritartasun agiria eskuratu dutelako baizik, gobernuaren esanetan. Bizikidetza Sustatzeko 2014-2017 aldirako Plana ere aurkeztu zuten. Azterlan bat egingo dute, eta plana 2014an onartzekoa dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)