Aniztasunerako tresna

Europako Kontseiluak hedabideen edukietan aniztasuna sustatzeko jardunaldiak antolatuko ditu Donostian. Ostegunetik aitzina, hainbat tokitako kazetariek beren esperientziak partekatuko dituzte.

Berria, , 10-09-2013

Adrian Garcia

Europan gutxiengoek eta baztertuenek aukera gutxi izan ohi dituzte komunikabideetan agertzeko. Eta agertzen direnean, askotan, estereotipoz beteriko rol zehatz batzuk betetzera mugatu ohi dituzte. Hedabideen edukietan aniztasuna bultzatzeko xedez, komunikabideetako langileentzako jardunaldiak antolatu ditu Donostian Europako Kontseilua giza eskubideen aldeko erakundeak. Ostegunetik larunbatera bitartean, Europako hainbat hedabidetako profesionalek aniztasuna eta gutxiengoen trataerari buruzko tailerretan parte hartuko dute Aieteko jauregian.

Komunikabideek eztabaida demokratiko osasuntsua eratzeko berebiziko garrantzia dutela jakitun da Europako Kontseilua. Komunikabideetan hainbat gutxiengok sufritzen duten bazterketa dela eta, zaila egin ohi zaie eztabaida demokratiko horretan euren ahotsa entzunaraztea.

Emakumeen kasua da aipagarriena. Europako biztanleen erdia emakumeak dira. Haatik, eta Europako Kontseiluaren arabera, albisteen laurdenek dute bakarrik emakumea protagonista. Etorkinek ere zaila dute euren presentzia azaleratzea. 2011ko Eurostaten arabera, Europako Batasunean %10 dira etorkinak. Halere, %5era ez dira iristen haiei buruzko albisteak. Istiluekin eta delinkuentziarekin lotutako albisteak dira askotan haiei buruzkoak.

Hedabidetako langileen artean lan ohiturak sustatu eta kontzientzia harraraztea dute xede jardunaldiek. Hiru egunez hitzaldi eta tailerretan parte hartzaileek beren esperientziak partekatuko dituzte. Esperientzia eta lan trukaketen ostean, aniztasuna eta integrazioa kontuan hartuko duen gidaliburu bat idatziko dute. Aniztasuna errespetatu eta bereizketarik gabeko trataera emanez lan egiteko tresna izan nahi du gidaliburuak.

Ostiralerako, Diversity & The city of San Sebastian (Aniztasuna & Donostiako hiria) mahai ingurua antolatu dute. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak eta Reynald Blion Europako Kontseiluko kideak eta jardunaldien antolatzaileak parte hartuko dute solasaldian.

Parte hartze anitza

Era guztietako hedabideetako profesionalak bilduko dira jardunaldietara. Europako telebista kate publiko batzuen ordezkariak izango dira, Italiako Rai eta Errumaniako TVR, kasurako. Bestetik, SNRL Frantziako irrati libreen erakundeko Patrice Berger eta NUJ kazetarien sindikatuko Melanie Challe ere joango dira Aieteko Bakearen Etxera. Guztira, 40 kazetari inguru batuko dira.

Arnaud Davire Sporthandicaps.com hedabideko langileak bere esperientziaren berri emango du. Kirol egokituei eta ahalmen urriko kirolariei buruzko albisteak jasotzen dituzte hedabidean, frantsesez. Ohiko egunkarietan zaila izaten da gisa horretako albisteak irakurtzea. Alor horretan, Erresuma Batua jarri du adibidetzat Europako Kontseiluak; herrialdeko biztanleetatik %20k mugikortasun arazoak dituzte, baina hedabideetan ez dira proportzio berean agertzen pertsona horiei buruzko albisteak.

Euskal Herriko profesional gehiago ere izango dira jardunaldietan: Antxeta Irratiko Aiert Iriarte eta Alba Sistiaga, besteak beste.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)