Hizkuntza eskoletan etorkinak baztertzen dituztela salatu dute

Paperik gabekoak onartze prozesutik eta matrikulaziotik kanpo uzten dituztela esan du SOS Arrazakeriak-ek

Berria, , 06-09-2013

ERREDAKZIOA
SOS Arrazakeriak elkarteak salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egoera irregularrean dauden pertsonak onartze prozesutik eta matrikulaziotik kanpo uzten dituela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntza eskoletan. «Euskara eta gaztelania ere ikastea galerazten diete». Neurri hori, baztertzailea izateaz gain, Euskal Eskola Publikoaren Legearen aurkakoa ere badela zehaztu du elkarteak: «Ez hori bakarrik, baita Atzerritartasun Legearen aurkakoa ere».

Euskararen ezagutza, baita gaztelaniarena ere, eskubide bat izateaz gain, «bizikidetzarako funtsezko bide bat» dela gogorarazi du SOS Arrazakeriak-ek. «Eta Eusko Jaurlaritzak integrazioaren alde apustua egin nahi badu, eskubidea bultzatu beharko luke murriztu beharrean».