Papergabeei osasun arreta emateko errolda epea kentzeko eskatu dute
Etorkinen eskubideen aldeko elkarteek osasun unibertsala eskatu dute, osasun txartela kendu zietenetik urtebetera Osasun txartelik ez edukitzeagatik botikak erostean eragindako kostuaz ohartarazi dute
Berria, , 30-08-2013Osasun arreta unibertsalaz hitz egin bai, baina osasun arreta unibertsala ez dela eskaintzen berretsi dute SOS Arrazakeria eta Munduko Medikuak erakundeek. Etzi urtea beteko da Espainiako Gobernuak egoera irregularrean dauden etorkin guztiei osasun txartela kentzeko agindu zuela errege dekretu bidez. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurriari aurre egiteko bideak hartu zituzten. Urte baten buruan, ordea, hobetu behar diren egoerak daudela berretsi dute, eta SOS Arrazakeriak gaitzetsi egin du Jaurlaritzak nahitaezko ezartzea gutxienez urte bat erroldatuta egotea.
Espainiako Gobernuak 2012ko irailaren 1ean indarrean jarri zuen errege dekretuak lehen arretarako sarbidea ukatu zien egoera irregularrean zeuden etorkinei. Adingabeak eta haurdunaldiarekin lotutako jarraipenak baino ez zeuden salbuetsita. Gainontzekoek larrialdietara jotzea zuten irtenbide bakarra, eta bertan eskainitako zerbitzuengatik faktura jasotzean baliabide ekonomikorik ez zutela adieraztea. Faktura bere izenean mantenduko zela iragarri zuen, ordea, Ana Mato Espainiako Osasun Ministerioak.
Espainiatik agindutako neurria «desobedituko» zuela esan zuen Rafael Bengoa Osasun sailburu ohiak, eta Jaurlaritzak osasun arretaren «unibertsaltasuna» bermatuko zuela gaineratu. Hori bermatzeko, dekretu bat onartu zuten, baina unibertsaltasunari mugak ezarri zizkioten. Alde batetik, Espainiako agindua indarrean jarri aurretik, osasun txartela zuten pertsonei txartela mantenduko zietela iragarri zuen. Eskaera berriak egiten zituztenek, ordea, urtebete erroldatuta zeudela egiaztatu behar zuten osasun zerbitzuak jasotzeko. Horretaz gain, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta baino diru sarrera txikiagoak zituztela egiaztatu behar zuten.
Bengoak argudiatu zuen papergabeak ez erakartzeko hartu zutela erroldaren neurria. «Etorkinak lana dagoen lekura joaten dira, ez osasun arreta eskaintzen dietenera; politikariek beren erabakiak zuritzeko esaten dituzten gauzak dira», esan du Teresa Maurak, Munduko Medikuen presidenteak.
Gutxienez urtebete erroldatuta egon behar horrek kritikak sortu zituen, baina Bengoak garrantzia kendu, eta gutxieneko denbora horren interpretazio «malgua» egingo zutela zehaztu zuen, Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak gogorarazi duenez. Eta horrela egin zutela egiaztatu du Uzurrunzagak; dena den, hauteskundeen ostean, Jaurlaritza berriak paperean idatzitakoa mugatu zuela gaineratu du. Esaterako, gutxienez urte bat erroldatuta egon beharra ezarri zuen, malgutasunik gabe. Irizpide hori «zorrotz» betearazten ari direla baieztatu du Maurak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriak egokitzapen batzuk egin ditu ordutik, zenbait egoera galarazteko. Besteak beste, gutxieneko errolda epea ez betetzeagatik osasun txartela lortzerik ez dutenei ez diete faktura emango larrialdi zerbitzuetan. Dena den, egoera horrek are mailaketa handiagoa sortzen duela azaldu du Unzurrunzagak: agindua indarrean jarri zutenean osasun txartela zutenak, txartel berria jasotzeko baldintzak betetzen dituztenak, gutxienez urtebetez erroldatuta egon ez direnak eta gutxieneko diru sarreren azpitik daudenak daude gero, eta, azkenik, uretebetez erroldatuta egon ez eta gutxieneko diru sarreren gainetik daudenak. Mailaketa hori kentzeko eskatu du Unzurrunzagak, eta, horretarako, gutxieneko errolda epea kentzeko eskatu dio Jon Darpon Osasun sailburuari.
Nafarroan, muga gutxiago
Unzurrunzagak Nafarroako egoera ere nabarmendu du, non bertako gobernuak ez duen gutxieneko erroldatze eperik eskatzen. Nafarroako biztanleei doako osasun zerbitzuak eskaintzeko legea otsailaren 13an onartu zuen parlamentuak PSN, Bildu, NaBai eta Ezkerraren babesarekin —UPN eta PPNk kontra bozkatu zuten—. Osasun zerbitzuak eskatzen dituenak aski du orain Nafarroan bizi dela egiaztatzearekin.
Nafarroak osasun alorrean erabakiak hartzeko eskumenen barruan erabaki hori ere badagoela zehaztu zuten legea onartu zuten alderdiek, eta Espainiako 2012ko errege dekretuak eragin zuen «segurtasun juridikorik eza» zuzenduko zuela. Legea indarrean dago gaur egun, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak helegitea aurkeztuko diola espero dute.
Gogoratzekoa da Konstituzionalak baliogabetu zuela Nafarroako Gobernuak osasun zerbitzuak bermatzeko onartu zuen dekretua. Haren bitartez, osasun txartela izaterik ez zuten pertsonei diru laguntza aitortzen zieten, osasun zerbitzu publikoetan arreta jasotzeko asegurua ordain zezaten. 64 urtera artekoei urtean 764,46 euroren laguntza aitortu zieten, eta 65etik aurrerakoei, 2.675,62 eurorena, osasun zerbitzua ordain zezaten. Neurria auzitan dago gaur egun.
Neurriak neurri, Munduko Medikuak eta SOS Arrazakeria erakundeek nabarmendu dute zerbitzu horiek mugatuta daudela. Espainiako Osasun Sistematik at daude Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten txartelak, eta herrialde horietan baino ez du balio. Nafarroako Gobernuarenak Nafarroan, eta Jaurlaritzarenak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Botikak, egoera «estutzen»
Teresa Maurak gogorarazi du Espainiako errege dekretuak ere botiken berrordainketa arautu zuela. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren erabakiak erabaki, botikei buruzko araudiak etorkin askoren egoera «estutu» duela azaldu du. Arreta jasotzeaz gain, botikak erosteko orduan prezio osoa ordaindu behar dutela nabarmendu du eta horrek luzera begira arazoak ekar ditzakeela: tratamenduarekin ez jarraitzea, botika batzuk prezioagatik lehenestea…
Halaber, Maurak nabarmendu du jatorrizko makurrari heldu behar zaiola. Etorkin papergabeei osasun txartela kentzeko neurria osasun sistemaren iraunkortasuna bermatzeko neurrien barruan sartu zuten, eta Maurak nabarmendu du iraunkortasunaren arazoa ez dutela pertsona horiek sortu. «Krisia pertsona horien arretarekin lotzea iruzurra da».
(Puede haber caducado)